Ukraina eta Errusia gaur hasi dira berriro negoziatzen

Kievek bakea, su etena, Errusiako tropak erretiratzea eta segurtasun bermeak ezartzea galdegin zion atzo Moskuri. Txinak ukatu egin du Errusiak Ukraina inbaditzeko laguntza militarra eskatu izana. Ukrainako Gobernuak iragarri du hamar korridore humanitario irekiko dituela.

Kharkiv hiriko etxebizitza eraiki bat txikituta. VASILIY ZHLOBSKY / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 14a
13:10
Entzun

«Negoziazioetan etenaldi tekniko bat egin da, azpitaldeetan modu osagarrian lan egiteko eta banakako jarrerak argitzeko. Negoziazioek bihar jarraituko dute». Hala iragarri zuen atzo Ukrainako negoziatzaile Mijailo Podoliakek bere Twitter kontuan. Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzek atzo goizean berrekin zieten negoziazioei, bideokonferentzia bidez, gerra piztu zenetik laugarrenez. Kievek bakea, su etena, Errusiako tropak erretiratzea eta etorkizunerako segurtasun bermeak ezartzea eskatu dio Moskuri, Podoliakek adierazi duenez. Haren esanetan, jarrera «eraikitzaileagoa» ikusten du Moskuren aldetik, besteak beste, jada ez duelako «kapitulaziorik» eskatzen. Bestalde, Leonid Slutski Errusiako negoziazio taldeko kideak Russia Today hedabideari esan dionez, asteon «aurrerapauso esanguratsuak» eman dira diplomaziari dagokionez, eta erantsi du Mosku hurrengo egunetan dokumentu bat sinatzeko «prest» egon daitekeela.

Bi aldeetako ordezkariek negoziazioei ekin diotenean, ordea, Podoliakek nabarmendu du elkarrizketak «zailak» izaten ari zirela, eta gaineratu Ukrainak eta Errusiak ikuspegi «zeharo desberdinak» dituztela.

Bien bitartean, gudak bere gordintasunean jarraitzen du. TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera, Ukrainako tropek hogei lagun hil eta bederatzi zauritu dituzte Donetskeko Herri Errepublikan. Errusiako armadak, berriz, Kiev iparraldeko Obolon auzoko etxebizitza eraikin bati eraso dio goizaldean, eta gutxienez bi pertsona hil eta hamar zauritu ditu, Poliziak jakinarazi duenez. Errusiak azken egunetan gerra frontea mendebaldera zabaldu du. Lutsk eta Ivano-Frankivsk bonbardatzeaz gain, Lviveko instalazio militar bati eraso zion atzo, Poloniako mugatik 25 kilometrora. Kieven arabera, 30 suziri jaurti ondoren, 35 pertsona hil eta 134 zauritu zituzten. Errusiako Atzerri Ministerioaren arabera, ordea, atzerriko 180 mertzenario hil zituzten erasoan, baita atzerriko arma asko suntsitu ere.

636 zibil hil dituzte

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek ziurtatu du hamar korridore humanitario irekiko dituztela zibilak ebakuatzeko. Horietako bat giroa oso gaiztotuta dagoen Mariupol hiritik Berdianskera zabaldu dute. Verextxukek esan du agintariak berriz saiatuko direla bi hiri horien artean geldirik dagoen konboi humanitario bat «desblokeatzen», Ukrinform albiste atariak jaso duenez. Horrez gain, Mariupoleko Udalak jakinarazi du 160 auto partikularrek hiritik irtetea lortu dutela. Nolanahi ere, Ukrainako Gobernuak esan du ahalegin betea egiten ari dela Mariupolera giza laguntza eramateko, baina «zailtasun oso handiak» dituela.

Donbass eskualdetik, berriz, 250.000 errefuxiatuk ihes egin dute Errusiara, tartean 55.000 haur, Moskuko agintarien arabera. Bestalde, Errusiako Ikerketa Batzordeko buru Alexander Bastrikinek agindu du Luhanskeko Herri Errepublikan Ukrainako indarrek ustez egindako zibilen exekuzio baten inguruko ikerketa bat abiaraztea.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak baieztatu du Ukrainan 636 zibil hil dituztela igandera bitarte; horietatik gutxienez 46 haurrak dira. Hori bai, orain arte egin duen modura, NBEk zehaztu du egiazko kopurua handiagoa dela. Jada 2,8 milioi ukrainarrek ihes egin dute herrialde horretatik. Poloniak Europari mugak irekitzeko eskatu dio, errefuxiatuak hartu ahal izateko; izan ere, 1,7 milioi ukrainar daude dagoeneko herrialde horretan. Moldaviara 330.000 iheslari iritsi dira Ukrainatik, eta Chisinauko gobernuak EB Europako Batasunari laguntza eskatu dio. Bada, Austriako kantziler Karl Nehammerrek iragarri duenez, bere herrialdeak Moldavian dauden 2.000 errefuxiatu ukrainar inguru hartuko ditu datozen egunetan.

Txinak, bestalde, ukatu egin du Errusiak Ukraina inbaditzeko laguntza militarra eskatu izana. Hain zuzen, The New York Times egunkariak adierazi zuenez, Moskuk laguntza ekonomiko gehigarria eskatu dio Txinari, AEB Amerikako Estatu Batuek eta EBk ezarritako zigor gogorrek Errusiako ekonomiari eragin dioten kolpeari aurre egiten laguntzeko. Txinako Atzerri Ministerioko eledun Zhao Lijianek, ordea, gezurtatu egin du: «Erabat faltsua da, desinformazio hutsa. Txinak argi eta irmo azaldu du Ukrainako krisiari buruz duen jarrera. Eginkizun eraikitzailea dugu, eta egoera modu inpartzial eta independentean ebaluatzen dugu. Txinaren jarrera iraintzea ez da onargarria». Handik gutxira, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek ere ziurtatu du Moskuk ez diola laguntzarik eskatu Pekini Ukrainan operazio militarra egiteko. Halaber, Peskovek «probokatzailetzat» jo ditu AEBek eta EBk Errusiaren aurka egindako adierazpenak.

EBko diplomaziaburuaren bilerak

EBko diplomazia buru Josep Borrellek bira bete-betea egingo du Balkanetan, gaurtik hasita, «EBk ondoko herrialdeekiko duen konpromisoa berresteko» asmoz: Lehenik, Ipar Mazedoniako presidente Stevo Pendarovskirekin eta lehen ministro Dimitar Kovacevskirekin bilduko da Skopjen; bihar, Albaniako lehen ministro Edi Ramarekin batzartuko da Tiranan; eta, azkenik, Bosnia eta Herzegovinan izango da etzi, eta, Bosniako agintariak bisitatzeaz gain, oposizioko ordezkariekin eta gizarte zibileko eragileekin ere bilduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.