Albistea entzun

Mugimendu feministak zaintza jarriko du erdigunean gaurko mobilizazioetan

Protestak antolatu dituzte Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean.

2020ko Martxoaren 8ko manifestazioa, Bilbon.
2020ko Martxoaren 8ko manifestazioa, Bilbon. Aritz Loiola / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez -

2022ko martxoak 8

Gaur egungo sistema «heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista» bukatzea eskatzeko, manifestaziora deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurko, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. Hain zuzen ere, gizartearen zati handienarentzat «kriminala eta jasanezina» den eredu hori kiskaltzeko eskatzen du mugimenduak: «Sistema honi su eman nahi diogu, den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko».

Plazak, kaleak eta «txokorik txikienak» borroka feministaz betetzeko deia egin du gaurko mugimenduak, eta bost mobilizazio nagusi antolatu ditu, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean. Baionako elkarretaratzea 18:00etan izango da, Merkatu plazan. Bilbon, 19:30ean hasiko da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik; Donostian ere 19:30ean elkartuko dira, Antiguako tunelean. Gasteizen, berriz, 19:00etan hasiko da mobilizazioa, San Anton plazan, eta Iruñean, 20:00etan abiatuko dira, Antoniutti parketik. Hiriburuetan ez ezik, herri eta eskualdeetan ere egingo dira mobilizazio gehiago, mugimenduak iragarri duenez.

Besteak beste, zaintza jarriko dute erdigunean gaurko mobilizazioetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, esaterako, «publikoa, doakoa eta integrala» izango den zaintza sistema bat exijitzen du. Euskal Herriko Bilgune Feministak ere ideia horren inguruan ondu du aurtengo kanpaina, «euskal sistema publiko eta komunitarioa» nahi baitu. Horrela, dei egin du «antolakuntza feministaz» zaintzaren eskubide unibertsala lortzeko.

LAB sindikatuak, gainera, «zaintzaren negozioa desegitera» deitu du, eta zaintza zerbitzuen «merkantilizazio azkar eta basatia» salatu. Horrekin batera, zaintza sistema publiko-komunitario bat eratzeko «borondate politiko eta instituzioanala» eskatu du. CCOO sindikatuak ere nabarmendu du zaintza lanei «balioa ematearen» garrantzia; besteak beste, andreen lan eta bizi baldintzetan eragina duelako.

ELAk prekaritaterik gabeko zainketa sistema publiko baten alde mobilizatzera deitu du, sektore jakin batzuetan pairatzen den prekaritatean zentratuz. Sindikatuak eskatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egiteko, eta gizarte guztiarentzako zaintza publikoa aldarrikatu: «Zaintza eskubidea baino, negozio bilakatu da».

Emakundek, berriz, emakumeek gorputzaren eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten presioa landu du aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan. Besteak beste, andreen gorputzen «nahitaezko perfekzioaz» eta «gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoaz» gogoeta egitera deitu ditu herritarrak. Kanpaina martxoaren 15era bitartean egongo da martxan; afixak eta irratiko, telebistako zein Interneteko iragarkiak ari dira erabiltzen. Horrekin batera, mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du.

Euskal Herriko Neska Gazteek ere zaintza jarri dute erdigunean, eta sare sozialetan gogora ekarri dute «zaintzarik gabe bizitzarik ez» dagoela. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, berriz, «egiturazko miseriaren eta biolentziaren aurrean», sozialismoa eraikitzeko deia egin du. Horretarako, hamaika herritan mobilizatzeko eskatu dute, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean.

