Maccabik gerraren aurka egindako keinuak haserrea eragin du

Baskoniak Tel Aviven jokatu zuen atzo, eta neurketaren aurretik «Gelditu gerra» zioten txartelak erakutsi zituzten bi taldeetako jokalariek. Sare sozialetako erabiltzaileek «hipokrisia» egotzi diote Israelgo taldeari.

Maccabiko eta Baskoniako jokalariak, atzo, "Gerra gelditu" dioten txartelekin. MACCABI TEL AVIV
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 2a
10:45
Entzun

«Gelditu gerra» (Stop the war, ingelesez): hori zioten bart Maccabi Tel Aviveko eta Baskoniako jokalariek Israelen jokatu zuten neurketaren aurretik erakutsi zituzten txartelek. «Zer gerra, ordea? Palestinakoa?», galdetu zuen batek baino gehiagok sare sozialetan. Izan ere, ez dute uste Tel Avivekoa aldarri hori egiteko talderik egokiena denik. Baina ez, noski: Ukrainakoari buruz ari ziren saskibaloi jokalariak.

Askok ironikoki babestu dute Maccabiren aldarria. Mitxel Elortza erabiltzaileak, adibidez, «Stop the war!»idatzi du txioa aipatuta, baina atzetik #FreePalestine traola gehitu dio. Ildo beretik jo du Urtzi Odriozola informatikariak: «Hau hipokrisia da #StopWarAgainstPalestina», idatzi du.

Keinua egiteko Maccabik aukeratu duen unea ere, ziurrenik, ez da egokiena izan. Israelen okupazioa ez da kontu berria Palestinan, baina azken egunetan ere izan da mugimendua: Israelgo armadak gutxienez hiru palestinar hil zituen herenegun, eta 32 zauritu. Zeresana eman zuten, bereziki, Jerusalemen izan ziren istiluek, Damaskoko atean. Zabaldu ziren irudietan, Israelgo soldaduek eraso egindako haurrak ikusten dira. Yeningo errefuxiatuen kanpamentuan, berriz, zenbait lagun hil zituzten, Zisjordanian.

Gertakari horiek izan ditu hizpide Igor Goikolea erabiltzaileak, Maccabiren txioa aipatuta: «Tel Aviven, Israelek hiru gazte palestinar hil zituen lekutik 87 kilometrora. Horrela, azken egunetako guztiaren laburpen modura», idatzi du.

Kirol emaitzari dagokionez, etxeko taldeak 94-93 irabazi zion Baskoniari Euroligako 19. jardunaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.