Traktoreek eta laborariek hartu dute Iruñea

Nafarroako EHNEk, UAGNk eta elikagai arloko kooperatibek deitutako manifestazioan milaka pertsona elkartu dira. Lehen sektorearekiko «errespetua» eskatu dute, eta bete dadila Elikagai Katearen Legea

Laborariak Merindadeen plazan, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko martxoaren 3a
14:30
Entzun

Aldarrikapen sorta batekin heldu dira Nafarroako hiriburura, baina ororen gainetik «errespetua» eskatu dute. Eguerdian, Fermin Gorriti Nafarroako EHNEko koordinatzaile nagusiak, Felix Bariain UAGNko idazkari nagusiak eta Jose Maria Martinez UCAN kooperatiba elkarteko buruak agiri bat helarazi diote Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari.

Protestak bete-betean eragin dio Iruñeko erdiguneari. 10:30ean makina bat traktore elkartu dira Sadar futbol zelaian, hiriaren hego ekialdean, handik Zaragoza etorbidean gora, heltzeko Merindadeen plazaraino, Espainiako Gobernu ordezkaritzaraino. Traktoreek Nafarroa Behereko etorbidea hartu dute, eta trafikoa geldiarazi. Bitartean, 11:50 aldera, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen Departamendutik atera da manifestazioa, helmuga bererantz. Antolatzaileen arabera, 3.000 lagun inguru elkartu dira.

Duela bi urte, «prezio duinak aldarrikatzeko» antzeko manifestazio bat egin zuten UAGNk eta UCANek, eta oraingoan EHNE nekazaritza sindikatua batu zaie. Produkzio kostuak igotzen ari diren honetan, prezio duinetan saltzeko arazoak dituztela ohartarazi dute laborariek. 2020ko Elikagai Katearen Legea erreminta egokia bada ere, hura betearazteko bermeak eskatu dizkiote Madrili.

Nafarroako Gobernuak ikuskariak ditu gehiegikeriak salatzeko, eta, horregatik, Bariainek «kostu azpitik saltzeko egoerak salatzera» animatu zituen bertaratutakoak. «Administrazioei eskatzen diegu legea betearaz dezatela ahalik eta isun handienak ezarriz», gaineratu du Bariainek.

Martxoaren 20an hori guztia aldarrikatzeko manifestazio bat egingo da Madrilen. Fermin Gorraizen arabera, egun Nafarroako supermerkatu askotan «produktu bat» (esnea) kostu azpitik saltzen ari dira banaketa enpresa handi batzuk, eta aurreratu du aurki beste protesta bat egingo dutela hori salatzeko.

Ukrainako laborariak gogoan

Hala, Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak Ukrainako egoera ere izan du gogoan. Egunotan aipatu den legez, ekialdeko herrialdea «Europako bihitegia» da, eta han diren laborariekiko elkartasuna adierazi du. Haren hitzetan, egunotan komunikabideetan hirietako egoera izan da hizpide, eta informazio horietan laborariak «ahaztuak» direla salatu du. Egoerak, gainera, lehen sektoreari eta herritarrei eragingo diela ohartarazi du, bizimodua garestitu egingo delako. Kasurako, azaldu du artoa %10 garestitu dela astebetean.

Jose Maria Martinezek gaineratu du «lonjetan» eta kooperatibetan jada antzematen ari dela egoera hori. «Elkartasuna barrabaskeria hori jasaten dutenei. Hemendik gertu dago. Ukrainiarrek zer eskatzen dute lehenik? Jana. Gas naturala eta bizimoduaren garestitzea gaizki dago, baina okerrena da gosea pasatzen dutela». Horregatik, herritarrei azpimarratu die bertoko ekoizleak zaindu behar direla. «Nafarroaz hitz egitean, orburuak, piperrak eta haragia etortzen zaizkie askori gogora. Kotxea garrantzitsua da, nola ez, baina jatera ematen dugunok ere bai».

Nekazaritza Politika Bateratua ere izan dute hizpide. Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministroak zin egin zuen eskubide historikoak «desagerraraziko» zituela. Alta, 2023-2027rako Espainiako Gobernuak egindako laguntza zuzenen egitasmoan, indarrean jarraitzen dute 2000ko hamarkadaren hasieran ezarritako eskubide historikoek. Nekazaritza sindikatuek gaitzetsi dute horrek eragotzi egiten duela belaunaldien erreleboa.

Landa Garapeneko planek ere «ingurumen irizpideen gainetik pertsonak» ezarri behar dituztela adierazi du Bariainek. Haren esanetan, 30 urte azpiko 80 laborari baino ez daude Nafarroan. Nekazaritza sindikatuek ohartarazi dute, halaber, azken hamabost urteetan ustiategien erdiak desagertu egin direla lurraldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.