Energia

Argindarraren BEZak %10ean jarraituko du gutxienez ekainaren 30era arte

Urteko preziorik garestiena izango du bihar argindarrak merkatu arautuan daudenentzat: 341 euro megawatt-ordua.

Argindarraren prezioak goia joko du bihar. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 2a
14:14
Entzun

Luzatzen ari da energia garestiaren aroa, eta Ukrainako gerrak are gehiago luzatzeko arriskua handitu du. Horren ondorioz, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du herritarren argindar faktura txikitzeko neurriek gutxienez ekainaren 30era arte iraungo dutela.

Horien artean neurririk esanguratsuena da BEZak %10ean jarraituko duela —%21ekoa du tasa ofiziala—. Argindarraren gaineko zerga bereziak ere %0,5ean jarraituko du. Bonu soziala dutenek beherapen handiagoak izango dituzte hurrengo hilabeteotan ere —%25etik %60ra handitu dute bonu hori duten gehienek—.

Gainera, Espainiako Gobernuak beste hiru hilabetez luzatu du CO2-rik isurtzen ez duten zentral elektrikoen mozkina gutxitzen duen neurria. Energia berriztagarriak sustatze aldera, autokontsumoa laguntzeko beste 500 milioi euro jarriko ditu, energia berriztagarrien beste enkante bat egingo du urtearen lehen erdian, eta 1.000 milioi gehiago jarriko ditu energia berriztagarrien ESEPEan.

Neurri horiek gorabehera, argindarrak urteko preziorik garestiena izango du bihar merkatu arautuan dauden herritarrentzat —hamarretik lau, gutxi gorabehera—. Batez beste, 341 euro ordainduko dute megawatt-ordua, baina ordu batzuetan 400 euro izango da prezioa. Iazko abenduaren 23an jo zuen goia argindarrak: 383 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.