'Kote Cabezudo auzia'

Ateak itxita deklaratuko dute biktimek, akusazio partikularrak eskatuta

Gaur bi andrazko dira deklaratzekoak, eta aste osoan jarraituko dute biktimen lekukotasunek

Kote Cabezudo, pasa den astean, Ertzaintzaren auto barruan, epaitegira sartzen. MAIALEN ANDRES, FOKU
arantxa iraola
2022ko martxoaren 14a
11:13
Entzun

Aurrez ere eskea egina zuela esan du akusazio partikularrak, eta gaur berriz aztertzeko eskatu dio epaimahaiari: biktimek deklaratzen dutenean auzi aretoan publikorik ez egotea eskatu dute, eta, ondorioz, prentsarik ez egotea. Lehengo ostegunean aztertu zen biktimen irudirik erakutsi gabe haiek esaten zutena aparteko areto batean bakarrik hedatzeko aukera, «teknikoki» aukera hori egingarria izango litzatekeela onartu du gaur epaimahaiko buruak, baina berean jarraitu du akusazio partikularraren eskeak, eta onartu egin dute. Hamalau emakumeren ordezkaria da akusazio partikularra, eta horien guztien deklarazioak, behintzat, ezingo dira entzun. Hamasei andre daude denera auzibide honetan. Cabezudoren aurkako auzibide nagusia da, baina ez bakarra. Gaur bi andrazko dira deklaratzekoak.

Eske hori lehendik ere buruan bazuten ere, asteburuan argitaratu diren hainbat «kronikak» horretara bultzatu dituela adierazi du akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek. Kazetariek, hala ere, ezin izan dute biktimen lekukotasun bakar bat ere entzun orain arte; joan den ostegunean hasi ziren deklaratzen, hiru mintzatu ziren, eta haien hitz bakar bat entzuteko erarik ez zen egon. Auzi saioaren amaieran Diezek eta fiskalak egindako adierazpenak besterik ezin izan zituzten entzun.

Akusazio partikularrak eskatu du, baita ere, lekukoek-eta hitz egiten duenean, biktimak babesten jarraitze aldera, haien izenik ez inoiz esatea, eta hizkien bidez eta identifikatzea. Gainerakoan, haien izenak publiko eginda, «birbiktimaziorako» arriskua dagoela adierazi du.

Aste osoan biktimek hitz egiten jarraituko dute Kote Cabezudoren kontrako epaiketan. Lehengo astean hasi zen, eta oraindik lau aste geratzen dira. 121 kartzela urte eskatzen ditu fiskalak akusatuaren kontra; akusazio partikularrak, 2.338. Intimitatearen aurkako delituak, iruzurrak eta sexu erasoak egozten dizkiote, besteak beste.

Leporatzen dizkioten delitu denak ere bere argazkilari jardunean egindakoak dira. 1990ko eta 2000ko hamarraldietan argazkilari ezaguna izan zen. Moda kontuetan hasi zen, bereziki, eta gero argazki erotikoak egiten lortu zuen sona. Lehengo asteartean epaimahaiaren aurrean hitz egin zuen, eta esan zuen ez duela inoiz «pornografiarik» egin. Onartu zuen modeloei zenbait argazki egin zizkiela adingabe zirela, baina beti ere haien baimenarekin aritzen zela azaldu zuen, eta 18 urtetik beherakoen kasuan, gurasoak ere jakinaren gainean egoten zirela. Berak modeloak «zuzendu» besterik ez zituela egiten esan zuen: «Ni nintzen orkestra zuzendaria».

Fiskalaren eta defentsaren galderak bakarrik erantzun zituen akusatuak, uko egin zion akusazio partikularraren galderak erantzuteari.


 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.