Martxoaren 3a

Artolazabalek Espainiako Estatuari eskatu dio «autokritika» egiteko eta Martxoaren 3ko agiriak desklasifikatzeko

Biktimen oroimenezkoa legealdi honetan amaitzea espero dutela esan du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta horretan memoria elkarteek ahotsa bai baina erabakitzeko gaitasunik ez dutela izango. Adostutakoa urratu izana aurpegiratu dio Martxoak 3 elkarteak. Eusko Legebiltzarrak Martin Villa ikertzeko eskatu du, PSE-EE, PP eta VOXek kontra bozkatu arren.

Martxoaren 3ko biktimen oroigarria. Atzean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Unai Etxenausia - Julen Aperribai
2022ko martxoaren 3a
16:13
Entzun

Martxoaren 3ko biktimek Gasteizko Zaramaga auzoan duten oroigarria lorez bete dute eguerdian alderdi politikoek, nork bere aldetik, sarraskiaren 46. urteurrenean. Eusko Jaurlaritzak ere jarri du berea. Beatriz Artolazabal Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, horren ostean, adierazi du gaurko egunak «estatuak» egindako «bidegabekeria aitortzeko» balio behar duela, zeina beharrezkoa baita gertatutakoa «argitu» dadin.

Espainiako Estatuari ere mintzatu zaio. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoari buruz «autokritika zintzoa» egiteko eskatu dio, eta, horrez gain, beharrezkotzat jo du egun horretan Poliziak egindako oldarraldiaren agiriak sekretupetik ateratzea. «Hori gakoa da memoriaz, egiaz eta justiziaz hitz egin ahal izateko», adierazi du.

Artolazabalek adierazi du lanean ari direla duela 46 urte San Frantzisko elizan hildako bost langileei «duintasuna emateko», memoriaren alorrean jarduten duten erakundeekin batera. Martxoaren 3ko Oroimenezkoari egin dio aipamen Artolazabalek. Legealdiaren amaierarako inauguratzea espero dutela esan du, biktimen eta haien senideei «duintasuna» emateko eta gertatutakoaren modukoak «berriz ez gertatzeko». Gai bera hizpide izan du Artolazabalek goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Oroimenezkoaren fundazioaren estatutuak datozen hilabeteetan onartuko dituztela esan du, eta patronatu batek kudeatuko duela. Patronatu horretan Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek ahotsa bai baina erabakitzeko gaitasunik ez dutela izango adierazi du.

Martxoak 3 elkarteak salatu egin ditu adierazpenok Twitterren. «Artolazabal kontseilariak esandakoa ez dator bat orain arteko bilkuretan adostutakoarekin. Penagarria iruditzen zaigu data hau adierazpen horiekin zikintzea. Denon artean eraikiko dugu, edo ez da izango».

Otegi: «Gugan bizi dira»

EH Bilduk ere egin du lore eskaintza eta ondoko ekitaldia, eta han izan dira Martxoaren 3ko biktimen senitartekoak. «Ezker independentistaren ikuspuntutik joandakoak ez dira soilik oroitzapenean bizi. Haien proiektuak, haien bizitzak eta haien ideiak gugan bizi dira», esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Aurrera begirako mezua zabaldu du Otegik, eta ezinbestekotzat jo du etorkizuna «Martxoaren 3an defendatutako balioetan oinarrituta» eraikitzea: berdintasuna, antifaxismoa, askatasuna, bizitza, elkartasuna…

Egungo gatazkez ere aritu da Otegi, eta, bereziki, Ukrainako gerraz. Gogoratu du Euskal Herriak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen kontra bozkatu zuela. «Herrien autodeterminazioaren eta bakearen alde, gerrari ez», aldarrikatu du, ozen. «Bi aukera baino ez daude mundu honetan», amaitu du Otegik: «Sozialismoa ala basakeria». EH Bilduk sozialismoaren alde lanean jarraituko duela gaineratu du, ondorengo belaunaldiak «bakean eta eskubideak bermatuta bizi daitezen».

