Errusiako soldaduak Kievetik 25 kilometrora daude

Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, hiriburutik iparraldera zegoen zutabea desegin egin da, eta baliteke Errusiak hiria inguratzeko asmoa izatea. Kievetik 30 kilometrora dagoen hegazkinen base bat deuseztatu du Errusiak.

Eraikinak eta erregai biltegiak sutan atzo, Hostomelgo Antonov aireportuan. MAXAR, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 12a
11:43
Entzun

Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren azken datuen arabera, Errusiako soldaduak Kievetik geroz eta gertuago daude. Zehazki, 25 kilometrora daudela jakinarazi du BBCk. Gaur goizean areagotu egin dira borrokak hiriburuaren ipar-mendebaldean.

Ukrainak jakinarazi duenez, Errusiak Vasilkiveko hegazkin basea deuseztatu du gaur. Kievetik 30 kilometrora dago. Zortzi misil jaurti ditu Errusiak goizean, Natalia Balasinovitx alkatearen arabera. Pista, munizio, eta erregai biltegiak jo dituzte.

Gainera, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren txosten horren arabera, Kievetik iparraldera zegoen Errusiako armadaren zutabea sakabanatu egin da. Hiriburua inguratzeko asmoa dutela iragarri du horrek.

Kieven izan ez bada ere, gaur gauean sirena hotsa entzun da beste hiri batzuetan, Lvivetik (Poloniako mugatik 70 kilometrora) Sumira arte. Azken hiri hori dagoen eskualdean beste sei korridore ireki nahi ditu Ukrainak zibilak Poltavara, hegoaldera, joan daitezen.

Errusiako lehen ministrorde Sergei Riabkovek gaur jakinarazi du AEBei ohartarazi dietela Ukrainara armak eramateko konboien arriskuaz. Zehaztu du horiek jomuga izango dituela Errusiak, eta horiek erasotzea zilegi zaiela. «Esan diegu Ukraina armaz hornitzeko operazioa ez dela soilik arriskutsua, baizik eta konboi horiek erasotzea zilegi bihurtzen duela».

Riabakovek esan du Ukrainari hegazkinen kontrako edo tankeen kontrako misilak ematea «arduragabea» dela, eta AEBei nazioartean tentsio iturri bat izatea leporatu die. Etxe Zuriak esan du Ukrainako erasoa aitzakia besterik ez duela «lehendik pentsatua zuena egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.