'Kote Cabezudo auzia'

Kote Cabezudo: «Ni nintzen orkestra zuzendaria»

Fiskalaren galderei erantzuten hasi da argazkilaria, hamazazpi modelok jarri dizkioten salaketak direla eta 

Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako epaiketako lehenbiziko saioa, gaur, Gipuzkoako auzitegian. MAIALEN ANDRES, FOKU
arantxa iraola
2022ko martxoaren 8a
11:31
Entzun

Gipuzkoako Probintzia Auzitegian Kote Cabezudoren aurkako epaiketa hasi da. Akusatuak hartu du hitza. Esana zuen soilik fiskalaren galderei erantzungo ziela, eta halaxe egin du: haren galderak eta defentsako abokatuenak erantzun ditu. Biluzien argazkiak-eta egin izan dituzten artista batzuen gaineko mirespena erakutsi izan du Cabezudok; haienarekin ere alderatu izan du bere lana, eta horien harira egin dizkio fiskalak lehen galderak. Lan horietako batzuk «haur pornografiatzat» hartu izan direla esan dio fiskalak, horren gaineko sententziak badirela. Baina Cabezudok adierazi du argazkilari horiek erakusketak egin izan dituztela museotan-eta, liburuak ere egin izan dituztela, eta ezin direla txartzat hartu. Gizartearen begirada aldatu dela argudiatu du. «Orain dela hamar-hamabi urtetik hona, inork ez du deus jakin nahi biluziez», argudiatu du: «Ez daude ondo ikusita». Egindako galderez harago ere, behin eta berriz saiatu da bere estudioan argazkiak nola egiten zituen azaltzen. Emakumeak «zuzendu» egiten zituela argudiatu du: «Ni nintzen orkestra zuzendaria».
Modeloek, ordea, zer egingo zuten «beti» jakin zutela azaldu du, kontratuak izenpetzen zituztela informazio horrekin, eta, adingabeen kasuan, gurasoek ere jakiten zutela beti dena. Hainbat modelorekin eta haien gurasoekin eta gertukoekin izandako harremanei buruzko xehetasunak ematen ahalegindu da akusatua, harreman horien joritasuna nabarmentze aldera.
«Egongo da jendea munduan argazki hauek gogoko ez dituena», azaldu du Cabezudok. Baina horren atzean erlijioa eta «muturreko» ikuskerak egon daitezkeela adierazi du. Fiskalak galderak egin dizkio, banaka, salaketak jarri dituzten modelo guztien inguruan. Hamasei andreren ordezkaritza du denera fiskalak; akusazio partikularrak, berriz, hamazazpirena, baina horietako lauk salatutako delituak preskribatuta daude.
Zenbait gauzaz ez dela akordatzen esan du akusatuak, eta ahaleginak egin ditu galderak bere erara erantzuteko, erretratugile gisa lan egiteko zuen modua zein zen azaltze aldera, bereziki, xehetasun horietan indarra jartze aldera. Ukatu egin du inoiz argazki «pornografikoak» egin izana. «Gaur egun denari esaten zaio pornografia», deitoratu du. «Sentsualtasunarekin» lotutako argazkiak egiten zituela esan du, deus «desatseginik» ez dela agertzen horietan. Modeloei egindako sexu erasoei buruz ere galdera egin dio fiskalak, baina ukatu egin ditu.
Galderak egin dizkio akusatuari bere informatika ezagutzei buruz ere, argazki asko Interneten-eta zabaltzen baitzituen gero, baina urriak direla esan du. Adierazi du, halaber, sarean zabaldutako zenbait argazki erretiratzen saiatu zela, bereak ez ziren plataformetan zeudelako, baina ezinezkoa izan zitzaiola. Goraipatu egin du bere burua esanez modeloekin izenpetzen zituen kontratuen arabera modua izango lukeela egiten zizkien erretratuak gero «hirugarrenei» saltzeko. «Baina ez nuen inoiz ere horrelakorik egin».
Ez dira «txotxongiloak»
Bere lan egiteko era zein zen azalduta, egotzi dizkioten delituen gaineko erantzukizuna zuritu nahi izan du argazkilariak. Esan du andreak ez zirela «txotxongiloak» bere estudioan. Garai batean izan zuen famari ere hainbat aipamen egin dizkio, adieraziz modeloetako askok argazki saio ugari egin zituztela berekin, urte askotako harremana izan zutela elkarrekin. Nabarmendu nahi izan du, baita ere, harreman ona izan duela modelo horietako askorekin. «Denera, gizon eta emakume, 600 modelo baino gehiagori egin dizkiet erretratuak», zehaztu du. Horiek horrela, salaketa jarri duten andre modeloen egoera psikologikoari ere erreparatu nahi izan dio, argudiatuz haurtzaroan sorburua duten arazo «pertsonalen» ondorioz erabaki dutela bere aurka egitea. UNED urrutiko unibertsitatean psikologia ikasketak egiten ari dela argudiatu du, eta horretan oinarritzen dela hori esateko.
Cabezudok deklaratuta, eten bat izango du orain epaiketak. Bihar ekingo diote berriro; argazkilariaren kontrako salaketak jarri dituzten andreek hartuko dute hitza. Gaurko saioa eta gero, akusazio partikularra daraman abokatuak hitza hartu du kazetarien aurrean: adierazi du akusatuak epaimahaiaren esandakoak atzera botatzeko «ebidentziak» aurkeztuko dituztela datozen asteetan auzitegian.
Gogorarazi behar da orain dela bederatzi urte jarri zutela lehen salaketa argazkilariaren kontra. Lehen urteetan motel joan zen auzibidea; kartzelan sartzeko lehen eskeen aurrean ere libre geratu zen akusatua, baina jada ia lau urte daramatza preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.