EH Bilduren ekitaldira batu da LAB sindikatua, berea amaitu ostean. Gotzon Kortazar LAB sindikatuko Gasteizko ordezkari nagusiak azaldu duenez, langileen borroka «sufrimenduz eta ahaleginez» josita dago: «Gaur ditugun lorpen guztiak kapitalari aurre eginez lortu dira; inork ez digu ezer oparitu, eta inori ez diogu ezer zor». Hala, azken hilabeteotan borrokan diren sektoreak izan dituzte gogoan; helduen egoitzak, garbitzaileak, kolektibitateak, etxez etxeko laguntza, hezkuntza, pentsiodunak…

Alde horretatik, sektore feminizatuetan dauden borrokak nabarmendu ditu Lorena Rejo LABeko Zerbitzu Soziokomunitarioko kideak, eta zaintza lanen aitortza aldarrikatu du. «Sindikatu integrala gara, eta, alde horretatik, sektoreen eta aldarrikapenen arteko topaguneak ehunduz joango gara, une bakoitzean beharrezkotzat jotzen ditugun erantzun mailak erabakiz, hori guztia helburu argi batekin: Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat jendarte aldaketa baten alde batzea», erantsi du Gotzon Kortazarrek.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea ere izan da oroigarrian, Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusiarekin batera. Mendiak esan du Martxoaren 3ko biktimak oroitzea «ohorea» dela, eta azpimarratu egin ditu Jaurlaritzak biktima guztien «aitortzaren, konpainiaren eta memoriaren alde egindako urratsak».

Ifrentzua, legebiltzarrean

Oso bestelako aurpegia erakutsi du haren alderdiak Eusko Legebiltzarrean, ordea. Izan ere, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Rodolfo Martin Villa Espainiako Gobernuko ministro ohiak Martxoaren 3ko sarraskian izandako erantzukizuna ikertzeko eskatzen duena, eta haren kontra bozkatu du PSE-EEk, PPrekin eta VOXekin batera. Aldeko botoa gailendu da, hala ere, hala bozkatu baitute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eta abstenitu egin baita EAJ.

Martin Villak berak urtarrilean egindako adierazpenetan oinarritu du EH Bilduk legez besteko proposamena, zeinetan ministro ohiak aitortu baitzuen Espainiako trantsizioaren jokalekuan 1976ko martxoaren 3an eta 1978ko uztailaren 8an gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, nahiz eta erantsi zuen gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala. Argentinako Ganbera Kriminal Federalak Martin Villaren kontra Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu ondoren egin zituen hitzok ministro ohiak.

Gaur onartutako proposamenaren bidez, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Martin Villaren «erantzukizun politiko eta penala ikertzeko eta argitzeko». Era berean, Espainiako Justizia Argentinakoarekin lankidetzan aritzeko eskatu dio, afera argitzeko.

Eztabaida parlamentarioan, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du Martin Villaren hitzek «iraindu» egin zituztela Martxoaren 3ko biktimak, eta, nahiz eta gai beraren inguruan aurrez ere hainbatetan eztabaidatu izan duten, esan du Martxoaren 3ko biktimek oraindik ez dutela izan ez justiziarik ez erreparaziorik. Alde horretatik, gaurkoa «errespetuaren parametroetan» egindako proposamena izan dela azpimarratu du. Horregatik, EAJri eta PSEri eskatu die «ez alboratzeko».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, hala ere, gogoratu du 2000tik legebiltzarrak zortzi aldiz gaitzetsi dituela Martxoaren 3ko gertakariak, beste hainbatetan 1936ko gerra eta diktadura, eta bi aldiz agertu diola babesa Argentinako justiziak Martin Villaren aurka zabaldutako auzibideari. Haren ustez, EH Bilduren proposamenak ez du «hobetzen, ez aldatzen» orain arte egindakoa, eta, hala arrazoitu du alderdiaren abstentzioa. Maria Jesus San Jose PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, esan du legez besteko proposamenak ez duela helburu biktimen memoria eta erreparazioa, eta, gainera, zalantzan jarri du haren «sinesgarritasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.