Europako Batasunak «hedabide kaltegarriak» zigortzeko tresna bat iragarri du

Josep Borrell diplomaziaburuak nazioarteko esku hartzeen inguruko txosten bat aurkeztu du Europako Parlamentuan, eta gogor jo du Errusiaren aurka: «Kremlinek sistematikoki esaten ditu gezurrak». Russia Today eta Sputnik «inbasioaren parte» direla esan du.

Josep Borrell, gaur, Estrasburgoko (Frantzia) parlamentuan. JULIEN WARNAND / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 8a
16:15
Entzun

«Informazioa da demokraziaren erregaia, eta, kutsatuta badago, baldintzatuta egongo da herritarren iritzi politikoa ere». Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuaren hitzak dira, Europako Parlamentuan gaur esandakoak. Han aurkeztu du nazioarteko esku hartzeei buruzko txosten bat, batzorde parlamentario batek osatutakoa. Gogor jo du Errusiaren aurka; azaldu du «atzerriko eragileak Europako Batasuneko inguru informatiboa» kutsatu nahian dabiltzala, eta esan du «zerbait egin beharra» dagoela.

Hori dela eta, iragarri du «desinformatzen duten hedabide kaltegarriak zigortzeko mekanismo bat» proposatuko duela, eta lantzen ari diren tresna multzo baten parte izango dela mekanismo hori. Helburua da «etorkizunean irmo erantzutea», eta horretarako arrazoiak badaudela azaldu du: «Informazio askatasuna babestu behar da, eta desinformazioa eragotzi. Borroka erabakigarria da demokraziarentzat».

Albistea eman aurretik, Errusiaren jarduna gaitzetsi du Borrellek: «Ukrainako inbasioak erakusten du garrantzitsua dela atzerritik datozen esku hartzeei eta desinformazioari adi egotea». Diplomaziaburuaren hitzetan, Errusiak informazio faltsua baliatzen du eraso militarra babesteko, eta azaltzeko haiek zergatik egin dituen, zein den Ukrainako egoera... «Inbasioaren aurretik testuingurua prestatu dute: biktima gisa aurkeztu dute Errusia, eta Volodimir Zelenski, berriz, Mendebaldearen txotxongiloa den genozida bat balitz bezala».

«Erasoaldiaren parte dira»

Ez du hor amaitu Borrellek. Esan du Moskuk informazio faltsuaren bidez ahuldu nahi izan duela legez hautatutako gobernu bat, Ukrainakoa. Sistematikoki gezurra esatea ere egotzi dio Kremlini, besteak beste, esateagatik Ukrainako armadak bere herrialdeko herritarrak bonbardatzen dituela: «Historia interpretagarria da, baina Zelenski nazi genozida bat dela esatea ez da interpretagarria». Kontakizun hori sortzeko tresnak Errusiako Gobernuaren hedabideak izan direla esan du; diplomaziaburuaren iritziz, «haiek ere erasoaldiaren parte dira»: «Buruak bonbardatzen ari dira, herritarren espirituak». Horrela arrazoitu du EBk Russia Today eta Sputnik hedabideak debekatu izana batasuneko kide diren 27 herrialdeetan.

Dena den, Kremlinek komunikazioarekiko hartutako erabakiak gaitzetsi ditu Borrellek: «Errusian hedabide independenteak zapaltzen ari dira; Twitter, Facebook eta hainbat hedabide atzerritar debekatu dituzte, eta informazio faltsua deitzen diotena zabaltzen duenari hamabost urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete». Herritarrak erabat bakartzea egotzi dio Moskuri, «ez dezaten jakin zer ari den gertatzen».

Amaitzeko, informazioaren garrantzian azpimarra egin du diplomaziaburuak, eta «babestutako ondasun bat» izan behar duela esan du: «Herritar bat haragia erostera doanean baditu produktu horren kalitatearen bermeak. Gauza bera egin behar dugu informazioarekin; ezin diogu adimenak kutsatzen utzi».

Zer dio txostenak?

Borrellen hitzartzearen aitzakia atzerriko esku hartzeei buruzko batzorde bereziaren txosten bat izan da. Hark ere gomendatzen ditu «desinformazioaren aurkako zigorrak»: «Halako neurrien gabeziak eragiten du EB atzerriko hedabideentzat erakargarria izatea».

Txostenak, ordea, ez du desinformazioaz soilik hitz egiten. Azpimarra berezia egiten du Vladimir Putinen Errusia Batua alderdiak EBko hainbat alderdi politikorekin dituen harremanetan. Txostenean aipatzen diren gehienak eskuin muturreko alderdiak dira —Alemaniako AfD, Italiako Lega Nord eta Hungariako Fidesz—, baina «Kataluniako subiranismoaren ordezkari talde bat» ere ageri da. Ustez, EBko herrialde kideak ezegonkortzeko estrategia baten parte dira harreman horiek.

Dokumentuak dioenez, «Europako agintariek ez dakite zein mehatxu larria diren atzerriko erregimen autokratikoak, nagusiki Errusia eta Txina». Horien aurka egiteko tresnetako bat izango lirateke Borrellek iragarritako «desinformazioaren aurkako neurriak». Sare sozialetako legeak ere gogortzea ekarriko luke horiek indarrean jartzeak.

Azkenik, txostenak hainbat gomendio ere biltzen ditu: «hedabide pluralista handienak» babestea; sareko plataformek legez kanpoko edukiak atzemateko dituzten sistemetan inbertitzea; EBko alderdi politiko jakin batzuen eta Errusiaren arteko harremanak argitzea; EBko alderdi politikoak atzerritik finantzatzea debekatzea; zibersegurtasuna hobetzea, eta eragoztea atzerriko eragileek kargu garrantzitsuak izan dituzten politikari ohiak erosi ahal izatea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.