Ingurumena

Euskal Herriko ibai guztien arroak produktu kimikoekin kutsatuta daudela ohartarazi dute

Uren kutsaduraren ondorioez ohartarazi du Ekologistak Martxan elkarteak. Azaldu dutenez, ekosistemari eta faunari eragiteaz gain, giza osasunari ere eragiten dio.

Haur batzuk Zarauzk urmaela garbitzen. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 3a
17:29
Entzun

Industria petrokimikoko substantziak eta nekazaritzarako pestizidak aurkitu dituzte Euskal Herriko ibai guztietan; baita disruptore endokrinoak ere.

Erakunde ofizialek kutsatzaile kimikoen inguruan 2019an egindako analisiei erreparaturik Ekologistak Martxan elkarteak argitaratutako txosten batean ageri dira datuok. Bertan, nabarmendu dute hainbat arrotako urak glifosato herbizidazkutsatuta daudela —substantzia hori da erreketako uretan gehien aurkitu dutena—, baina azaldu dute kutsaduraren arriskua ezin dela zehaztu substantzia bakoitzaren arriskua aztertuz bakarrik; substantziak nahasita daudenez, horien arriskua handitu egin daiteke.

Uraren kutsaduraren ondorioez ere ohartarazi dute txostenean: «Lurrazaleko eta lurpeko uren kutsadura kimikoak ondorio larriak ditu, ez bakarrik uretako ekosistemetan, baizik eta ingurumen, fauna, flora eta giza osasun osoan».

Salatu dute erakunde publikoek ibaietako kutsaduraren erantzukizuna dutela: «Jasotako datuek agerian uzten dute kudeaketan hutsuneak daudela. Estatuko eta autonomia erkidegoetako administrazioek modu koordinatuan jardun behar dute kutsadura jatorritik bertatik zaintzeko eta murrizteko». Administrazioei «premiazko neurriak» hartzeko eskatu die elkarteak, «kutsadura hori kontrolatzeko eta murrizteko».

Besteak beste, eskaera hauek egin dizkie erakundeei: azaleko uretan eta lurpekoetan erabiltzen diren plagizidak aztertzea —azaldu dutenez, administrazioak ez du aztertzen gaur egun erabiltzen diren plagizidetatik datorren kutsaduraren %80—, eta uretako ekosistemei kalte larria eragiten dieten nekazaritza plagizidak merkaturatzeko baimena kentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.