Gasa markak hausten ari da, eta petrolioa 2008koetara hurbiltzen

Errusiari petrolioa eta gasa erosteari uzteko aukera aztertzen ari da Europako Batasuna. Baltikoak eta Polonia egiten ari dira, baina Alemaniak zalantza handiagoak ditu.

Gasolina eta gasolioa inoiz baino garestiago daude. DAVID ARQUIMBAU SINTES / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 7a
10:47
Entzun

Ukrainako gerrak energia are garestiago baten aroa hasiko zuela iragarri zuten guztiak bete-betean asmatzen ari dira. Gasak eta, ondorioz, argindarrak inoizko preziorik handiena markatu dute, eta petrolioak gero eta gertuago du 2008ko maiatzean jotako goia, 142 eurorena. Gaur oso hurbil izan zuen, une batzuetan Brent upela 139 dolarrean ere salerosi zelako, baina geroago igoera apaldu egin zen, eta iluntzean 125 dolarrean kotizatzen zen.

Neurri handi batean, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariaren adierazpen batek ekarri zituen nerbioak energiaren merkatuetara. Atzo, ziurtatu zuen aztertzen ari direla Errusiako petrolioaren esportazioa debekatzea. Europako Batasunean ere, horren aldeko presio gehien egiten dute Errusia gertu duten herrialdeek, hala nola Baltikokoek, Poloniak eta Eskandinaviakoek.

Jarrera zuhurragoa du Alemaniak, Errusiarekin dituen harreman komertzial handien ondorioz. Horrela, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak gogorarazi du EBk menpekotasun handia duela Errusiaren hidrokarburoekiko, eta hori ezin daitekeela «egun batetik bestera» konpondu. «Horregatik erabaki zentzuduna da energia kontuetan enpresen harremanak ez aldatzea».

Eztabaidak eztabaida, dagoeneko jaitsi dira Errusiako petrolioaren erosketak, nahiz eta Brent upela baino prezio apalagoan saldu. Financial Times egunkariak argitaratu du dozenaka petroliontzi errusiar itsasoan daudela, baina ez dagoela argi haien kargamendurako eroslea izango ote duten.

Gasolina, inoizko garestien

Mendebaldeko petrolio konpainiarik handienek iragarri dute Errusian duten negozioa saltzen saiatuko direla eta ez dutela inbertsio gehiago egingo. Atzo arratsaldean, Frantziako Total Energiesek jakinarazi zuen Errusian petrolioa erosteari utzi diola.
Ukrainaren inbasioaren aurretik, Errusiak 7,8 milioi petrolio upel esportatzen zituen egunean, hau da, munduko petrolioaren %8. Standard & Poor's-en arabera, petrolio horren erdia doa NATOko herrialdeetara, Europakoetara neurri handi batean.
Petrolioaren garestitzea antzematen da mundu osoko gasolina zerbitzuguneetan ere. Hego Eiskal Herrian,gasolioa 1,60 euroan salerosten da zerbitzugune gehienetan, eta gasolinak aise gainditu du 1,70eko marka. Ipar Euskal Herrian, berriz, ohikoena bi euroren inguruko erregaia da ohikoena, nahiz etabaden hortik beherakoa supermerkatuetan.

Ikusi gehiago:>> Analisia. Iker Aranburu: Moskuren setioa ere hasi da

Halaber garestitzen ari da gasa, eta Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak aitortu du EBk Errusiako gasa erosteari uztea «mahai gainean dagoen aukera bat» dela. Horretarako, ordea, EBko kide guztien onespena beharko litzateke, eta ez da erraza lortzea, herrialde batzuk gas guztia lortzen baitute bide horretatik. Negua bukatzen ari denez, eta horrekin batera gas gehien erabiltzen den garaia, kezka nagusia ez da hurrengo hilabeteetarako kontsumoa ziurtatzea, baizik eta datorren negurako biltegiak bete ahal izatea.

Goizean, Herbehereetako erreferentziazko merkatua zabaldu denean 200 dolarretik 347 dolarrera egin du salto. Egunak aurrera egin ahala baretu zen merkatua, eta iluntzean 215 dolarrean kotizatzen ari da. Duela urtebete, hamasei dolarrean zegoen.

Gasa, iparraldera

Oraingoz, Errusiako gasaren fluxua ez da eten Mendebalderako bidean, ezta Ukraina zeharkatzen duten gasbideetatik ere. Gas horren esportatzaileak, Gazpromek, atzo berriro esan zuen ez duela iturria itxiko. Errusiak hari esker lortzen duen diruaren behar handia du, batez ere orain.

EBk bere gas beharren ia %40 lortzen du Errusiatik. Azken asteetan beste aukera batzuen bila ari da, eta gas natural likidotu (GNL) gehiago ekartzen ari da AEBetatik, Aljeriatik eta Qatarretik. Bilboko portuan dagoenez GNL hori berriro gas egiteko plantetako bat, ezohiko zerbait gertatzekoa da: Euskadour gasbidean eta Zuberoa eta Nafarroa zeharkatzen dituenean fluxua iparralderakoa izatea, eta ez hegoalderakoa.

Ikusi gehiago:«Prezioak nahi eta nahi ez igoko dira»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.