Palestina

Israelgo armadak beste adingabe bat hil du Jerusalem ekialdean

Adingabeak, ustez, molotov koktelak bota zizkien soldaduei. Aurretik 19 urteko gazte bat hil du Israelgo Poliziak, agenteei eraso egiteagatik. Iazko urtarriletik, Israelek 88 adingabe palestinar hil ditu gutxienez.

Adingabe palestinar bat protestan, iaz, Jerusalem ekialdean. ABED AL HASHLAMOUN / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 7a
16:58
Entzun

Ukrainakoa ez da munduan gori-gori dagoen gatazka bakarra. Ez da nobedadea Israel eta Palestinaren artekoa, baina kezkagarriak dira gobernuz kanpoko erakundeek hangoari buruz eman dituzten datuak: iazko urtarriletik, Israelek 88 adingabe palestinar hil ditu. Azken egunetan, gainera, etengabeak dira palestinarren aurkako erasoak: astebetean gutxienez bost gazte hil dituzte, haietako bat adingabea.

Hala jakinarazi du Palestinako Osasun ministerioak: Yamen Nafez Jafalek 16 urte zituen, eta atzo hil zuen Israelgo armadak, ustez soldaduei molotov koktelak jaurtitzeagatik. Jerusalem ekialdeko gune okupatuan gertatu zen hilketa, kontrolerako gune militar batean. Ez zen gertakari bakana izan: ordu batzuk lehenago, Jerusalemgo hiri zaharrean, 19 urteko beste gazte bat hil zuen Israelgo Poliziak. Agenteei labana batekin eraso egitea egotzi zioten, eta «zauri arinak» egitea haietako biri.

Aurretik, martxoaren 1ean, Israelgo armadak gutxienez hiru palestinar hil zituen, eta 32 zauritu. Zauritu gehienak Jerusalemgo istiluen ondorio izan ziren. Zabaldu ziren irudietan, Israelgo soldaduek eraso egindako haurrak ikusten dira. Hiru lagun, ordea, Yeningo errefuxiatuen kanpamentuan hil zituzten, Zisjordanian. Haserrea eragin zuen gertakari horien ostean Maccabi saskibaloi taldeak «gerraren aurka» izan zuen keinuak.

2.200 adingabe

Haurren Nazioarteko Defentsa gobernuz kanpoko erakundeak emandakoa da Israelek hildako adingabeen datua. 2021. urtean, zehazki, 18 urtez azpiko 86 palestinar hil zituen Israelek. 2014az geroztik bildutako kopururik handiena da; gehienak iazko maiatzean Gazan izandako erasoetan hil zituzten. Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko gune okupatuetan, berriz, hamazazpi adingabe hil zituzten iaz.

GKE horren datuen arabera, 2.000 urtetik gutxienez 2.200 adingabe palestinar hil dira «Israelek lurralde okupatuetan duen presentzia militarraren ondorioz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.