Euskara

Euskarazko 5,5 irakasle postu gehiago izanen dira Iparraldean

 Heldu den ikasturterako eskola karta berria aurkeztu du Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak.

Donibane Garaziko eskola publikoan protesta egin zuten irakasle postu bat kentzeko asmoa salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 1a
17:07
Entzun

Euskarazko irakaskuntzarako 5,5 irakasle postu gehiago izanen dira heldu den ikasturterako Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan. Hala jakinarazi du François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak. Eragile eta hautetsiekin izan du bilkura, atzo, azken detaileak fintzeko, eta heldu den ikasturterako eskola karta aurkeztu du. Otsaila hasieran finkatzekoa zuten, baina, «baliabide falta» salatuta, orduan egitekoa zuten bilkura boikotatu zuten hautetsiek eta eragileek.

Postuen gorabeherei dagokienez, hizkuntz orekatzeari dagozkio horietako batzuk. Hala, Baionako Malegarie eskolan frantseseko postu erdi bat itxi, eta euskarako erdi bat irekiko dute. Donibane Garaziko eta Urruñako Olheta auzoko eskoletan, berriz, frantseseko lanpostu bana kendu eta euskarako bana irekiko dute.

Gainerakoan, ikasle kopuruari eta ikasleen eskaerei lotuak dira aldaketak. Lapurdiko hamar eskola publikotan euskaraz postu erdia irekiko dute, eta beste lautan postu erdiak kenduko dituzte.

Euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian izaten ari den bilakaeraren erakusgarri dira aldaketa horiek, urtez urte euskaraz ikasi nahi duten ikasleen kopurua emendatzen ari baita pixkanaka. Hala ere, gaur egun oraindik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleen hiru laurdenek ez dute harremanik euskararekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.