Sindikatuek eta ikasleek morez bete dituzte Donostiako kaleak

ELA eta LAB sindikatuek mobilizazioetara deitu dute, eta Donostiako eskoletako ikasleak ere manifestazioa antolatu dute hirigunean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.

ELAk antolatutako manifestazioa, Zurriolako zubitik igaro denean. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 8a
15:19
Entzun

Manifestazio bat beste baten atzetik. Morez jantzitako emakumeak han eta hemen. Kaleak bustitzen zituzten oihuak nonahi. Protestek esnatu dute gaur Donostia, eta karrikek ez dute bakerik izango egun osoan; manifestazio andana antolatu dute zenbait eragilek. LAB sindikatuak, esaterako, 11:00etan jarri du ordua. Dozenaka emakume bildu dira —langileak eta liberatuak— Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean protesta egiteko. Guztiek zeramaten zerbait morea soinean; txaleko bat gehienek, Pikete feminista leloarekin. Moreak ziren Gipuzkoa plazako zuhaitzetan jarri dituzten afixak ere; «Bultza! Zaintzaileen lan baldintzei» zioten kartelek. Mezu bera zeukaten banatu dituzten eskuorriek ere. Arbola batetik bestera eskegi dute soka luze bat, eta kordatik zintzilik garbiketarako eskularruak, garbitzaileen arropak... Martxoaren 8an, eskegi egin dituzte emakumeen lanerako arropak.

Giza kate more luze batek inguratu du orduan, pixkanaka, Gipuzkoako Foru Aldundia. Kate horren begi bat zen, hain zuzen, Nani Rodriguez. Etxez etxeko laguntza ematen duen langile bat da, eta «zaintza lanak egiten dituzten langileen eskubideak babesteko» irten da gaur kalera: «Gure lanbidea ikusarazi nahi dugu, eta aldarrikatzen dugu zaintzak publikoa izan beharko lukeela, gaur egun dauzkagun baldintza prekarioak hobetzeko». Bozgorailuetatik zetozen oihuak ez ziren eteten: Zaintzaileak borrokan, Zuen aberastasuna gure miseria eta halako kontsignak ozen entzuten ziren. Txantxibiri herri kantuaren bertsio bat ere abestu dute manifestariek: «Aldundira goazenean, Martxoaren 8a denean, kateekin lotzen gara agintarien aurrean».

Gipuzkoa plazako oihuak ozen entzun dira; Kursaal aurrean ELAk deitutako protestak bezain ozen. Eraikin horren barruan ekitaldia izan dute sindikatu horretako liberatuek, eta, 12:00 inguruan, arduradunak kanpora atera direnean, txalo eta oihu artean hartu dituzte eraikinaren aurrealdean bildu direnek. «Gora borroka feminista!» eta tankerako oihuak entzun dira. Txaloka zebilen Arritxu Arranz zahar etxe bateko langilea ere. «Emakume izate hutsagatik» uste du garrantzitsua dela martxoaren 8an kalera ateratzea: «2017tik borrokan gaude erresidentzietako langileok, eta gizonen eta emakumeen arteko arrakala hori apurtzeko garrantzitsua da gaur hemen egotea».

Hala ere, ez dira luzerako geratu. Berehala hasi dira ELAko logoa zeukaten ikurrinak nonahi agertzen, eta oihal erraldoi batzuk ere atera dituzte protestara bildu direnek. «Gipuzkoako erresidentziak borrokan» zioen afixa erraldoi horietako batek. Aurrealdean zeramaten pankartak, berriz, zaintza publikoa aldarrikatzen zuen «denontzat». Bidea trabatu, eta Zurriolako zubitik igarota, erdialderako bidea hartu du manifestazioak. Ozen oihukatuz zebilen Maialen Aranburu, ELAko liberatua: «Zaintza zerbitzuen duintzea eta publikotasuna aldarrikatu nahi ditugu, horrela bertako langileen lan baldintzak ere hobetzeko».

Gipuzkoa plazan bukatu dute protesta ELAko manifestaziora bildu direnek ere; LABeko protesta bukatua zen jada, baina oraindik zuhaitzetan ikus zitezkeen arrastoak. Guztiak bildu dira foru aldundiaren aurrean, eta Zutik emakumeak kantua abestu dute.

ELAren protesta bukatzerako, erdialdean beste oihu batzuk entzuten ziren jada. Oraingoan, neska gazteek hartu dute Bulebar ingurua. Kartoiz eta errotuladorez egindako afixekin zioan neska talde bat, protesta harrapatu nahian. «Egun garrantzitsua da emakumeen eskubideen alde borrokatzeko, eta ikastolatik protestetara etortzeko aukera eman digute», esan du Zurriola ikastolako Ane Odriozolak. Ikasle Sindikatuak deitu du protestara, eta Donostiako zenbait eskolatako ikasleak batu ditu Bulebarrean. Ahots urratuek «Martxoaren 8a egunero da» zioten. Kiosko aurrean geratu dira, eta antolatzaileek azaldu dute beharrezkoa dela «indarkeria matxistaren, justizia patriarkalaren, LGTBIfobiaren eta faxismoaren aurka» borrokatzea. Arduradunek bozgorailuetatik esaten zutenari adi-adi zegoen Altza institutuko Ainhoa Gabilondo. Bat zetorren entzuten zuenarekin: «Gaur egun, ezberdintasun oso handia dago oraindik, eta guk borroka egin nahi dugu ezberdintasun horiek desagerrarazteko. Denok berdinak gara hemen». Eguerdi aldera bukatu da protesta, eta ikasleek eskoletara bueltatu behar izan dute. Arratsalderako deitu dituzten protestetara ere bilduko dira horietako asko.

CCOO eta UGTk ere protesta egin dute

Donostian egin dituzten mobilizazioez gain, gainontzeko sindikatuek ere protesta ugaritara deitu dute. UGTk eta CCOO-k, esaterako, Iruñean antolatu dituzte elkarretaratzeak, eta adierazi dute politika guztiek «berdintasuna» helburu izan behar dutela. Bi sindikatuek beraien burua feministatzat jo dute, eta azaldu dute «genero ikuspegia» txertatzen dutela beraien praktika guztietan.

Besteak beste, erasoentzako barne protokoloak aipatu dituzte, baina garrantzi berezia eman diete zaintzaren sektorean genero ikuspuntuak daukan garrantziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.