Instituzioek eta alderdiek berdintasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzte

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak adierazpen bat onartu du: EAEko Berdintasun Legearen garrantzia aldarrikatu eta gizartearen engaiamendua eskatu du. EAJk berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berretsi ditu, eta Ahal Dugu-k feminismoaren aldarrikapenak bere egin ditu.

Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 8a
11:15
Entzun

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen ugari egin dituzte instituzioetako buruek eta alderdi politikoek. Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak adierazpen bat onartu du egunaren harira, eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak irakurri du eguerdian. Adierazpenean, Jaurlaritzak gogorarazi du berdintasunaren alde aurrerapausoak eman diren arren oraindik badela «gizon eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun eza». Besteak beste, desberdintasun horren adibide batzuk aipatu ditu agirian: soldata arrakala, emakumeek botere eta erabakiguneetara iristeko dituzten zailtasunak, zaintza eta etxeko lanen banaketa desorekatua eta emakumeen aurkako indarkeria.

Eusko Jaurlaritzak «konpromiso irmoa» agertu du benetako berdintasuna lortzeko, eta horren adibide jarri du Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Berdintasun Lege berria. Araua «mugarria» izan dela uste du, eta «eraldaketarako tresna» bilakatzeko lan egingo duela azpimarratu. Jaurlaritzaren iritziz, berdintasun legea bezalako tresnak behar dira aurrera egiteko, baina baita gizarte osoaren «borondatea eta ekarpena» ere. Ildo horretan, gogora ekarri du Emakunde Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri ituna bultzatzen ari dela. Erantsi du ezinbestekoa dela berdintasunaren aldeko pausoak bizkortzea, eta gizarteari norabide horretan engaiatzeko galdegin dio.

Goizean, Artolazabal elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta bere departamentuak Martxoaren 8rako prestatu duen kanpaina azaldu du. Esplikatu duenez, kanpainarekin «emakumeek jasaten duten diktaduraren gordinkeria» erakutsi nahi dute, eta gaiari buruz gizartea zuzenean interpelatu. «Emakumeek eta, bereziki, neska gazteek, presio handia jasaten dute beren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean. Gorputzen «nahitaezko perfekzioa», ezarritako «edertasun kanon zorrotzak» edota «hipersexualizazioa» aipatu ditu Artolazabalek. «Erreakzionatzeko garaia» dela esan du, nesken autoestimuari, osasunari eta munduan duten posizioari zuzenean eragiten dieten mezuak saihesteko garaia, alegia.

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzuaren zenbait datu ere eman ditu Artolazabalek. Iaz, Satevi programan (900-840 111 arreta telefonoan) 2.955 dei jaso ziren, eta horietatik 2.159 biktimek beraiek egin zituzten. 60 urtetik gorako emakumeek egindako dei kopuruak gora egin du, bai eta azken hamarkadan indarkeria matxista pairatzen ari diren andrazkoen kopuruak ere.

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak, berriz, adierazpen bat kaleratu du Martxoaren 8a dela eta. Jeltzaleek Genero berdintasuna gaur, etorkizun jasangarri baten alde lelopean ospatuko dute aurten Emakumeen Nazioarteko Eguna; hain justu, Nazio Batuen Erakundeak aukeratutako lema da hori. «Ez dago garapen iraunkorrik benetako berdintasunik gabe. Horregatik, 2030 Agendaren helburuekin bat eginez, aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela emakumearen papera, ahotsa eta errealitatea kontuan hartua izan dadin, gizarte justuago eta jasangarriago baten eraikuntzan».

EBBk adierazpenean azpimarratu duenez, aurtengo Martxoaren 8an garrantzi berezia izango du Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Berdintasun Legeak, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka «jauzi kualitatiboa» egiteko modua emango duelako arauak. Halaber, EAJk emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa berretsi ditu: «Berdintasun politikak funtsezko elementua dira, are gehiago COVID-19ak eragindako krisialditik irteten ari garen honetan, gizarte jasangarri eta justu bat eraikitzeko garaian». Zaintzaren ikuspegitik, emakumeek jasaten duten karga «neurriz kanpo» areagotu denez, EAJk berretsi egiten du «kontziliazio erantzukidea» eta zaintzaren eremuan berdintasuna sustatzeko politiken beharra.

Ahal Dugu alderdiak, berriz, manifestu bat kaleratu du, Arrazoi ugari daude izenburupean. Testuan, ohartarazi dute pandemiak handitu egin dituela emakume eta gizonen arteko arrakalak, datuek erakusten dutenez: «Emakumeen eta gizonen arteko erabateko parekotasuna ez da 2058ra arte lortuko; helburu hori pandemiaren aurreko azterketarekin alderatuta, hiru urtetan luzatu da berdintasuna lortzeko epea». Horrekin batera, emakumeek egunero eta leku guztietan jasaten duten indarkeria matxistak amaitzea premiazkoa eta lehentasunezkoa dela azpimarratu du. Ahal Dugu-ren iritziz, COVID-19aren pandemiatik eta, oro har, «patriarkatuak berekin dakarren gaixotasun sozialaren pandemiatik» soilik atera ahal izango da «ikuspegi feminista intersekzionala» aplikatzen bada arlo guztietan. Hala, herritar guztiei dei egin diete bat egin dezaten mugimendu feministak egindako aldarrikapenekin eta deialdiekin, Martxoaren 8an ez ezik, baita urte osoan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.