100 film inguru proiektatuko dituzte Ikuspuntu jaialdian

Datorren astelehenetik larunbatera egingo dute festibala, Iruñean. Hitzaldiak, performanceak eta beste ere izango dira

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 9a
15:55
Entzun

Martxoaren 14an, datorren astelehenean, hasiko da Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XVI. aldia; 19ra arte egingo dute festibala. Programazio oparoa osatu dute: 100 film inguru proiektatuko dituzte, hogei herrialde baino gehiagotakoak. Tartean, bi estreinaldi izango dira: Ione Atenearen Los caballos mueren al amanecer eta Javier Codesalen Evangelio mayor. Hitzaldiak, mahai inguruak, performanceak, Arga ibaian paseoa eta beste egiteko aukera ere izango da.

Gaur aurkeztu dute jaialdia, egitarauaren xehetasun guztiak emateko. Jaialdiak zazpi atal nagusi izango ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begiradak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programa. Berriak dira Lan eta Kontaktuak sailak. Lan atalak sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak izango ditu «ardatz». Kontaktuak atala, berriz, bidea izango da zinema «sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzen» jarraitzeko. Jarduerak sei egoitzatan banatuko dira. Dagoeneko salgai daude sarrerak.

Antolatzaileen arabera, publiko guztientzako proposamenak jaso dituzte. Bi atzera begirako izango dira: Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzkoa, eta ibaien ingurukoa, «zinemaren historian agertu izan diren elementu sozial eta naturalen gida». Azaldu dutenez, proiekzio, aurkezpen eta solasaldiez gain, gai horiekin lotutako gonbidatuak izango dira, eta eztabaidarako jarduerak prestatu dituzte.

Jaialdiaren goiburuetan, «Nafarroako Fototekako funtsaren estereoskopiak» berreskuratu dituzte. Argazkien sakontasunarekin jolastuz, bi plano irudikatu dituzte, eta plano horiek mugimendua sorrarazten dute. «Horrela, argazkiak bere zentzua eta forma berreskuratzen ditu. Goiburu bakar baten ordez hainbat bertsio egiteko aukera ematen duen formatuaren alde egitea erabaki dugu». Hemezortzi egin dituzte. Proiekzio guztien hasieran proiektatuko dute.

Nafarren presentzia

Nafarroak ordezkaritza «garrantzitsua» izango duela azpimarratu dute: «Gure ikus-entzunezkoen industriak bizi duen sasoi onaren adierazgarri da». Besteak beste, Ione Atenea zinemagilearen filmarekin inauguratuko dute jaialdia; Arantza Santestebanek 918 GAU aurkeztuko du Sail Ofizialean; eta San Simón 62 filma estreinatuko dute —X Films proiektuaren azken aldiko garailea izan zen, eta urte osoan ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri Nafarroan barrena filma grabatzen—. Nafarroako ibaiak ere presente egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.