Sei korridore humanitario ireki arren, bideak oztopatzea egotzi diote Errusiari

Errusiako iturrien arabera, Ukrainak eraso egin die Mariupolgo hainbat zibili. IAEAk ez du arriskurik ikusi Txernobylgo zentraleko segurtasunean. Bi aldeetako atzerri ministroak gaur bilduko dira.

Adin guztietako zibilak Irpin hiritik ateratzen, Kiev hiriburutik gertu, gaur. MIKHAIL PALINCHAK / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 9a
21:00
Entzun

Zibilentzako korridore humanitarioak berriz ere martxan daude bigarren egunez jarraian. Ukraina ipar-ekialdeko Sumiko 5.000 herritar herenegun «arrakastaz» ebakuatu ondoren, beste bost korridore zabaldu zituzten atzo herrialdeko zenbait eremutan, Errusiako Gobernuarekin su etena adostu ostean, Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek azaldu duenez. Lehen korridorea Energodar eta Zaporizhia artean zabaldu dute; bigarrena, Mariupol eta Zaporizhia artean; hirugarrena, Volnovakha eta Pokrovsk artean; laugarrena, Pasa eta Lozova artean (Kharkiv oblasta); eta bosgarrena, Vorzel eta Belgorodka artean (Kiev oblasta). Ebakuazio bide horiek hamabi orduz zabalik egongo zirela hitzartu zuten.p>

Nolanahi ere, Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak salatu du «geldiarazi» egin behar izan dutela Iziumeko ebakuazio plana, «Errusiaren erasoen ondorioz». Halaber, Mariupol hiriko 400.000 pertsonarentzako baino gehiagorentzako laguntza humanitarioa eta ebakuazioa blokeatzea egotzi dio Kulebak Moskuri. Russia Today hedabideak jasotakoaren arabera, berriz, hainbat herritarrak ezin izan ziren korridoreetara heldu, «Ukrainako armada erasotzen ari zitzaielako euren etxeetatik ateratzean». Gainera, Gurutze Gorriak esan zuen Mariupogo zibilek bizi duten egoera «apokaliptikoa» dela. «Jendeak ez du ez urik, ez janaririk, ez elektrizitaterik eta ez gasik».

p>

Hori gutxi ez, eta hiri horretako haur ospitale bat bonbardatu zuen arratsaldean Errusiako armadak, eskualdeko administrazio militarreko buru Pavlo Kirilenkok sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere gogor gaitzetsi du Errusiaren ekintza, eta Mendebaldeari mintzatu zaio: «Gelditu sarraskiak! Boterea duzue, baina badirudi gizatasuna galtzen ari zaretela».p>

Jada 2,15 milioi herritarrek ihes egin dute Ukrainatik, Nazio Batuen Erakundearen arabera, eta gutxienez 516 zibil hil dira, tartean 37 haur, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo iragarri zuenez. Horietatik 111 pertsona Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliketan hil dira.p>

Txernobylgo zentral nuklearraren harira, bestalde, Ukrainako Ukrenergo enpresa energetikoak atzo iragarri zuenez, zentral nuklearra sare elektrikotik «erabat deskonektatu» dute, Txernobyl eta Kiev lotzen dituen 750 kilowatteko potentzia linea bat moztuta, Errusiako indarrek otsailaren 24an hasitako inbasioaren ondorioz. Ohartarazi du zentral nuklearrean energia hornidura galtzeak airean substantzia erradioaktiboak askatzea eragin dezakeela, eta horiek ingurumenera zabal daitezkeela.p>

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, ordea, ez du segurtasunean halako arriskurik ikusi, ohar batean adierazi duenez. IAEAko zuzendari nagusi Rafael Grossik esan duenez, gastatutako erregaia biltegiratzeko igerilekuaren karga termikoa eta Txernobylgo zentraleko hozte uraren bolumena nahikoak dira beroa eraginkortasunez ezabatzeko, hornidura elektrikoaren beharrik gabe. Bestalde, Errusiak arratsaldean salatu duenez, Ukrainako indarrek eraso egin diote zentral nuklearra hornitzen duen sare elektrikoari, eta aditu errusiarrak izan dira berehala jardun zutenak erreserbako diesel sorgailuak aldatzeko, Sputnik agentziaren arabera.p>

Arlo politikoan, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Ukrainako haren homologo Kuleba gaur bilduko dira Antalian (Turkia). Kremlineko eledun Dmitri Peskoven iritziz, batzar hori «negoziazio prozesuaren zati garrantzitsua» izango da. «Errusiak negoziazioekin jarraitzeko interesari eutsi dio. Errusiaren jarrera oso argia da». Hori bai, Peskovek ohartarazi du «potentzialki arriskutsua eta zitala» izan daitekeen egoera bat sortuko lukeela Poloniak MiG-29 hegazkinak Ukrainara transferitzeko egindako proposamenak.p>

Zelenskik, bestalde, mezua igorri dio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari. Haren esanetan, nazioartea izango da «hondamendi humanitario baten erantzulea», Ukraina babesteko aire eremua debekatzen ez badu. «Errusiak misilak, hegazkinak eta helikopteroak erabiltzen ditu Ukrainako zibilen, gure hirien eta gure azpiegituraren aurka. Munduak erantzuteko betebehar humanitarioa du», esan du, Reuters agentziaren arabera.p>

EBko agintarien bilera,gaurp>

Ukraina prest dago NATOko kide bihurtzeko asmoari uko egiteko, Moskurekiko konpromiso gisa, Zelenskiren aholkulari Ihor Zhovkvak ARD Alemaniako telebista publikoan azaldu duenez. «Ukrainaren neutraltasunari buruz hitz egin dezakegu baldintza jakin batzuetan». Baldintza horiek tropa errusiarrak Ukrainatik erretiratzea eta su etena dira.p>

Europako Batasuneko agintariak ere gaur elkartuko dira, Frantzian, eta ziurrenik beste neurri batzuk adostuko dituzte Errusiaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.