Bolivia

Che Guevara exekutatu zuen militarra hil da

Mario Teranek 80 urte zituen. Gerrillaria «erraldoi» gisa ikusten zuela eta «begiak itxita tirokatu» zuela esan zuen elkarrizketa batean.

Che Guevararen omenezko monumentua, hura hil zuten lekuan, Boliviako La Higuera herrian. MARTIN ALIPAZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 10a
18:51
Entzun

Boliviako Santa Cruz eskualdeko erietxe batean hil da Mario Teran militarra, gauean. Hark exekutatu zuen Ernesto Guevara Che gerrillaria. 80 urte zituen Teranek. Egun batzuk zeraman Boliviako Armadako erietxe batean ospitaleraturik, eta atzo gauean sendatzeko aukerarik ez zuela ebatzi zuten sendagileek, militarraren ingurukoek esan dutenez. Gaixorik zegoen aspaldi.

Teran, sarjentu zeneko argazki batean. BERRIA

1967ko urriaren 8an harrapatu zuen Boliviako Armadak Che Guevara, segada batean. Ezkerreko hanka zauritu zioten, eta Higuera izeneko herrixkan preso hartu zuten. Urriaren 9ko goizean Boliviako Gobernuak esan zuen gerrillaria borrokaldi batean hil zela aurreko egunean. Baina Che Guevara bizirik zegoen oraindik.

Boliviako orduko presidente Rene Barrientosek bere gain hartu izan du Chehiltzeko agindua eman izanaren erantzukizuna. Teranek agindua azkar eta «diskurtsorik gabe» bete zuela esan dute lekuko batzuek. Baina Teranek berak Paris Match aldizkariak 1967. urtean argitaratu zuen elkarrizketa batean kontatu zuen nolakoa izan zen exekuzioa: «Nire bizitzako egunik txarrena izan zen. Gelan sartu nintzenean, 'ni hiltzera zatoz' esan zidan berehala. Ni ez nintzen ausartzen tiro egitera, eta Guevara oso handia ikusten nuen, erraldoia. Arma kenduko zidala ere pentsatu nuen. 'Baretu zaitez, eta ongi apuntatu', agindu zidan; 'gizon bat hiltzera zoaz!' Azkenean, begiak itxita tirokatu nuen».

Ondoren, gorpua Valle Grandeko ospitalera eraman zuten, eta ikusgai izan zuten; formol ugari erabili zuten, ustel ez zedin. Eta urriaren 10ean bi eskuak moztu zizkioten, hil izanaren froga gisa. Gorpuzkiak 30 urtez egon ziren Bolivian, 1997. urtean Kubara itzuli zituzten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.