Guatemala

Guatemalan gogortu egin dituzte abortatzeagatik jarritako zigorrak

Kongresuak onarturiko legearen arabera, espetxealdiak hiru urtetik bost eta 25 urte artera igoko dituzte. Emakumeek soilik bizitza arriskuan dutenean eten ahal dute haurdunaldia.

Guatemala Hirian ere milaka lagun atera dira kalera Emakumeen Nazioarteko Egunean. ESTEBAN BIBA / EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 9a
13:43
Entzun

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, abortatzeagatik jarritako zigorrak gogortzea onartu du Guatemalako Kongresuak. Espetxealdiak hiru urtekoak ziren orain arte, eta, lege berriaren arabera, bost eta 25 urte artekoak izango dira aurrerantzean. Haurdunaldia eteteko eskubidea kasu bakarrean edukiko da oraindik ere: emakumearen bizitza arriskuan dagoenean.

Familiaren eta Bizitzaren Babeserako Legeak eztabaida handia eragin du Erdialdeko Amerikako herrialdean, are gehiago murriztu dituelako emakumeen eskubideak. Testuak 102 diputaturen babesa jaso du gaurko ordu txikietan egindako bozketan, eta horren edukiak bat egiten du Alejandro Giammattei herrialdeko presidentearen jarrerarekin, agintaria beti agertu baita abortua despenalizatzearen kontra.

Viva alderdi kontserbadoreko Anibal Rojasek aurkeztu zuen lege proposamena, 2017an, eta harrezkeroztik bide luzea egin du, kontrako manifestazioak izan arren. Parlamentuko saioan ere egin dituzte hainbat kexa diputatuek, eta kalean ere egin dute protesta emakumeen eskubideen aldeko taldeek, Kongresuan ordezkari politikoak bilduta zeudela.

Eztabaida horretan, legearen defendatzaileek argudiatu dute testua ez dela emakumeen eskubideen kontrakoa; horietako bat da izan da Patricia Sandoval diputatu eskuindarra, zeinak argudiatu duen onarturiko legea herritarren «nahiaren isla» dela.

Jarrera hori ikusita, Walter Felix parlamentari ezkertiarrak erantzun dio herrialdean gehien urratzen den eskubidea «bizitzarena» dela, eta bide beretik jo du Semilla zentro-ezkerreko alderdiaren diputatu Lucrecia Hernandezek: «Haurdunaldi bat galtzea suntsitzailea da. Lege honek automatikoki jartzen dio emakumeari errudun etiketa, doluan egon arren. Bat-bateko abortuak kriminalizatzen eta zigortzen ari dira, eta hori arriskutsua da».

Haurdunaldia eteten dutenen espetxealdiak handitzeaz gain, «abortu baten erantzuleari edo emakumearen oniritzirik gabe abortu maniobrak» egiten dituenari ere kartzela zigorrak ezartzea aurreikusten du testuak; zehazki, 50 urtera artekoak. Kasu horretan, «abortu kalifikatutzat» joko dute.

Familia, «gizon batek eta emakume batek»osatua

Haurdunaldia eteteari buruzko neurriez gain, lege berriak mugak ezarri dizkio familia ereduari, «familia bat gizon batek, emakume batek eta seme-alabek» osatzen dutela onartu baitu Kongresuak.

Horrekin batera, balio kontserbadoreez haragoko edukia hezkuntza sistematik kanpo geratuko da, eta, beraz, haurrek eta nerabeek ez dute «genero ideologiarekin eta aniztasun sexualarekin zerikusia duten programarik edo politikarik» jasoko eskoletan.

Legeak, gainera, espresuki debekatzen du «heterosexualak ez diren edo gizakiaren aspektu biologikoarekin eta genetikoarekin bateragarriak ez diren jarrera sexualak normaltzat» irakastea, eta, horren bidez, Kode Zibila erreformatu dute sexu berekoen ezkontza debekatzeko.

Parlamentuko bozketaren ondoren, Jordan Rodas Giza Eskubideen prokuradoreak esan du legeak giza eskubideak eta Guatemalak sinaturiko nazioarteko hitzarmenak «urratzen» dituela, eta jakinarazi du testua Auzitegi Konstituzionalera eramango dutela, legez kanpokoa izenda dezaten. «Politikariak familiaz eta bizitzaz aritzen dira, baina praktikan beste gauza batzuk egiten dituzte», adierazi zu Rodasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.