«Zaintza lanak politikoak» direla ozen esan dute kaleetan

Milaka emakumek hartu dute parte Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Zaintza sistema publikoa aldarrikatu du mugimendu feministak, eta kolektiboa indartzeko deia egin du.

Maite Asensio Lozano - Ekhi Erremundegi - Gotzon Hermosilla
2022ko martxoaren 8a
21:02
Entzun

Borrokatzeko, aldarrikatzeko eta, aurten bereziki, elkartzeko eguna berreskuratu dute feministek gaur. Milaka emakume atera dira iluntzean kalera Euskal Herriko hirietan zein herrietan, sistema «patriarkal, kolonial, kapitalista, estraktibista, biozida, heteronormatiboa eta kapazitistaren» aurka egiteko, eta zaintza sistema publikoaren premia azaleratzeko. «Zaintza lanak politikoak dira: funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko», esan dute. Hala, mugimendu feministara batzeko deia egin dute: «Gure artean antolatzen jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa da».

COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zaintza krisia, eta salaketa hori presente egon da mugimendu feministaren mobilizazioetan. «Emakumeok gure bizkarretan daramagu zaintza lanen zama», adierazi dute Bilbon; gogora ekarri dute lan horien oinarrian daudela «milaka emakume migratu eta arrazializaturen prekarietatea», lan merkatu formalean «ahulenen bizitzari eusten dioten milaka langile» eta «inolako aitortza sozial edo ekonomikorik barik» lan ez-ordainduak egiten dituzten emakumeak. «Ez gatoz apur eske: zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa nahi dugu».

Donostian eskaera zehatzagoak ere egin dituzte: zaintza sistema «ehuneko ehunean publikoa» izatea eta negozio ez bihurtzea, ordaindutako zaintza lanen «ikuskaritza bermatzea», etxeko langileak lan erregimen orokorrean txertatzea, atzerritar legea indargabetzea eta gizonek «zaintzarekiko ardurak hartzea», besteak beste. Izurriaren ondorioz, «desberdinkeriak eta injustiziak nabarmen handitu» direla erantsi dute, eta bestelako antolakuntza sozial bat galdegin dute: «Heteronormatibitatean eta familia nuklearrean antolatutako gizarte honetan, bestelako bizimodu eta gorputzok ez dugu lekurik. Sistema bera zalantzan jartzen dugun ereduok, sistemak berak bere mekanismo guztiekin bazterrera bultzatzen gaitu. Beraz, sistema irauli nahi badugu, familia nuklearretik eta heteronormatik harago pentsatzen jarraitu behar dugu: familiaren ulerkera tradizionala irauli, komunitatean pentsatu, bestelako zaintza sareak osatu...».

Iruñean ere zaintza sistema publikoa, enplegu duina, indarkeria pairatu gabe bizitzeko eskubidea eta horiek guztiak lortzeko antolakuntza feministaren beharra aldarrikatu dute. Instituzio publikoak «indarkeriaren erantzule» egin dituzte, «arretan eta prebentzioan baliabide nahikorik jartzen ez dutenean edo emakumeen hitza auzitan jartzen dutenean». «Feminismoa jo puntuan duen faxismoa» ere arbuiatu dute, eta emakumeen kontra «gorrotoz eta amorruz» jotzea leporatu diote.

Baionan, 300 pertsonak elkarretaratzea egin dute Merkatuko plazan, talde feminista batek baino gehiagok deituta. Indarkeria bizi duten emazteen babesa eta harrera eskubidea aldarrikatu dituzte. Frantziako presidentetza hauteskundeak ere hizpide izan dituzte, kanpainan zehar aldarrikapenak plazaratzeko beharra azpimarratuta.

Gasteizen, berriz, Osakidetzako langileen protestak ere hartu dituzte gogoan, eta Santiago ospitaleko larrialdien itxiera salatu dute: «Ez dugu onartuko pandemia osasungintzako aurrekontua murrizteko aitzakia bihurtzea. Osasun zentro publikoetako aldarrikapenekin bat egiten dugu, eta osasungintza publikoaren kolapsoa saihesteko neurriak eskatzen ditugu».

Emakumeen etxeak aldarri

Tokian tokiko eskaerak eta aldarrikapenak ere egin dituzte mobilizazioetan. Bilboko martxan, geldialdia egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean: hark kudeatzen dituen zaintza zerbitzuak «merkatuaren esku ez egotea» galdegin dute, txistuka. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak ere gogoan izan dituzte Donostian: «Urteak daramatzate greban, eta aldundiak entzungor egiten jarraitzen du».

Bi hiriburuotan emakumeen etxeak ere izan dira aldarri. Bilbon ez dago halakorik, eta mugimendu feminista aspaldi ari da eskatzen San Frantzisko auzoko eraikin batean egiteko Koloretxe proiektua: «Aliantzak ehuntzeko eta komunitate feminista elkartu eta indartzeko gune bat behar dugu». Baionan ere eskaera bera egin dute. Donostian, berriz, espazio handiago bat behar dute: «Emakumeen Etxeak 11 urte daramatza behin-behineko egoeran, esleitu zitzaigun eta inoiz eman ez zaigun 2.000 metro koadroko lokal baten esperoan». Gasteizen, bestalde, etxeko langileek gune propio bat eskatu dute: «Ordu libreetan nora joan ez duten langileak hartzeko, bizipenak konpartitzeko eta antolatzeko, gure eskubideak zaintzeko».

Izan ere, pandemiaren ondoriozko distantzia sozialak izandako eraginaren ostean, mugimendu feminista sendotzeko beharra aipatu dute mobilizazioetan, «aliantza berriak sortu eta daudenak indartzeko». Gogora ekarri dute borroka feminista egunero egiten dela, eta batzeko deia egin diete emakumeei: «Kaleak hartzen jarraitu behar dugu, elkarrekin. Egungo indibidualismoa amaitu eta elkartasunean eta komunitatean oinarrituko diren bizitzak eraiki behar ditugu. Eta hori guztia bakarrik ezin da egin, hemen gauden guztiak gara ezinbestekoak bide honetan».

Gerraren aurkako aldarriak ere izan dira; Bilbon, esaterako, pankarta batean gaitzetsi dituzte gerra guztiak: «Gerra indarkeria da, pobrezia, bizitza apurtuak, segurtasunik eza eta etorkizunik eza». Gasteizen ere hitza hartu dute amaierako ekitaldian: «Estatuek sinestarazten digute gerrak herritarren segurtasunerako konponbide bakarra direla, baina biolentzia heteropatriarkalaren muturreko adierazpena baino ez dira, eta onuradun bakarra kapitalismo basatia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.