Hizkuntza eskubideak

Kontseiluak kanpaina bat abiatu du, Nafarroako euskararen dekretua alda dadin

Mobilizazio bat antolatzea aztertzen ari da, baina, aurretik, sentsibilizazio lana egingo du, gaia «gizarteratzeko». Kontseiluak uste du badagoela aukera dekretua aldatzeko.

Kontseiluak 2019an Iruñean deitutako mobilizazio bat, Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen dekretua edukiz hustu zuela salatzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 10a
12:49
Entzun

Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean kanpaina bat abiatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, Nafarroako Gobernuak euskararen dekretua, administrazio publikoko lan deialdietan hizkuntzak baloratzeko irizpideak zehazten dituena, alda dezala eskatzeko.

Gobernuak urtarrilean aurkeztu zien zirriborroa sindikatuei, eta zuzenketak egiteko epea ireki. Aurkeztutako agiriak berretsi egin zuen espero zena; alegia, atzerapausoak izango zirela euskara administrazio publikoan normalizatzeko prozesuan. Euskalgintzaren haserrea eragin zuen, bereziki, eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa kontuan ez hartzeak. Eremu mistoan, berriz, lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat euskara, zirriborroaren arabera.

Agiria ezagutarazi ondoko agerraldian, Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak «atzerapauso onartezintzat» jo zuten dekretua, eta gaur ere nabarmendu du haren larritasuna. «Iraganeko gobernuen hizkuntza politika ilunetan baino atzerapauso handiagoak egitea proposatu zuen gobernuak». Adibidetzat jarri ditu eremu euskaldunean lehen baino gutxiago baloratuko dela euskararen ezagutza, %20tik %10era murriztuz, eremu mistoan zenbait lanpostutan euskara ez dela aintzat hartuko, eta eremu ez-euskaldunean atzerriko hizkuntzek —alemanak, frantsesak eta ingelesak— merituak emango dituztela, eta euskarak ez. «Zirriborroak aurrera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Ondorioz, administrazioarekin, medikuekin, erizainekin... euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea larriki urratuko lirateke», ohartarazi du Kontseiluak.

«Dekretuan aldaketak exijitzeko, mobilizazioa antolatzea ere aztertzen ari da Euskalgintzaren Kontseilua», jakinarazi duenez. Lehenik, hala ere, egoeraren larritasuna gizarteratzeko asmoa daukate. Horretarako, dekretuak «herritarren eskubideetan eta ongizatean izango dituen ondorioen eta kalteen» berri emango dute. Ondoren, herritarrek jakinarazitako eskubide urraketak gobernuari helaraziko dizkiote, eta, azkenik, bilera sorta egingo dute eragile sindikalekin eta sozialekin, «beraien babesa eta atxikimendua lortzeko».

Izan ere, Kontseiluak uste du oraindik ere badagoela aukera dekretua aldatzeko, eta datozen hilabeteetan «indar guztiak» horretarako erabiliko dituela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.