Gerra Ukrainan

Atzio Orexa: «Lan asko eginez, baina dena oso azkar eta erraz joan da»

Eslovakiara joan diren lau furgoneten egitasmoan parte hartu du Atzio Orexak. Ekinbidearen nondik norakoak kontatu dizkio BERRIAri.

Olatz Artola Apeztegia - Nagore Arin
2022ko martxoaren 8a
12:21
Entzun

Ukrainako guda lehertu zenean zerbait mugitu zen Atzio Orexa Nergroup taldeko Gizarte Konpromisoko proiektuen koordinatzailearen barnean. Kezkaz begiratzen zion gertatzen ari zenari, eta, hori ikusirik, modu batean edo bestean laguntzeko beharra sentitu zuen. «Azkar eta arin zerbait antolatuko bagenu, ez litzateke gaizki egongo, ez?» galdetu zion bere buruari, eta, buelta gehiago eman gabe, Nergroupeko beste lagun bati kontatu zion bururatu zitzaion ideia. «Hasieratik argi ikusi genuen material bilketa egin behar genuela, baina normalean egiten ez dugun moduan. Oraingoan hornitzaile handiengana jo behar genuen, haiek eman dezaketena eskatuz», kontatu du.

Materiala biltzeaz gain, hainbat furgonetatan Ukrainako muga ingurura joateko gidari bila ere hasi ziren: «Harri bati ostiko bat eman, eta bi gidari genituen; gero baziren hiru, gero lau... Halako batean, zortzi genituen. Lan asko eginez, baina dena oso azkar eta erraz joan zen». Martxoaren 5ean abiatu ziren Eslovakiara, lau furgonetatan, eta, hiru egun errepidean igaro ostean, atzo iritsi ziren helmugara: goizean goiz iritsi ziren Kosicera, Ukrainako mugatik 60 bat kilometrora dagoen hirira. Bertan, haiek hiru egunez gidatutako furgonetetara igoko ziren 26 ukrainar iheslariak ezagutu zituzten: hemeretzi heldu eta zazpi haur. Baita hiru zakur eta bost katu ere.

Beste bidaia bat

«Sartu furgoneta batean, eta 2.500 kilometro egingo dituzu, ezagutzen ez dituzun pertsona batzuekin, ezagutzen ez duzun toki batera». Horrela laburbildu du Nergroupeko Gizarte Konpromisoko proiektuen koordinatzaileak ukrainar iheslariak furgonetetara igotzeko orduan sentitu izan dezaketena. Ulertzen du «mesfidantza» apur bat egotea; izan ere, bigarren bidaia da haientzat; bigarrena, lehena gerratik ihesi egin ostean. «Ez da erraza beste bidaia bat hastea; oraingoan, 26 pertsona horientzat. Logela berri batzuetan, etxe berri batzuetan, ingurune berri batzuetan, hizkuntza berriekin, ohitura berriekin...», aitortu du.

Ikusi gehiago:Bizitza oso bat maletan sartuta

Ukraina eta Eslovakia arteko mugara joan dira laguntza eskaintzera, Ukraina eta Polonia artekoan iheslari asko bai, baina gobernuz kanpoko erakunde asko ere badaudelako, eta laguntza saretuago dagoelako. «Eslovakiara ere ukrainar asko joaten ari dira, eta laguntza behar dute», azaldu du Gizarte Konpromisoko proiektuen koordinatzaileak. Halaber, azpimarratu du ukrainarrei laguntzeko ekinbide hau ez dela ekintza bakana Nergroup taldearentzat: elkarteko enpresek 11 urte daramatzate irabazien %5 elkartasun eta gizarte proiektuetarako baliatzen, eta langileek lanerako denboraren %2 eskaintzen diete.

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=CYMfWCftNa8[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.