Etxebizitza

Hautetsiak mobilizatuko dira gaur Lakarrin, espekulazioa salatzeko

Lakarrin espekulazioa salatuko dute gaur, kontseiluak deitu elkarretaratzean. 8.000 eurotan erosi borda 350.000 euroz goiti saltzea oztopatu nahi du auzapezak, mugimendu kolektiboan.

Joanes Etxebarria.
2022ko martxoaren 11
13:38
Entzun

Lakarrin salgai den borda baten prezioak Zuberoako bazterrak harrotu ditu. Ez da azken denboretako lehen kasua, baina herriko auzapeza eta herriko kontseilua ezohiko maneran mugiarazi ditu, espekulazioaren kontrako elkarretaratze batera deitu baitute gaurko. «Erreferentziek dituzte merkatuko prezioak finkatzen, etengabeko zikloa da», zehaztu du Yannick Fieux, EPFLko (Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoa) langileak. Horren jakitun, Dorothee Nabarra Lakarriko auzapezak dena egin nahi du bordaren salmenta ez dadin prezio horretan gerta.

Lakarrin iragan maiatzean hasi ziren susmoak: notario batek obrei lotu paper bat eskatu zuen herriko etxean, eta paperaren trukean, galdera auzapezak: ea zertarako behar zuen. Borda salgai zela salatu zion notarioak, 375.000 eurotan —geroztik 350.000 eurotan litzateke—, eta erosle bat bazela. Nabarra tematu zen hastapenetik: «Erran zidaten so egitea nola deklaratua zen: banekien bigarren egoitza bat zela, ez direlako hor bizi, baina paperetan etxebizitza nagusi gisa ageri zen». Diferentzia ez da ttipia salmentarako, bigarren etxebizitza bat saltzean balio emendatzearen %35a zerga gisa pagatu behar izaten baita. «Min egiten du», zehaztu du Nabarrak, eta saltzailearentzat segidak ere segur aski, auzapezak eskuratze agiria duen gutun artamendatua igorri baitzion altxor publikoari, jukutriaren abisua emateko.

Prezio espekulatiboan salgai jarri Lakarriko borda.Joanes Etxebarria

Kontseiluko beste kide batzuk, haatik, uzkur ziren hastapenean, “afera pribatu” batean sartzea zelakoan. «Esplikatu nuen hola egitera utziz geroz laster kostaldean bezala izanen dela. Prezioak goiti joanen direla, ezin izanen ditugula antolamenduak egin eta gure haurrek ez duketela hemen bizitzeko paradarik», argitu zien Nabarrak. Baita EPFLeko langile bat jinarazi ere, lanjeraren berri «argiago» mintza zedin hautetsien aitzinean.

Instituzioen aterabideak

Etxebizitza baten salmenta afera pribatua izanik ere, Fieuxek dioenez, instituzioetan badira espekulazioari kontra egiteko tresna batzuk. Horietarik bat, hain zuzen, Lakarrik baliatu nahi lukeena da, Fieuxeren erranetan: «Lakarriko kasuan jadanik gogoan zuten GAE [gerora antolatzeko eremua] eremu bat plantan ezartzea, beste hainbat herri ttipitan bezala; Segur da bigarren etxebizitzak herriko etxeen %50 edo %60 direlarik, prezioak beldurgarri direla». Gisa horrez sailkatuak diren eremuetan, salmenta ororen berri ukaiten du herriko etxeak, baita kasu bakoitzeko erosteko lehentasun eskubidea ere. Aurtengo urtarrilean igorri zuen Lakarrik GAE eremu baten sortzeko eskaera, baina oraingoz ez dute arraposturik ukanen.

Otsailaren 11ko Ipar Euskal Herriko Hitza-n argitaratu bezala, Irisarriko GAEk eztabaida piztu eta eskaera berriak izoztuak gelditu dira; Fieuxek parte hartu du GAE eremu batzuen sorreran, eta, haren esperientzian bederen, gehienak laborantzako lurrak hunki gabe egin dira: «Nik muntatu ditudanak —Ligin, adibidez—, herri erdiguneetan kokatuak dira: orain kasu anitzetan bigarren etxebizitzak dira saltzen, edo hutsik gelditu diren familia etxeak».

Tresna horren eraginkortasuna, Fieuxeren ustez, lehentasunez erosteko ahalean datza: prezioa egokia bazaio, herriak du lehentasuna, eta, beraz, ondasuna erosten ahal du. Prezioa goregia bazaio, aldiz —Lakarriko kasuan bezala—, orduan aterabide desberdinak gerta daitezkeela esplikatu du Fieuxek: «Hor da interesgarria, prezioa goregi dela uste baduzu, berrikustea galdetzen duzu. Badira bi hilabete kalkulatzeko zuzena iduri zaizun prezio bat, eta saltzaileari proposamen bat egiteko».

