Energia

Gasa eta petrolioa neurriz kanpo garestitzen ari dira

Gasaren prezioak %60 egin du gora goizean, Errusiak EBri iturria itxiko dion beldur. Brent petrolio upela 110 dolarrera heldu da, Mendebaldeko konpainiak Errusian petrolioa erosteari uzten ari dira eta.

Gazpromen egoitza nagusia, Errusian. MAKSIM XIPENKOV
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 2a
12:27
Entzun

Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak hartzerakoan, tentuz jokatu dute Europako Batasunak eta AEBek. Energiaren alorra zigorretatik kanpo utzi dute, Europak Errusiaren gasaren eta petrolioaren menpekotasun handia duelako: gasaren heren batetik gora eta petrolioaren laurdena lortzen du Errusiatik. Hala ere, zigorrak hasiak dira eragina izaten Errusiaren petrolio esportazioan.

Mendebaldeko petrolio konpainia handiek iragarri dute Errusiako konpainietan eta proiektuetan dituzten parte hartzeak salduko dituztela, baina, lehen urrats gisa, hango petrolioa erosteari utzi diote. «Errusiako petrolioaren %70ek ez du nork erosi. Europako konpainia handiak ez dira ukitzen ari Errusiako petrolioa, eta soilik Europako findegi eta artekari gutxi batzuk daude oraindik merkatuan», azaldu du Energy Aspects enpresako analista batek. Erabaki politiko bat ez ezik —Errusiako petrolioari boikota egitea—, arrazoi ekonomiko bat ere badago erabaki horren atzean: garraioaren kostuak izugarri handitu dira, eta itsasontziak eta haien kargamenduari aseguruak egiteko arazoak hedatzen ari dira.

Errusia munduko ekoizle handienetan hirugarrena da, AEBen eta Saudi Arabiaren atzetik. Egunean gutxi gorabehera 7,5 milioi upel esportatzen ditu, eta horren %53 doa Europara, eta beste %39 Asiara. Artikoko hobietako olioak Europa iparraldeko findegietan bukatu ohi du, eta Mediterraneokoetan, berriz, Itsaso Beltzekoak eta Errusia hegoaldekoak. Bilbora ere iristen da Errusiako petrolioa, Petronorren findegirako.

Tentsioaren ondorioz, Brent upelak beste %6 egin du gora gaur goizean, eta 110 dolarrean salerosten ari da.

Are gehiago ari da garestitzen gasa: %60 egin du gora haren prezioak Herbehereetako erreferentziazko merkatuan: megawatt-ordua 194 dolarrean salerosi da goizean, baina gero igoera zerbait apaldu da gero.

Oraingoz, Errusiak ez du eten EBrako gasaren jarioa, eta analista askok uste dute ez duela horretarako asmorik, haren diruaren behar gorria duelako bere burua —eta gerra— finantzatzeko. Baina EB hasia da urratsak egiten Errusiarekiko gas menpekotasuna gutxitzeko. Beste herrialde ekoizleen atean joka ari da azken asteetan —AEBak, Qatar, Aljeria, Nigeria, Trinidad eta Tobago...—, haietatik gas natural likidotu gehiago ekartzeko. Garestiagoa da gas hori, eta, gainera, batez ere Asiako herrialdeekin ari da lehian energia iturri hori bermatzeko, eta horrek prezioak igotzea ekarriko du.

Udaberria gerturatu ahala, jaitsi egiten da gas kontsumoa Europan, berogailuak gutxiago behar izaten direlako. Hilabete beroak gas biltegiak betetzeko erabili ohi dira, eta, horregatik, kezka handiena ez da epe laburrekoa, epe erdikoa baizik: Europa gai izango da hurrengo negurako biltegiak betetzeko?

LPEE+ taldearen bilera

Errusia izango da protagonistetako bat petrolioa ekoizten duten herrialdeek izango duten bileran. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren hamar bazkide independenteek —haien artean nagusia da Errusia— bilera telematikoa izango dute erabakitzeko apirilean petrolio ekoizpena egunean beste 400.000 upel handitzen ote duten. Ekoizpena erritmo horretan handitzen ari dira abuztuaz geroztik, pandemian galdutakoa urratsez urrats berreskuratzeko, baina, aldi berean, prezio garestiak eskuratzeko.

Ez da espero estrategia aldatuko dutenik, nahiz eta bileran parte hartuko duten AEBen aliatu nagusietako batek, Saudi Arabiak. Erresuma horri presio egiten aritu zaio Joe Biden AEBetako presidentea, ekoizpena handitu eta petrolioa inflazioan eragiten ari den igoera apaltzeko.

Bide horretan, beste neurri bat izan da AEBek eta harekin batera IEA Nazioarteko Energia Agentzian bildutako herrialde industrializatuek erabaki dutela beren erreserbetatik 60 milioi upel ateratzea. Egunean munduak ia ehun milioi upel kontsumitzen dituela ikusita, neurri horren eragina zalantzazkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.