Atzoko kantu aldarrikatzaileak gaurko gazteei utzi lekukotasuna

Francoren mende kantatzen genuenean Colette Larraburuk idatzi liburuak arrakasta bildu du. Liburuko kantariekin egin aurkezpen-kantaldietara ere jende franko biltzen da.

Iñaki Etxeleku.
2022ko martxoaren 4a
17:12
Entzun

Duela hogei urte euskal rockari buruzko liburua atera zutelarik, pentsatu zuten euskal kantagintza berria ere aipatu beharko zela egun batez. Orduan, Manex Pagolari elkarrizketa luzea egin zioten, eta Francoren mende kantatzen genuenean (Elkar, 2021) idatzi duelarik, Colette Larraburuk Pagolaren hitz horiek erabili ditu. Liburuak arrakasta bildu du abendutik, eta aurkezpen kantaldiak lerrokatu zaizkie egileari eta liburuan mintzo diren kantautoreei: Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Beñat Sarasola (GUK); Pantxoa Karrere eta Peio Ospital; Patxika Erramuzpe eta Gexan Alfarori. Liburuan, beste lekukotasunik bada: Eñaut Etxamendi, Jean-Louis Davant, Allande Duny-Petre, eta Elena eta Xabi Larralde.

Liburua egin aitzin, 1975. urte arteko frankismo garaiko kantaldietako protagonistengana joan zen Larraburu, jakiteko zer zioten. “Hor, iruditu zitzaidan baitezpadakoa zela historia horren kontatzea gazte belaunaldientzat; ez baitute ezagutzen”, erran du Larraburuk. “Ez dira heroiak, beren arma kantuz aritzea baitzen, baina egin dute! Testuinguru gogor batean: grisak barrandan, metrailetak bizkarrean, polizien galdeketak, kanporatzeak…”.

Amodiozko kantu batzuk kantatzen zituzten, baina baita euskal berpizkundearen giroko borroka kantuak ere. “Garai militantea zen, non Euskal Herriari ukatzen zitzaion bere izatea bera. Kantari horiek duintasuna itzuli diote euskaldunen herriari”, dio Larraburuk. Joan Baez (New York, 1941) protest-song mugimenduko ikurraren anaitzat dauzka. “Baezek erraten du: ‘Kantua da gure bortizkeriarik gabeko armategian dugun armarik indartsuena’. Arras ongi joan zaie”.

Belaunaldi baten lekukotasuna zaio Larrabururi kantugintzarena. Ikastolak, argitaletxeak, antzerki taldeak, irratiak, kooperatibak… sortu dituzten belaunaldiarena. “A, ez dugula euskaraz kantatzen ahal? Ba, eginen dugu!”, zioten haiek orduan. “Lehen gidamarkak ezarri zituzten eta bide horrek jarraitzen du egun”.

Seminariotik kanpo

Larraburu gehien harriturik utzi duen kontakizuna apezgai zirenekoa da. Laukote bat bazen elkarrekin gertatu zena seminarioan: Manex Pagola, Gexan Alfaro, Joanes Borda eta Beñat Sarasola. Desadostasunak izan zituzten elizako buruekin, eta garai dorpeak bizi izan zituzten. Apezgoa uzteraino, edo kanpoa ukan arte.

Xipri Arbelbidek utzi elizako artxiboak lagun, galderak egin zizkien Larraburuk. “Goratik erori naiz, eta uste dut irakurleentzat berdin dela”. Orduan, apezak ibiltzen baitziren etxeetan seme bat apezgorako bildu nahiz. “Beti familia xumeak ziren, haurride anitzetakoak. Apaizek seminariora ‘sartzen’ zituzten”. Euskal kantugintza berrian parte hartuko zutenek Piarres Lafitte, Piarres Larzabal eta Roger Idiart ezagutu zituzten seminarioan, eta horiek beren euskalduntasunaz ohartarazi zituztela diote. “Hor dute konprenitu mintzaira eta herri batekoak zirela”. Joanes Bordak eta Beñat Sarasolak kontatu dute “zuzenketa psikologikoan” ezarriak izan zirela, “obligaziozko bizileku” batean; bata Viersonen (Cher, Frantzia), bestea Chatellereaulten (Vienne, Frantzia).

Beste istorio harrigarri bat deskubritu du liburugileak Ospital eta Karrerek kontaturik. “Bezperan fusilatu zuten [Juan Paredes] Txiki-ren anaia joan zitzaien ikustera Donostiako kaian eman zuten kantaldi egun batez; giro itsusia zen, ‘grisez’ —Guardia Zibilak— inguraturik. Erran zien bezperan anaiarekin egona zela fusilatu aitzin eta galdegin ziola Peio eta Pantxoaren ikustera joatea: ‘Erranen diek gehien maite ditudan kantariak direla eta segi dezaten euskararen alde abesten!'”.

Belaunaldi berriari

Bizi izandakoa, egindakoa, kantuen erranahia eta testuinguruak transmititu nahi ditu Larraburuk, eta harekin, liburuan agertzen diren kantariek. Horretarako, aurkezpen kantaldiak egiten dituzte.

Adin bateko jendea hurbiltzen zaie gehienetan, baina noiztenka gazte andana ere, hala nola Baigorrin, Arbonako okupazioan, Ligi-Atherein. “Hor direlarik, galdera anitz egiten dute gazteek. Biziki kontent gara”, dio Larraburuk. Testuinguruak kantuen ulertzen laguntzen duela uste du. “Gazte bat etorri zait, erranez: ‘Beti ari naiz, gaur hiru urte dituen ene alabari nola esplikatuko diodan Itziarren semea kantuak dioena’. Liburuarekin aiseago da”.

Martxoaren 18an, Pasaian (Gipuzkoa) egingo dute aurkezpena; 23an, Angelun; 31n, Donibane Lohizunen; eta apirilaren 8an, Itsasun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.