Ingurumena

Salatu dute Donostiako plaza batean landareak kenduta bizitokirik gabe utzi dituztela hainbat ahate

Eguzki eta Parkeak Bizirik plataformetako kideek egin dute salaketa. Esan dute udal langileek «beharrik gabe» kimatu dutela Antonio Maria Labaien plazako urmaelaren ingurua. Ondorioz, hainbat ahate arrautzarik eta habitatik gabe gelditu dira.

Donostiako Antonio Maria Labaien plazan zegoen zuhaitza, ardaxka eta hosto guztiak kendu eta kimatu ondoren. EGUZKI / PARKEAK BIZIRIK
Nagore Arin.
2022ko martxoaren 15a
10:39
Entzun

«Ohi bezala, urtero bezala. Ahateek pare bat aste zeramatzaten Antonio Maria Labaien plazako urmaeleko uhartetxoan inkubatzen. Txitak ateratzea martxoaren amaierarako aurreikusia zegoen. Jada ez da eklosiorik izango, ez ilusiorik, ez irribarrerik». Horrela salatu dute Eguzki eta Parkeak Bizirik plataformetako kideek Donostiako Antonio Maria Labaien plazako urmaeleko landareak kimatu izanak eragin duena. Sareen bidez egin dute gaitzespena, eta nabarmendu dute urmaeleko landaretza kentzeak habitatik eta bizitokirik gabe utzi dituela hainbat ahate. «Inongo beharrik gabe garbitu dute urmaela, eta enbrioiak barrenean zituzten arrautza guztiak urmaeletik kanpo sakabanatu dituzte».

Urte gutxitan ingurune horretan landatzen den laugarren zuhaitza dela nabarmendu dute salatzaileek. «Estrategia urki osasuntsu eta lirain bat landatzea da, baina handik denbora gutxira izugarrizko mozketa egiten diote –eta ez inausketa–». Halaber, gaineratu dute aurrez adostu eta prestatutako esku hartze horiek «lan gehigarri bat» ekarri dutela, sarritan «alferrik» egiten dena eta gastuen igoera nabarmena eragiten duena. «Hustubidera doan diru gehiago», azpimarratu dute.

Plataformetako kideez gain, herritarren eta sareetako erabiltzaileen artean ere harrabotsa sortu du gertakariak. Erabiltzaile asko eta asko Donostiako udal langileen esku hartzearen aurka agertu da, eta bada gerora ahateak Donostian «galduta» ikusi eta irudi hori Twitterren plazaratu nahi izan duenik ere: «Oraintxe Bilbo plazaren inguruan daude, guztiz galduta». Eguzki eta Parkeak Bizirik taldeetako ordezkariek ere nabarmendu dute ahateak «galduta» sumatzen zirela: «Zain daude... Habiara itzuli nahi dute, baina putzuan ez dago ez habiarik, ez arrautzarik, ez urik».

Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, ahateen arrautzak baserri batera eraman dituzte udalaren arabera. Udalak dioenez, urmaelean ibiltzen diren ahateak «inguruan ez zeudela egiaztatu ondoren» egin zuten asteleheneko esku hartzea, baina Eguzkik sare sozialetan partekatutako bideoetan ahateak ikusten dira, lorezainak lanean dabiltzan bitartean. «Urmaelaren erdialdeko landaredia kentzean, arrautzak zeudela ikusi zuten, eta inguruko lorategietan utzi zituzten. Handik gutxira, ahate emeak arrautzak astindu eta baztertu egin zituen; horregatik, baserri batera eramatea erabaki zen», gehitu du udalak.

Urkiari dagokionez, guneak «ez zituen baldintzarik onenak zuhaitza behar bezala hazteko», eta, horregatik, «oinarria hobetuko» dute orain, eta ahateak han behin betiko egoteko bidea emango dute: «Substratua mugitu eta aireztatuko da, eta zegoen landaredia (sasiamak, zuhaitzaren hazkuntzari mesede egiten ez dion fitotoxiko azpiko zuhaixka bat) ahateen habitatari mesede egiten dioten graminea eta beste landare batzuekin ordezkatuko da, urmael hori ahateen behin betiko egonaldirako izango baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.