Energia

AEBek Venezuelako eta Irango ateak jo dituzte, petrolio eske

Errusiako petrolioa eta gasa inportatzeari utziko diote AEBek, eta Nicolas Maduro laguntzeko prest azaldu da.

Joe Biden, aurreko astean eginiko agerraldi batean. JIM LO SCALZO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 8a
17:24
Entzun

AEBak prest azaldu dira azkenengo urteetan bere etsai handienetakoak izandako bi herrialderi jarritako zigorrak kentzeko edo eteteko. Venezuelako eta Irango ateak jo ditu petrolio gehiago ekoiztu dezatela eskatzeko.

AEBek Errusiako petrolioa eta gasa erosteari utziko diotela jakinarazi du Joe Biden presidenteak astearte honetan eginiko agerraldi batean. Orain arte, Errusiako gasa eta petrolioa AEBek eta Europak ezarritako zigorrez libratu dira, Europaren mendekotasun handiagatik. Baina, azken egunetan, ugaritu egin dira boikotaren aldeko ahotsak; hala eskatu zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak joan den asteburuan. AEBen erabakia sinbolikoa litzateke; inportatzen duen petrolio guztiaren %8 baino ez baita Errusiakoa; Europaren kasuan, %27.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak baieztatu dute bi gobernuetako ordezkariak asteburuan bildu zirela Caracasen, eta «agenda komun» batean lan egiteko aukera planteatu dutela, «segurtasun energetiko globalaren alde». Xehetasunik ez zuten plazaratu, baina aldeek onartu dute zehazki petrolioaz hitz egin zutela. Maduro laguntzeko prest agertu da. «Venezuela buru izango da petrolio merkatua egonkortzeko egitasmoetan». Horren harira, esan du herrialdeak ahalmena izango lukeela bere ekoizpena eguneko hiru milioi upelera igotzeko. AEBek 2019tik ezartzen dizkioten zigorrak tarteko, 800.000 upel ingurukoa da gaur egun.

Venezuelako Gobernuak ez du gaitzetsi Errusiaren inbasioa, baina Maduro gatazkaren ondorioengatik «kezkatuta» azaldu da bere azken agerraldian. Nabarmendu du «diplomaziaren, hitzaren eta egiaren garaia» dela, eta ezin dela «bakeari eragiten dion gerra baten alde egon».

Irango aukerari buruz, aurreko astean jakin zen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buruak herrialde horretako goi funtzionarioekin bildu zirela Teheranen eta gauza bera egiten ari direla, 2018an ezarritako debeku batzuk kentzea edo etetea aztertzeko. Akordiorik balego, Iranek 4,5 milioi petrolio upel ekoitziko lituzke egunero; gaur egun, 2,5-3 milioi ekoitz ditzake gehienez.

Shell-en barkamena

Shell konpainia anglo-herbeheretarrak, berriz, astearte honetan iragarri du ez duela Errusiako petrolio gehiago erosiko, joan den astean egindako erosketa baten harira jasotako kritiken ondoren. «Badakigu gure erabakia, horniduren segurtasunean pentsatuta hartu dugun arren, ez zela zuzena izan, eta sentitzen dugu», adierazi du Ben van Beurden Shelleko kontseilari delegatuak.

Shellek jakinarazi du «berehala» utziko diola Errusiako petrolioa erosteari, ez dituela eperako kontratuak berrituko, eta Errusian dituen auto eta hegazkinentzako zerbitzugune guztiak itxiko dituela. Gainera, ziurtatu du Ukrainako herritarrak pairatzen ari diren gerraren ondorioak arintzeko erabiliko dituela Errusiako petroliotik lorturiko irabaziak.

Gasarekin loturiko negozioei ere eragingo die erabakiak. Joan den astean jakinarazi zuen asmoa duela Errusiako Gazpromekin batera parte hartzen duen enpresa bateratuetatik ateratzeko, eta Errusia eta Alemania lotzen dituen Nord Stream 2 gasbidean duen parte hartzea salduko duela. 2021aren amaieran, Shellek 3.000 milioi dolar inguru (2.680 milioi euro) zituen Errusiako enpresetako aktiboetan, eta aitortu du erabakiak kaltea eragingo diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.