Israelgo soldaduek bi gazte palestinar hil dituzte gaur goizean Zisjordanian. Wafa albiste agentziaren arabera, Israelek hainbat polizia operazio egin ditu gaur goizean Zisjordaniako hiri batzuetan, eta horietan hil dituzte bi gazteak, tiroz. Dozenaka zauritu dituzte, gainera, eta hogei lagun atxilotuta eraman dituzte.
Hildakoetatik lehena Nablusen hil dute, Balatako errefuxiatu kanpalekuan. Wafaren arabera, hildakoak Nader Haytham Rayan du izena, eta 16 urte zituen. Buruan, bularrean, sabelean eta eskuan egin diote tiro soldadu israeldarrek. Polizia operazio berean beste gazte batzuk zauritu dituzte, eta ospitalean daude.
Israelek esan du polizia operazio horretan errifle bat zuen pertsona susmagarri bat atxilotu dutela, eta horretan ari zirela eraso egin dietela palestinarrek. Hildakoa armaturik zegoela ere gaineratu du, eta tiro egin diela.
Beste hilketa Jerusalemen izan da, Qalandia errefuxiatu kanpalekuan. Palestinako Aginte Nazionalaren Osasun Ministerioaren arabera, Alla Shaham du izena hildakoak, eta 20 urte zituen. Gainera, beste sei gazte zauritu ditu Israelek operazio horretan, eta Ramallahko ospitalera eraman dituzte.