Zuzeneko kontakizuna

20:33

Zaintza, zerbitzu publikotzat

Zaintza zerbitzu publikotzat har dezala eskatu diote Bilboko manifestariek Bizkaiko Foru Aldundiari.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

20:23

Pandemiaren aurreko pultsua berreskuratuta

Bilboko manifestazioak aurrera egin ahala ikusten hasi da mobilizazioaren benetako tamaina.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:43

Bilbon, hastear

Hastear da Bilbon arratsaldeko mobilizazioa. Auzoetatik heldutako zutabeak elkartu egin dira erdigunean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:20

Sorginak gogoan, Ordizian

Erre zenituzten kantarekin batukadarako bertsioarekin berotu dituzte gogoak Ordizian (Gipuzkoa), manifestazioa hasi baino lehen.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:11

Anoetako eta Irurako (Gipuzkoa) emakumeek bat egin dute mobilizazioan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:09

Konplizeen artean, Zumaian

Musika eta dantzarekin abiatu dira ikasleak arratsaldeko mobilizaziorantz.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:35

Amaia Fontang: «Borroka jarraitu behar dugu»

«Gure ahizpek eta amek eginiko borroka jarraitu behar dugu egiazko parekidetasuna lortzeko», esan du Zutik talde feministako Amaia Fontangek, Baionako mobilizazioan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:30

Emakume langileen borroka, Donostian

Hasi da Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Gipuzkoako hiriburuan antolaturiko mobilizazioa.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:22

Baionan, prestatzen

Baionako merkatuko plazatik abiatuko da manifestazio feminista.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:18

Herriz herriko arratsaldeko bilkurak hasi dira

Lazkaon (Gipuzkoa) elkartzen hasi dira arratsaldeko protestari ekiteko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:40

Emakume migratuen performancea

Bilboko mugimendu feministako emakume migratuek euren egoeraren berri eman dute, performance baten bidez. Garai batean Ibaizabalen ontziak sokekin tiraka mugiarazten zituzten emakumeekin identifikatzen dute euren burua.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:35

Arratsaldean ere, kaleak hartzeko prest

Arratsalderako ere, manifestazio andana antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. Protesta nagusienak iluntzean izango dira, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez. Mugimendu feministak zaintza jarri du erdigunean aurtengo Martxoaren 8an, eta Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean hartuko dituzte kaleak.

Baionako elkarretaratzea 18:00etan izango da, Merkatu plazan. Bilbon, 19:30ean hasiko da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik; Donostian ere 19:30ean elkartuko dira, Antiguako tunelean. Gasteizen, berriz, 19:00etan hasiko da mobilizazioa, San Anton plazan, eta Iruñean, 20:00etan abiatuko dira, Antoniutti parketik.

Bagera-Nous Sommes elkarteak, aldiz, Pausun (Urruña, Lapurdi) deitu du mobilizaziora, 17:30ean, plazan.

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista, ordea, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean aterako da kalera, eta «egiturazko miseriaren eta biolentziaren aurrean», sozialismoa eraikitzeko deia egin du. Horretarako, hamaika herritan mobilizatzeko eskatu dute.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

16:19

Ikasleek eta sindikatuek hartu dituzte kaleak

Emakumeek hartu dituzte gaur goizean Euskal Herriko kaleak. Ikasleak, esaterako, institutu eta unibertsitateetan mobilizatu dira. Unibertsitateetako neska ikasleek protestak egin dituzte 10:00etan, Donostian, Gasteizen, Leioan eta Eskoriatzan. Ikasle Sindikatuak deitutako mobilizazioetan, ordea, Matxismoaren, LGTBIfobiaren eta faxismoaren aurrean, feminismo iraultzailea izan da lelo nagusia. Ikasle Abertzaleakek antolatuta, «zapalkuntzarik eta dominaziorik gabeko» gizarte baten alde elkartu dira, Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu lelopean.

Sindikatuek, aldiz, zaintzari eman diote garrantzia. ELAk eta LABek deitu dituzte mobilizazioak, Hegoaldeko hiriburuetan. LABek, esaterako, «zaintzekin negoziorik egin ez dadila» eskatu du, eta EAJ eta PSN alderdiei, gainera, zaintza sistema «publiko komunitario» baterako pausoak emateko eskatu diete. Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira, eta Donostian, sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundia inguratu du giza kate baten bidez. Iruñean, aldiz, PSNren egoitzaren aurrean batu dira.

