Alaves 0-0 Sevilla

Merezi baino sari txikiagoa Alavesentzat

Partida oso txukuna jokatu dute arabarrek Sevillaren kontra. Baina puntu batekin konformatu behar izan dute. Lehen zatian oso aukera garbiak izan dituzte aurretik jartzeko. Alavesek goian egindako presioari esker, Sevilla ez da aise moldatu neurketa osoan.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 4a
23:01
Entzun

Alavesek denboraldiko partidarik txukun eta sendoenetakoa osatu du Sevillaren kontra, Mendizorrotzan. Baina zelaian emandako irudi onak, ez dio balio izan hiru puntuak lortzeko. 0-0 berdindu du, eta bakarrarekin konformatu behar izan du. Sevilla bigarren postuan dagoela kontuan hartuta, puntu ona izan zitekeen. Baina oraingoan ez da horrela izan. Jaisteko postuetan egonda, Alavesek hirunaka batu behar baitu. Gainera, batez ere lehen zatian, bizpahiru aukera garbi izan ditu aurretik jartzeko. Baina ez du lortu. Bide horretatik segitu beharko dute arabarrek, salbazioa lortzeko.

Kontrakoa espero arren, bizi joan da lehen zatia. Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun egin moduan, Alavesek goian egun du presio, eta zaildu egin dio Sevillari baloi irteera. Arlo horretan deseroso aritu da Julen Lopetegiren taldea. Sevilla, baloi jabetza oinarri hartuta, bere nagusitasun teknikoa ezartzen saiatu da jabetza luzeen bidez, eta Alaves korrika egitera behartuz. Baina ez du lortu. Lehen zati horretan, Jose Luis Mendilibarren taldeak hainbat gol aukera garbi izan ditu aurretik jartzeko. Aurrenekoa lehen minutuan izan du Joseluk. Aurrelariak gutxitan barkatzen du, eta Bonok gelditu ona egin du. Riojak eta Toni Moyak ere gertu izan dute gola. Baina ez dute asmatu.

Hala ere, aukerarik argiena Escalantek izan du. Edgar Mendezek erdiraketa neurtua egin du, eta bakar bakarrik zeuden Escalante eta Rioja. Lehenbizikoak buruz errematatu du. Baina goregi jo dio baloiari, eta kanpora joan zaio errematea. Sevillak ere izan ditu bere aukerak. Epaileak balio gabe utzi dio gol bat, eta Rakiticen eta Gudeljen jaurtiketa banak lana ematen diote Pachecori. Baina atezainak ondo erantzun du. Erritmo dezente izan dute lehen 45 minutuek, eta entretenigarriak izan dira. Alavesentzat albiste txar bakarra: ez duela golik sartu, eta, Sevilla taldearen aurrean, hori zenbaitetan ordaindu egiten da. Oraingoan, Alavesen mesederako, ez da hala izan.

Lehen zati horretan jokatu bezain ongi jokatzeko asmoz zelairatu da bigarren zatian Jose Luis Mendilibarren taldea. Eta lehen minutuetan lortu du. Izan ere, Sevillak zailtasunak zituen baloi jabetza luzeak eta jokoaren ekimena izateko. Nahiz eta Pachecoren atera gerturatzen zenean arrisku itxura eman. Minutuak aurrera joan ahala, arabarrek nekea antzeman dute, eta atzerago egin dute presio. Hala, gehiago kostatu zaie baloia berreskuratzea, eta Sevillaren atera iristea. Ez dute lehen zatian zuten txinparta hori izan. 70 minutua zen, eta taldeari freskotasuna emateko aldaketaren bat egin behar zuen zelai erdian, agintea galtzen ari baitzen eremu horretan. Baina minutu horietan ondo eutsi dio Alavesek, eta gai izan da ausart jokatzen segitzeko. Azken minutu horietan Joseluren erremate bat eta Riojaren beste bat izan dira aukerarik arriskutsuenak Alavesentzat. Baina Sevillak ere izan du berea. Munirrek bi aldiz errematatu du Pachecoren aurrean, baina baloia atezainaren gorputzera bidali du. Hasi bezala amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.