Putinek Ekialde Hurbileko soldaduak onartuko ditu Ukrainan

Donbass eskualdean zabaldu nahi ditu batez ere Siriatik helduriko militarrak, eta hango matxinoei emango dizkiete Ukrainako armadari kenduriko Mendebaldeko armak.

Shoigu Defentsa ministroa, eskuinean, Valeri Gerasimov armadaburuarekin, otsailaren 26an. ALEKSEY NIKOLSKYI / SPUTNIK / KREMLIN / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 11
16:16
Entzun

Errusiako Segurtasun Batzordea bildu du gaur, eta, iragarpena egin du Sergei Xoigu Defentsa ministroak: Ekialde Hurbileko 16.000 boluntario ditu prest Donbass eskualdean, hango matxinoekin batera Ukrainako armadaren kontra borrokatzeko. Putinek baimena eman dio horiek zabaltzeko. Esperientzia handiko militarrak dira, besteak beste Sirian urte luzez aritutakoak direlako.

«Ikusten baduzu jende hori badagoela, eta prest daudela gogo onez –ez diru truke– Donbassen bizi den jendea laguntzera etortzeko, orduan nahi dutena emango diegu, eta lagunduko diegu borrokagunera», erantzun dio Putinek Xoiguri.

Defentsa ministroak beste proposamen bat egin dio, ordea: Mendebaldeak Ukrainari emaniko eta Errusiarrek harrapaturiko Javelin eta Stinger misilak Donbassko indar horiei ematea. Horrez gain, hegazkinen aurkako arma eramangarriak eta tankeen aurkako misil sistemak emango lizkiekete.

«Bai, mesedez, aurrera», erantzun dio Putinek. Errusiako telebistak zabaldu du elkarrizketa.

AEBetako Gobernuak ohartarazi zuen joan zen astean Mosku siriarrak errekrutatzen ari zela, Ukrainan hiri borrokan aritzeko, gerra mota horretan esperientzia handia dutelako. Washingtonen txostenak, halere, esaten zuen Kiev hartzeko nahi zituztela. Gaineratu zutenez, borrokalari horietako batzuk dagoeneko Errusian daude, gerran sartzeko zain.

Kremlinek aipaturiko soldaduko kopurua ez da kasualitatea. Izan ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak duela egun batzuk aipatu zuen 16.000 boluntario atzerritar zituela prest bere gobernuaren alde borrokatzeko, inbasioaren hasieran eraturiko Nazioarteko Legioan.

Errusia, 2015etik Sirian

Siriako Gobernuaren eta matxinoen arteko gerran sartu zen Errusia 2015eko irailean, Damaskok eskatuta. Hasieran, aire erasoak egin zituzten errusiarrek, matxinoen eta islamisten aurka. Baina gatazkak aurrera egin ahala, talde bereziak eta aholkulari militarrak bidali zituen Kremlinek, 2017an.

Errusiaren laguntza erabakigarria izan zen gerraren eboluzioa Siriako Gobernuaren alde jartzeko. 2017rako, Errusiako hegazkinek 71.000 eraso eginak zituzten han, eta 48.000 soldadu errusiarrek gerrako esperientzia hartu zuten, Kremlinen arabera. Ukrainaren inbasioaren hasieran, bere tropek Sirian harturiko eskarmentu hori nabarmendu zuen Moskuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.