NEGOZIAZIOAK

Ukrainak eta Errusiak ez dute aurrerapausorik eman korridore humanitarioetan eta su etenean

Eskatutako 24 orduko menia errefusatzea egotzi dio Ukrainak Errusiari. Moskuk, berriz, errefuxiatuei irteten ez uztea leporatu dio Zelenskiren gobernuari, eta nabarmendu du Bielorrusiako elkarrizketak direla formatu bideragarri bakarra. 

Errusiako eta Ukrainako Atzerri ministroak, gaur, Turkian. CEM OZDEL / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 10a
12:09
Entzun

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek eta Ukrainako haren homologo Dmitro Kulebak Turkian gaur goizean izan duten bilerak ez du fruiturik eman. Hizketan jarraitzeko borondatea agertu duten arren, oso urrun dago duela bi aste piztu zen gerrari amaiera emateko aukera. Kulebak iragarri duenez, ez dute aurrerapausorik eman Errusiako tropek setiatutako Mariupol hiria ebakuatzeko korridore humanitario bat irekitzeko, ezta su etena adosteko ere. «Helburu humanitario batekin etorri naiz: Mariupoldik irten nahi duen jendearentzat korridore humanitario bat irekitzea. Zoritxarrez, Lavrov ministroa ez zegoen engaiatzeko prest».

Errusiako Atzerri ministroak, berriz, korridore humanitarioak sabotatzea leporatu dio Ukrainari, bilera osteko agerraldian. «Egunero saiatzen gara bideak irekitzen, baina ez dute jendea ebakuatzen uzten». Halaber, nabarmendu du Bielorrusiako elkarrizketak direla formatu bideragarri bakarra. «Gaurko elkarrizketak baieztatu du bide honek ez duela alternatibarik», esan du. Hori bai, Lavrovek gogorarazi du Errusia edozeinekin hitz egiteko prest dagoela. «Egoera honetatik atera nahi dugu».

Huek dira Errusiak Ukrainari egin dizkion eskaerak negoziazioetan aurrera jarraitzeko: Krimearen anexioa eta Donbassko herri errepubliken independentzia onartzea, Ukrainaren estatus neutrala aitortuko duen konstituzio berri bat sortzea eta herrialdea desmilitarizatzea.

Ikusi gehiago:Sei korridore humanitario ireki arren, bideak oztopatzea egotzi diote Errusiari

Lavrovek, bestalde, mezu zuzena igorri dio nazioarteari. Salatu duenez, Mendebaldea «arma hilgarriak» bidaltzen ari da Ukrainara, eta urte asko iraungo duten kalteak eragiten ari da Donbass eskualdean. Errusiako Atzerri ministroak erantsi du Mendebaldea «modu arriskutsuan» jokatzen ari dela: «Ukrainari eta mertzenarioei armak bidaltzen dizkietenek ulertu behar dute zenbateko arriskua duen egiten ari direnak». Eta gaineratu du: «Beste herrialde batzuek, EB [Europako Batasuna] barne, eduki dezaketen arriskua ikusten dugu, arma hilgarriak esportatzen baitituzte Ukrainara».

Errusiako Atzerri ministroaren esanetan, ez dute beste herrialdeei erasotzeko asmorik. «Eta Ukrainari ere ez gatzaizkio erasotzen ari. Askotan azaldu dugu: Errusiaren segurtasunerako arriskutsua zen egoera batean geundela ohartarazi genuen. Urteak generamatzan salatzen, baina inork ez zigun kasurik egiten. Horrez gain, Donbassen jazo diren gertakariek agerian utzi dute hurrengo hilabeteetan Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken aurkako eraso bat egiteko asmoa zuela Ukrainak». Horrez gain, Errusiak salatu du Kiev arma biologikoen osagaiak garatzen ari zela AEBen babesarekin. «Horrek asko kezkatzen gaitu», esan du Lavrovek.

Errusiako ministroak ziurtatu du Vladimir Putin Kremlineko burua Zelenskirekin biltzeko prest dagoela, «bilerak akordioa lortzeko balio badu eta balio erantsia ematen badu».

Gainera, TASS agentziak jakinarazi duenez, Moskuk ez du berriro Europar Kontseiluan parte hartuko, Errusiako Atzerri Ministerioak agiri batean iragarri duenez. Izan ere, Kremlinen ustez, EBko eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek Europar Kontseilua «suntsitzeko bidean» jarraitzen dute. Halaber, salatu duenez, EBko herrialdeek eta NATOk Europako Kontseiluan duten gehiengoaz «abusatzen» dute, beren ikuspuntuak «inposatzeko». «Ez gara gehiago Mendebaldearen menpeko izango, traizioa egingo baitigu bere baloreei traizioa egiten dien modu berean», zehaztu du.

EBko agintariak gaur elkartuko dira, Versaillesen, Frantzian, eta ziurrenik beste neurri batzuk adostuko dituzte Errusiaren aurka.

Zazpi korridore humanitario

Negoziazioak negoziazio, Ukrainako agintariek zazpi korridore humanitario ireki dituzte, errusiarrek erasotako hirietatik biztanleria zibila ebakuatzeko: Borodiankatik Kiev hiriburura, Sumitik Poltavara, Krasnopilliatik Poltavara, Iziumetik Lozovara, Volnovakhatik Pokrovskera eta Mariupoletik Zaporizhiara. Dagoeneko 60.000 herritar atera dituzte, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eman dituen datuen arabera. Nolanahi ere, hiriak «zailtasun handiz» husten ari dira.

Gerra hotsek, ordea, ez dute etenik. Ukrainako armadaren esanetan, borroka «gogorrak» izaten ari dira herrialdean barreiatuta, batez ere Kharkiven Ojtirkan (Sumi oblasta), Odesan eta Mariupolen, Ukraina hegoaldean. Azken bi hiri horiek bereganatzea garrantzitsua da Errusiarentzat, hori eginda korridore bat osa dezakeelako Transnistriatik Donbassko herri errepubliketara, eta horrek erabat blokeatuko lioke Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea.

Hain zuzen, Ukrainako Atzerri ministroak atzo Errusiari leporatu zion Mariupol hiriko 400.000 pertsona baino gehiagorentzako laguntza humanitarioa eta ebakuazioa blokeatzea. Errusiako tropek atzo hiri horretako haur ospitalea bonbardatu zuten, eta hiru lagun hil ziren, besteak beste bi adingabeko. Eraso gogor hura ukrainarren aurka egiten ari diren «genozidioaren azken froga» dela adierazi du Zelenskik. Sputnik Errusiako agentziak jasotakoaren arabera, berriz, Ukrainako tropek eskola bat bonbardatu dute Dokutxaevsken, Donetskeko Herri Errepublikan.

Suedia, neurriak hartzeko prest

Errusiaren inbasioak herrialde erraldoiaren auzokoak asaldatu ditu, eta haien asmoak azkartu. Bada, Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek lasaitasun mezu bat igorri zuen atzo, eta errefusatu egin zituen NATOn sartzea planteatzeko oposizioaren deiak, argudiatuta orain eskaera bat egiteak Europako segurtasuna «ezegonkortuko» lukeela. Gaur, berriz, iragarri du urteko gastu militarra barne produktu gordinaren (BPG) %2ra igotzeko asmoa duela. «Suediaren inguruko segurtasun politikoko egoerak okerrera egin du aspalditik. Errusiak Ukrainari egindako erasoak are gehiago areagotzen du bilakaera hori», esan du herrialdeko lehen ministro Magdalena Anderssonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.