Zinema

'Instructions for Survival' filmak irabazi du Zinegoak sari nagusia

Epaimahaiak nabarmendu du gorputzaren erabilera nola landu duten filmean. 17 minutos con Nora lana izan da sarituena film laburren artean: ikusleen eta gazte epaimahaiaren sariak lortu ditu.

Yana Ugrekhelidzeren 'Instructions for Survival' filma. ZINEGOAK
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 7a
20:03
Entzun

Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak gaur jakinarazi ditu aurtengo lan saridunak, eta transen errealitateak eta bizipenak jasotzen dituzten filmak izan dira protagonista. Film luzeetan, Instructions for Survival nagusitu da, eta laburretan, berriz, 17 minutos con Nora. Yana Ugrekhelidzek zuzendutako dokumentalak, Zinegoak sari nagusiaz gain, beste bi ere irabazi ditu: Dok saria eta aniztasunaren eta giza eskubideen saria.

Georgian girotuta dago Instructions for Survival filma, eta bi pertsonaren istorioa kontatzen du: bata transa da, eta bestea zis heterosexuala. Epaimahaiaren arabera, giroa oso erasokorra den arren, aurrera egiteko borrokan jarraitzen dute, euren gorputza erabiliz «independentzia ekonomikorako elementu gisa». Amatasun subrogatuaren gaia lantzea ere positibotzat jo dute: «Gai hau eztabaidatzea beharrezkoa da, are gehiago film honek duen sentsibilitate eta maisutasunarekin».

Eman dituzte sari gehiago ere. Krak sariaren irabazlea Reka Valerik zinemagilearen Silent Voice izan da. Fik pelikularik onenaren saria, berriz, Laura Samaniren Piccolo corpo-k lortu du. Epaimahaikideek azaldu dute elementu zinematografiko guztiek bat egiten dutela: «Ikus-entzuleak ezagutu gabeko sentsazio eta emozioak jasotzen ditu». Bestalde, Angeles Cruzen Nudo mixteco filmari eman diote lesbianismo eta generoaren saria, duen «sakontasuna» aintzat hartuta. Mexikoko komunitate indigena bateko hiru emakume protagonisten istorioak «kontatu, ordezkatu eta gerturatzen» ditu.

Euskal Aktoreen Batasunak ere jaialdian izandako antzezpenik onenak saritu ditu. Fikziozko film luzeko antzezpen nagusirik onenaren saria Women Do Cry filmeko Maria Bakalovarentzat izan da, «bere freskotasun eta arriskuagatik»; eta taldeko antzezpen onenarena Pio Marmai aktoreak irabazi du, La fracture lanarekin.

Film laburren kasuan, Imanol Ruiz de Lararen 17 minutos con Nora izan da sarituena. Bi sari irabazi ditu: ikusleena eta gazte epaimahairena. «Pelikularen argazkia oso erreminta indartsua da», argudiatu dute.

Azkenik, ZG PRO saria ematen zaie garapen prozesuan dauden proiektuei, eta Lola Clavok zuzendutako Mujeres, una oda butch lana izan da irabazlea.

Aipamen berezia egin diete, halaber, beste zenbait lani: Dok epaimahaiak How the Room Felt pelikulari; Fik-ek C.B. Yi zinemagilearen Moneyboys filmari; aniztasunaren eta giza eskubideen epaimahaiak Catherine Corsiniren La fracture lanari; lesbianismo eta generoarenak Isabelle Solasen Nuestros cuerpos son sus campos de batalla pelikulari; gazte epaimahaiak Nans Laborde-Jourdaaren Léo la nuit filmari; eta Euskal Aktoreen Batasunak Lazaros Georgakopoulos aktoreari, Moon, 66 questions pelikulan egindako lanagatik.

Ikusten segitzeko aukera

Gaur egin dute jaialdiaren itxiera ekitaldia, baina aurreratzean ere izango da filmak ikusteko parada. Martxan jarri dute Zinegoak-eko leiho digitala, eta, Filmin plataformaren bidez, film batzuk ikusgai egongo dira hilaren 13ra arte; tartean, Sail Ofizialeko hamabi film luze.

Bestalde, Euskal Herriko hainbat herritan ere proiektatuko dituzte lanak, ZG Hedapena eta ZineGogoak egitasmoei esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.