ELAk, ordea, ekitaldi bat antolatu du 10:00etan, Donostiako Kursaalean, eta, horren ondoren, Donostiako kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioa egin du.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

15:48

Baionan eta Pausun egingo dituzte Iparraldeko mobilizazio nagusiak

Mugimendu feministak deituta, Baionan eta Pausun (Urruña, Lapurdi) egingo dituzte Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusiak. Bagera-Nous Sommes elkarteak antolatuta, 17:30ean elkartuko dira Pausuko plazan. Baionan, aldiz, 18:00etan batuko dira merkatu plazan, Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministak deituta.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

15:29

Artiacheko emakume grebalariek eserialdia egin dute fabrika aurrean

Orozkoko (Bizkaia) Artiach galleta fabrikako emakume grebalariek protesta egin dute lantegi aurrean. Aiaraldeko Mugimendu Feministak protestarekin bat egin du eta piketera batzeko deia egin du.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

13:46

Ikasle Abertzaleakek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte institutuetan

Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu lelopean, elkarretaratzeak egin dituzte zenbait ikastetxetan. Ikasle Abertzaleakek antolatuta, «zapalkuntzarik eta dominaziorik gabeko» gizarte baten alde atera dira kalera. Arratsaldean, gainera, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deitutako mobilizazioekin bat egiteko deia egin dute.

Irudietan, Iruñerriko Ikasle Abertzaleakek antolatutako elkarretaratzeak.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

13:36

SATSEk «benetako berdintasunerako neurri ausartak» eskatu ditu

SATSE sindikatuak adierazi du erizainak eta fisioterapeutak «funtsezkoak» direla osasun sisteman, baina «ikusezin» izaten jarraitzen dutela. «Benetako berdintasunerako neurri ausartak» aldarrikatu ditu sindikatuak, aldarrikapen instituzional baten bitartez.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

13:21

Gasteizen, LABek Arabako Foru Aldundiaren aurrean egin du elkarretaratzea, Bultza! Zaintzaileen lan baldintzei lelopean. Zaintzaren negozioarekin bukatzeko eta zaintza sistema «publiko komunitario» baterako pausoak emateko eskatu diote EAJri.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

13:01

Bukatu da Ikasle Sindikatuak deitutako mobilizazioa

Matxismoaren, LGTBIfobiaren eta faxismoaren aurrean, feminismo iraultzailea izan da Ikasle Sindikatuak kalera atera duen leloa. Donostiako Boulevardean bukatu dute manifestazioa.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

12:54

Abaraska berezia prestatu du Martxoaren 8rako Berbaxerka jokoak. Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta, jokalariek 50 emakume historiko bilatu beharko dituzte gaur, Euskal Herriko 25 eta nazioarteko beste 25. Laguntza behar izanez gero, andre horiei buruzko pistak ere emango dituzte.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

12:47

Bilbon, LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin du elkarretaratzea, «zaintzekin negoziorik egin ez dadila eskatzeko». Kartelez bete dute ingurua.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

12:22

Irakurria izaten ari da Onintza Enbeitaren gaurko #Bira zutabea: «Aldarrikatu ditugu emakume famatuak, zientzialariak, iraultzaileak, idazleak... eta ahaztu ditugu nahi zutena egiteko aukerarik izan ez zutenak. Ahal zutena egin zutenak: baina batez ere gure sorreraren errudun nagusiak izan zirenak. Eskerrik asko».

Oraindik irakurtzeko tarterik hartu ez baduzue: Genealogia (berriz).