Aterabide desberdinak badira gero: ondasuna salmentatik ateratzen du, eta hola ez da lekuko merkatuarentzat erreferentzia bilakatzen prezio hori. Onartzen ahal du prezio berria —ez da usu gertatzen, baina batzuetan bai—, edo bestela epaile bati eskatzen zaio prezio bat finka dezan. Saltzailearen eta herriko etxearen argumentuak behatzen ditu eta deliberatzen du. Baina epaileak ez du obligaziorik interes orokorra edo publikoa hobesteko interes pribatuaren etzean; nahi duen bezala egiten du. Pertsonaren araberakoa da. Eta sistemaren perbertsitatea da, hain zuzen, Lakarriko bordaren salneurria izan daitekeela, adibidez, epaileak erreferentzia gisa har lezakeen prezioa.

Baina tresna hori, Irisarriko kasuak agerian utzi duenez, ez da beti hain argiki emankorra: IrisarriZain herritarren kolektiboak laborantzako lurrak GAE sailkapenarengatik galtzea salatu zuten, batetik, eta lurren prezioan espekulatu izana, bestetik. “Gai horrek merezi du lantzea, lurralde xede batean kokatuz. Behar ote da kontzentratu erdigune inguruetan, jadanik dauden etxebizitzetan —hutsak, abandonatuak, libre direnak—? Batzuetan badira herriak lur eraikigarriak nahi dituztenak gazteentzat. Eraman beharreko eztabaida politiko bat da”, uste du Fieuxek, eta iduri zaio Euskal Elkargoan eztabaida hori gertatuko dela.

GAE eremuek ekar lezaketen kontrolari, espekulazioaren kontrako beste tresna bat gehitzen dio EPFLeko langileak: funtsak erostea, “hozkailuan” atxikitzea, hamabost edo hogei urteren buruan gazteei gaurko prezioetan etxebizitzak proposatu ahal izateko, espekulaziorik gabe. Eztabaida hori ere elkargora heltzea nahi luke EPFLek, Fieuxeren erranetan zailtasunez kontziente badira ere: «Hautetsiek ez dute ahalik funts biltegiratzea egiteko, epe laburrean ari baitira. Ondoko belaunaldiei pentsatu behar da, oraingo funts behar berberak izanen baitira etxebizitzentzat. Baina ez badira funtsak baztertuak izan, zinez konplikatua izanen da».

Mobilizazioa

Lakarriren kasuan, beste herri ttipi andana baten kasuan bezala, finantzak ez dira aterabide horretara heltzen. Bi tresna horiek praktikan ezarri ezean, mobilizazioan sinesten du Nabarrak: «Pentsatzen dut herots amiñi bat egiten badugu zenbaitzuk, uxatuko ditugula». Saltzailearekin, eroslearekin, notarioarekin mintzatu ondotik, elkarretaratze bat antolatu du oraingoan auzapezak kontseiluarekin, gaur goizeko hamarretan eginen dena, Lakarrin.

Ez da atzo hasi den fenomenoa; COVID-19aren testuinguru bereziarekin, anitz izan dira baserri guneetan bigarren etxe bat nahi zutenak. Zuberoako etxebizitzen prezioak %30 igo dira azken bi urteetan, eta etxe agentziak orain arte ez zuten lan moldean hasi dira: Altzain, adibidez, Lakarri ondoko herrian, agentzia bateko langileek etxez etxe kalkulu bat egitea proposatu zuten. Hautetsiek badute, Dorothee Nabarrak dioenez, horien berri, «baina oro ahapetik aipatzen ditugu». Argi ikusten du bere jokamoldeak ez duela ondoko hauteskundeetan lagunduko: «Bakoitzak baditugu gure herrietan etxeak saltzen dituztenak, eta haiek bozkatzen dute gero».

EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoak ere abisatu ditu hautetsiak. «Abisua emana genuen ez genuela imajinatzen barnealdea ez zela hunkia izanen, orain horretan gaude», dio Fieuxek, eta zehaztu du kasu konkretu batzuetan auzapezak deitzen dituztela, «alarma pizteko». Zuberoako poloan, auzapezek aho batez bozkatu zuten Lakarriko elkarretaratzera deitzeko.

Gaurko mobilizazioa abiapuntu gisa ikusten du Lakarriko merak, lehen bilkura baten data proposatuko baitute, «interesatuak diren denekin lan egiteko» asmoz. «Zerbait plantan ezar dezagun. Jendeak pusatzen badu, merak ere bortxatuak izanen gara zerbait egitera», adierazi du mugimendua abiatu duenak.

Lakarriko kasuarentzat, berriz, Nabarrak argi du gaurkoa erakustaldia izanen dela: «Ez dugu arma paketea, baina segur naiz kanpotik heldu dena anpletuko dela. Jendeak ez dira nahi jin, ikusten dutelarik borroka badela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.