ELAren arabera, auzitegiak ebatzi du Gipuzkoako Aldundiak lau andre diskriminatu dituela haurdun egoteagatik

ELAk nabarmendu duenez, arrazoia eman die EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 eguneko epea du errekurtsoa aurkezteko.

Auziaren berri emateko egindako prentsarrekoa, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 10a
13:30
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Gipuzkoako Foru Aldundiak lau emakume diskriminatu dituela haurdun egoteagatik. Hala azaldu du ELA sindikatuak, kasuaren berri emateko langileen abokatuak, langile batek eta sindikatuaren Gipuzkoako Foru Aldundiko liberatuak Donostian egin duten prentsaurrekoan. 2019ko errenta aitorpenerako kanpainarekin lotuta dago auzia. Sindikatuaren hitzetan, haurdun zeuden lau kaltetuak errenta aitorpena egiteko langileen zerrendan zeuden, baina aldundiak ez hartzea erabaki zuen, pandemia dela medio, haien osasuna osasuna arriskuan zegoela argudiatuta. ELAk «oso ongi» iritzi dio epaiari, eta epaitegiek arrazoia eman dietela goraipatu. Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 eguneko epea du epaiari errekurtsoa jartzeko.

Bi urte egin behar da atzera, 2020ko apirilera, kasuaren muinera jotzeko. Lau langileen abokatu Esther Uribetxeberriak esan duenez, pandemia bete-betean, foru aldundiaren deialdi publiko batean parte hartu zuten langileek. Hain zuzen, 2019ko errenta aitorpenaren kanpaina egiteko lan poltsara aurkeztu ziren. Baina aldundiak ez hartzea erabaki zuen: «Lau emakume hauei deitu zitzaien, eta haurdun zeudelako, aldundiak jakinarazi zien ez zituela izendatuko, COVID-19a zela-eta arrisku egoeran zeudelako».

Larraitz Gonzalez da emakume kaltetu horietako bat. Erabakiaren berri izan zuenean, «baztertuta» sentitu zen, eta «injustizia bat» iruditu zitzaion. Orduan, aldundiko ordezkari batekin hitz egin zuen, eta, Gonzalezen hitzetan, ez zion haiek ez hartzeko arrazoirik eman: «Ez zuen argudiorik, eta konturatu nintzen gure erabakia arinkeriaz hartu zutela». Hori horrela, «eskubide urraketari modu kolektiboan» erantzutea erabaki zuen, baita bide judiziala hartzea ere, ELAren laguntzarekin. Aldundiak hasieratik izandako jarrera deitoratu du: «Entzun behar izan dut ea pentsatzen al nuen nire umearen osasunean, nire kabuz hori pentsatzeko gai izango ez banintz bezala». «Paternalismoa» ikusi du aldundiaren moduetan. «Nire osasunaz eta nire burua nik zainduko dut».

Errekurtsoa jartzeko aukera

Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du «diskriminatu» egin zituztela haurdun egoteagatik, Uribetxeberriak azaldu duenez: «Auzitegiak dioena da aldundiak emandako arrazoiak, hala nola, pandemia zela eta haurdun egoteagatik arriskuan zeudela, ez zela arrazoi baliagarria edo legitimoa lanposturako ez izendatzeko, ezin dela egoera hau txeke zuri bat izan aplikagarria den legedia alde batera uzteko». Erantsi du: «Langile hauek izendatu egin behar zituen, eta arrisku egoera bazegoen, neurri egokiak hartu». Eta ezarri dioten zigorra ere esplikatu du: kanpainak iraun zuen bitartean jaso beharko zituzketen soldatak ez ezik «gainerako eskubide ekonomiko eta administratibo guztiak» ere aitortu dizkiete. Eta orain, zer? Seni Sosa ELAren Gipuzkoako Foru Aldundiko liberatuak ez du argi: «Ez dakigu ezer, eta ez dugu jakingo oraingoz». Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 egun ditu errekurtsoa aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.