Klima larrialdia

Munduko CO2 isurketak inoizko handienak izan ziren 2021ean

%6 handitu dira karbono dioxido isurketak, COVID-19aren ondorengo susperraldi ekonomikoaren erruz. Energia berriztagarrien sorkuntza ere inoizko handiena izan da, baina ezin izan du konpentsatu erregai fosilen hazkundearen eragina.

Alemaniako ikatz bidezko zentral bat. SASCHA STEINBACH / EFEA
inaki petxarroman
2022ko martxoaren 8a
20:08
Entzun

COVID-19aren pandemiak berotegi gasen isurketak nabarmen jaitsi zituen 2020an. Baina pandemiaren osteko berraktibatze ekonomikoak are eta gehiago igo ditu 2021ean. Hain da horrela, ezen, IEA Nazioarteko Energia Agentziak argitaratutako txostenaren arabera, iaz inoizko CO2 isurketarik handienak egin baititu munduak: 36,3 gigatona (Gt). Orain arte, 2019. urteak jo zuen errekorra, 36,1 gigatona karbono dioxido isuri baitziren urte hartan, baina iazko datuak atzean utzi du hori ere.

2020tik 2021era gertatu den isurketen hazkundea ere inoizko handiena izan da, IEAk egindako ikerketaren arabera: bi gigatona baino gehiagoko ugaritu ziren CO2 isuriak urte batetik bestera. Agentziak ikatzaren erabilera handiari egotzi dio igoera nabarmen hori, eta gasaren prezioetan izan ziren gorabeherek eta hazkundeak horretan eragin izan zutela gaineratu du.

Datu horien aldean, eta, paradoxikoa bada ere, munduak beste inoiz baino energia berriztagarri gehiago ere sortu zuen iaz.

IEAk urtero berritzen du txostena, eta herrialdez herrialde aztertzen ditu eskura dauden azken datuak. Metano eta oxido nitrosoaren isurketak ere ikertu ditu IEAk berriki, eta ondorioa ere bera da: berotegi gasen isurketak goreneko mailara iritsi dira 2021ean.

Nazioarteko Energia Agentziak adierazi du zenbakiek garbi utzi dutela pandemia ondoko susperraldi ekonomikoa ez dela izan «iraunkorra». «Munduak orain erakutsi beharko du igoera hori behin-behinekoa dela», azaldu du IEAk prentsa ohar batean.

Ikatzaren kontsumoa, gora

Txostenak agerian utzi du zein den isurketen hazkunde handiaren eragile nagusia: ikatzaren erabilera. Hain zuzen ere, 2020tik 2021era izandako bi gigatonako hazkunde horren %40 ikatzaren erabilera igo izanak ekarri du. Guztira, ikatz errekuntzak 15,3 gigatona CO2 eragin zituen iaz. Gasari dagozkion isurketak ere 2019koen gainetik kokatu ziren: 7,5 gigatona.

Petroliotik eratorritako isurketak, baina, ez ziren iritsi pandemia aurreko mailara, garraioari dagokion jarduera ez zelako COVID-19aren aurreko arokoaren parekoa izan, batez ere. Horretan zeresan handia dauka hegazkingintzak, ez zuelako 2019koaren adinako jarduerarik izan, IEAren arabera. Petrolioari dagozkion karbono dioxido isurketak 10,7 gigatona izan ziren 2021ean.

Erregai fosiletan oinarritutako energia sorkuntza hazi egin zen 2021ean, baina berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza ere inoizko handiena izan zen: 8.000 terawatt-orduko (TWh) maila gainditu zuen, 2020an baino 500 TWh gehiago. Energia eolikoak eta fotovoltaikoak izan zuten hazkundearen ondorioz ugaritu zen sorkuntza, batik bat. Gainera, energia hidraulikoaren sorkuntza gutxitu egin zen, lehorteek Brasilen eta AEBetan izandako eraginarengatik batez ere.

IEAk jakinarazi du gasaren prezioaren garestitzeak AEBetan eta Europan ikatz gehiago erabiltzea ekarri zuela 2021ean. Baina, hala ere, Txinan izan zuen ikatzaren erabilerak hazkunderik handiena: 2019an baino750 milioi tona ikatz gehiago erabili zuten iaz.

Txina eta India

Txinari dagozkio iazko CO2 isurketa guztietatik 11,9 gigatona; hau da, mundu osoko isurketen %33 inguru. Energia eskaera asko handitu zen Txinan iaz (%10), eta herrialdearen barne produktu gordinaren hazkundea (%8,4) ere gainditu zuen eskaera hazkunde horrek. Elektrizitate eskaera hazkunde horren erdia bete zuten ikatzarekin, nahiz eta herrialdean energia berriztagarrien hazkundea ere inoizko handiena izan zen.

Indian ere handitu ziren isurketak, 2019koen gainetik. Herrialde horretan ere, elektrizitate sorkuntzarako ikatza erabiltzeak eragin du isurketen hazkundea. Ikatzaren bidezko elektrizitate sorkuntza 2020an baino %13 handiagoa izan zen Indian iaz, eta, gainera, berriztagarrien hazkundea moteldu egin zen. Aurreko bosturtekoan berriztagarrien sorkuntzak izandako hazkundearen batezbestekoaren heren bat ingurukoa izan zen 2021ean.

Ekonomiarik indartsuenetan ere hazkundea 2019koaren gainetik egon zen, baina CO2 isurketak ez ziren maila berean igo, IEAren esanetan: «Horrek erakusten du jaitsiera egiturazkoago bat. AEBetan 2021eko isurketak 2019an baino %4 txikiagoak izan ziren. Europako Batasunean %2,4 txikiagoak. Japonian %3,7 jaitsi ziren 2020an, eta %1 egin zuten gora 2021ean».

Herrialde horietako batez besteko per capita isurketak Txinakoak baino txikiagoak direla nabarmendu du IEAk. 8,2 tonakoak dira munduko herrialde aberastuetan, eta 8,4 tonakoak Txinan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.