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:18

Eusko Jaurlaritzak onartu du martxoaren 8rako adierazpena. Beatriz Artolazabal sailburua ari da irakurtzen, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:15

BERRIAk bere egoitza nagusia duen Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean ere mobilizatu dira hainbat emakume. Bizitzak erdigunera eramateko eskatu dute, eta giza katea egingo dute. Han da Oihane Puertas Ramirez kazetaria.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:12

ELA eta LAB, Donostian ere bai

Zaintzaren aldarria Donostiara ere heldu da, LAB eta ELA sindikatuen eskutik. Han da Jone Arruabarrena BERRIAko kazetaria. LABek Gipuzkoako Foru Aldundia inguratu du giza kate baten bidez, eta ELAk bidea moztu du Kursaal parean.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:03

EAJk Emakume Abertzale Batzaren sorreraren mendeurrena baliatu du aurten, Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarriak egiteko. «Gure irrintziak darrai» lelopean, azken urteetan alderdiko kide izan diren hainbat emakume bildu dituzte bideo batean. Hitzak Karmele Erraztik duela ehun urte esandakoak dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:00

Nafarroan, LABek PSNren egoitzaren aurrean egin du elkarretaratzea, «zaintzetako langileen baldintzak duintze aldera zaintzekin negoziorik egin ez dadila eskatzeko».

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

11:53

Zaintzeko beste modu bat aldarri

Zaintza sistema publiko baten inguruko aldarria zabaltzen ari da mugimendu feministan, eta lelo nagusia izaten ari da aurtengo Martxoaren 8ko protesta askotan. Zergatik, ordea? Besteak beste, pandemiak agerian utzi duelako zaintza guztiz beharrezkoa dela, eta, aldi berean, egungo eredua agortuta dagoela. BERRIAk gai hori aztertu zuen joan den igandean:

- Maria Angeles Duran, soziologoa: «Etxeko lanak publifikatzeko 91.858 lanpostu sortu behar dira».

- Adinekoen zaintzari adabakien bidezko erantzunak ematen zaizkio sarri, ahulak, eta, gehiegitan, lan baldintza eskasegietan ari diren andreen bidez.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

11:45

Instituzioek eta alderdiek berdintasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzte

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen ugari egin dituzte instituzioetako buruek eta alderdi politikoek. Beatriz Artolazabalek salatu du emakumeek «presio handia» jasaten dutela beren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean. Berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berretsi ditu EAJk, eta feminismoaren aldarrikapenak bere egin ditu Ahal Dugu-k.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

11:39

AEK-ko kideen argazkiak ikusgai, «indarrak batzeko»

Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira, AEK-k emakume langileen argazkiak zabaldu ditu, haien lana eta presentzia ikusarazteko, baita «indarrak batzeko» ere. Izan ere, erakundean parte hartzen duten kide eta irakasle gehienak emakumeak direla nabarmendu du; %63,9, hain zuzen ere. AEK-k gaineratu du euskararen zein emakumeen egoera «zeharo okertu» dela.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

11:19

Hasi dira ikasleen mobilizazioak

GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak 11:00etan hasi du protesta, Elurretatik. Emakume langileon antolakuntzaz, berdintasun faltsua borrokatu da kalera atera duten leloa.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

11:03

Euskal PEN klubak azken hamabi hilabeteotan argitaratu duten euskal emakume idazleak bildu ditu afixa bakarrean. Guztira 83 emakume dira.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

10:36

LABek protestak antolatu ditu goizean

Zaintzaileen lan baldintzen alde borrokatzeko helburuarekin, mobilizazioaetara deitu du LAB sindikatuak 11:00etan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Foru Aldundiaren aurrean; eta Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean.

Arratsaldean, gainera, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egiteko eskatu du sindikatuak.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

09:58

ELAk zaintzaren inguruko ekintzak antolatu ditu

Zaintza oinarri hartuta, ekitaldi bat antolatu du ELA sindikatuak 10:00etan, Donostiako Kursaalean. Amaia Perez de Orozkok Euskal Herriko zaintza sistemaz arituko da, eta, horren ondoren, zaintza esparru ezberdinetako langileek hitz egingo dute.

