Indarkeria matxista

Gaurko saioa bertan behera utzita, bihar hasiko da Kote Cabezudoren kontrako epaiketa

Akusatuak soilik fiskalaren galderei erantzunen die; ez du akusazio partikularrarenei erantzun beharrik nahi. Beste lekuko batek ere deklara dezala eskatu du akusatuak: argazki saio batzuetan izan zen beste argazkilari batek.

Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako epaiketaren aurreneko eguna. Irudian, Gipuzkoako Auzitegia. JUAN HERRERO, EFE
arantxa iraola
2022ko martxoaren 7a
11:56
Entzun

Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako auzibide nagusiko epaiketa gaur zen hastekoa Donostian, Gipuzkoako Auzitegian, baina bertan behera utzi dute saioa, aldeek egindako hainbat eskakizun argitu behar zirela argudiatuta. 2013ko urtarrilean jarri zuen andrazko modelo batek lehenengoz argazkilariaren aurkako salaketa bat. Argazkilari jardunean egindako delituak leporatu zizkion. Erretratugile ezaguna zen Cabezudo aldi hartan, Donostia inguruan oso ezaguna; moda argazkiekin hasi zen aurrena, baina argazki erotiko eta pornografikoetara egin zuen gero eta sarriago. Harekin modelo jardundako beste hainbat emakumek ere salaketak jarri dituzte ordutik, eta epaiketan orain hamazazpi andreren kasuak aztertuko dituzte. Salaketak, hala ere, gehiago dira; preskribatuta daude hainbat. Okerrik ez bada, gaur goizean hasiko da epaiketa, eta hitza hartuko du akusatuak. Preso dago egun Martuteneko kartzelan; 2018ko maiatzetik dago espetxeratuta, eta, berez, bere kontrako sententziarik ezean, kartzelan ezingo luke jarraitu han lau urte konplitzean. Aldeek gaurko saioaren ostean adierazi dute, hala ere, espero dutela ordurako epaituta egotea.
Epaiketen lehen egunetan ohikoak izaten dira aldeek egindako eskakizunak, eta horiek eragin dute gaur atzerapena. Defentsak egindako bi eskari aztertu behar dira, besteak beste. Batetik, adierazi dute akusatzaileetako bati egindako kontratuak aurkeztu nahi dituztela orain epaiketara. Akusazioak adierazi du agiri hori onartu aurretik argitu nahi duela benetakoa den, gogora ekarrita aurrez Cabezudo zigortuta dagoela jada agiri faltsuak-eta aurkezteagatik. Defentsak eskatu du, halaber, orain arte auzibidean agertu gabeko pertsona baten lekukotasuna; Cabezudoren hainbat argazki saiotan parte hartu zuela esan dute, eta haren lekukotasuna egokitzat dutela. Akusazioak, ordea, denbora eskatu du, lekuko hori benetan nor den argitze aldera. Liburu batzuk ere sartu nahi ditu orain sumarioan defentsak; gizon eta andreei biluzik egindako erretratuekin egindako liburuak dira.
Aurrez erakutsitako jarrera
Bide batez, jakin da akusatuak ez duela akusazio partikularraren galderak erantzuteko asmorik. Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek adierazi du ez dituela akusatuaren jarrerak ezustean hartu, lehendik ere akusazioaren galderei ez erantzuteko hautua egin izan duelako behin baino gehiagotan. «Horretarako eskubidea du», azaldu du: «Baina adierazgarria da biktimek egin dizkioten galderei erantzun nahi eza». Aintzat hartu behar da honako hau Cabezudoren kontrako auzibide nagusia bada ere, ez dela bakarra. Guztietan taxu oso antzekoak dira egozten dizkioten delituak; lotuta daude modeloei argazkiak egitean ematen zien tratu okerrarekin, egiten zizkien erasoekin, eta ateratzen zizkien argazkiei, baimenik gabe, ematen zien erabilerarekin.
Akusazio partikularrak, bere aldetik, argazkilaria «haur pornografiaren ekoizpenarekin» lotzeko lekuko biren parte hartzea ere eskatu du

Ikusi gehiago:Kote Cabezudoren aurkako auzibide nagusiko epaiketaren hasiera

Ikusi gehiago: «Giltzaz itxita egoten zen sarraila»

Epaiketa gaur hastekoa zenez gero, hainbat lagunek protesta egin dute epaitegi aurrean, Donostian. Gogor egin dute akusatuaren kontra, eta babesa azaldu diete akusatzaile diren emakumeei. Salatu dute auzibidearen gainean urte askotan egon den isiltasuna, eta erakundeei egotzi diete biktimen aldeko keinurik ez egitea.Bertan izan da, besteak beste, BERRIAko kazetari Jone Arruabarrena.

Epaiketak bost aste iraunen du, auzitegiak emandako informazioaren arabera. Argazkilariaren inguruko kasu gehienak batzen ditu auzibideak; hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertuko dituzte. 32 delitu egozten dizkiote guztira. Horien larritasuna oinarri, fiskalak 121 urteko kartzela zigorra jartzeko eskea du egina; biktimen abokatuak, 2.338 urtekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.