Sindikatuak, gainera, mobilizazioetara deitu du: 12:00etan hasiko da lehenengoa, eta Donostiako kale nagusiak zeharkatuko ditu. Arratsaldean, aldiz, mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egingo du ELAk.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

09:52

Ikasleek mobilizazioetara deitu dute

Unibertsitateetako neska ikasleek protestak egingo dituzte goizeko 10:00etan, Donostian, Gasteizen, Leioan eta Eskoriatzan.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

09:46

Erakundeek kalera ateratzeko deia egin dute

Instituzio publikoek mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Emakundek adierazi duenez, Emakumearen Nazioarteko Egunean kalera ateratzea «inoiz baino beharrezkoagoa» da; «berdintasunerako une erabakigarria» delako.

Arartekoak ere gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren beharra azpimarratu du ohar baten bidez, eta Nafarroako Legebiltzarrak bat egin du Martxoaren 8ko aldarriekin, adierazpen instituzional baten bidez.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

09:38

Zaintza jarriko dute erdigunean

Mugimendu feministak zaintza jarriko du erdigunean gaurko mobilizazioetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, esaterako, «publikoa, doakoa eta integrala» izango den zaintza sistema bat exijitzen du. Euskal Herriko Bilgune Feministak ere ideia horren inguruan ondu du aurtengo kanpaina. Eta Euskal Herriko Neska Gazteek ere zaintza jarri dute erdigunean, eta sare sozialetan gogora ekarri dute «zaintzarik gabe bizitzarik ez» dagoela.

Sindikatuek ere bat egin dute zaintza erdigunean jartzearekin. LAB sindikatuak, adibidez, «zaintzaren negozioa desegitera» deitu du. CCOOk ere nabarmendu du zaintza lanei «balioa ematearen» garrantzia, eta ELAk prekaritaterik gabeko zainketa sistema publiko baten alde mobilizatzera deitu du.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

09:24

Sistema «erretzeko» deia egin du mugimendu feministak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioetara deitu du gaur arratsalderako, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean. «Kriminala eta jasanezina» den sistema «heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali» nahi du mugimenduak. Horretarako, hiriburuetan zein hainbat herritan antolatu dituzte manifestazioak.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pablo Gonzalez kazetaria, atxilotua izan aurretik. ©BERRIA

Gonzalezek kartzelan segi dezala eskatu du fiskalak

Jone Arruabarrena

Fiskaltzak argudiatu du arriskua dagoela Pablo Gonzalez kazetariak ihes egiteko. Poloniako auzitegiak hilaren 23an aztertuko du eskaria
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Etxeko bisita bakarra bulego bateko zazpi bisitaren baliokide da»

Oihane Puertas Ramirez

Gaur egungo psikiatriako arretako eredua aldatu eta etxez etxeko arreta sustatuko duen eredu bat proposatzen du Tizonek. Haren ustez, eredua eraginkorragoa, merkeagoa, gizatiarragoa eta demokratikoagoa da.
 ©Eider Eibar

Etorkizuneko ekotopia amestuz

Jone Arruabarrena

Etengabe ohartarazten ari dira hedabideak, baita planeta bera ere: klima larrialdia iritsi da. Baina norantz jo behar da krisi horretatik ateratzeko? Zein da helmuga? Gizakiak etengabeko hazkundearen logikari jarraituko ez dion mundu bat; ongizatearen pertzepzioa guztiz aldatuko dena: ekotopia.

Eider Eibarren ilustrazioa. ©

Etorkizuneko ekotopia amestuz

Jone Arruabarrena

Etengabe ohartarazten ari dira hedabideak, baita planeta bera ere: klima larrialdia iritsi da. Baina norantz jo behar da krisi horretatik ateratzeko? Zein da helmuga? Gizakiak etengabeko hazkundearen logikari jarraituko ez dion mundu bat; ongizatearen pertzepzioa guztiz aldatuko dena: ekotopia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.