Hezkuntza

Sindikatuek greba egingo dute hezkuntza oinarrien zirriborroan aldaketak eskatzeko

ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk salatu dute langileen iritzia ez dela kontuan hartu lege egitasmorako oinarriak finkatzeko prozesuan

gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 15a
11:28
Entzun

ELA, LAB, Steilas eta CCOO ez datoz bat Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den hezkuntza lege berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Ez dute bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere, hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu pentsatzen baitute. Haien hitza entzunarazteko mobilizazioak antolatuko dituzte: martxoaren 25ean greba egingo dute hezkuntza sistema osoan, publikoan zein itunduan, Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan ere bai; eta elkarretaratzeak egingo dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean martxoaren 18an eta 28an.

ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek, Steilaseko Nagore Iturriotzek eta CCOOko Julen Llanosek nabarmendu dute «historikoa» dela lau sindikatuok desberdintasunak alde batera utzi, eta elkarrekin partekatutako irakurketa bat egitera iritsi izana. Zirriborroaren aurrean egiten duten proposamenaren ardatzetan ere bat datoz: hezkuntza sistema «publiko, euskaldun eta propioa» aldarrikatu dute, eta horretarako neurri zehatzak ere eskatu dituzte.

«Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea» proposatu dute, gaur egungo sistema duala gainditu eta itundutako eskolak publiko bilakatzeko esparru orokor bat ezarriko duena; «lege propioa» ere aldarrikatzen dute, horretarako EAEko hazkuntza sisteman eskumen guztiak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuko duena; eta «euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde» egiten dute, euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte hartzea oinarri izango dituena. Euskararen murgiltze eredua orokortzearen alde egiten dute, eta oinarri horiek ditu publikoa jasotzen duten eskola guztiek bete beharrekoak izatea proposatzen dute.

Horiek ez dira lau sindikatuek proposaturiko ardatz bakarrak: «inbertsio eta baliabide nahikoak» eskatu dituzte, eta horretara BPG Barne Produktu Gordinaren %6a hezkuntzara bideratzeko; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatu nahi dute, langileen enplegua eta lan baldintza egokiak ziurtatu, hezkuntza sistema merkatuaren interesetatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik askatu, eta, azkenik, «hezkuntza lege parte-hartzailea» galdegin dute.

Sindikatuek adierazi dutenez, antolatutako mobilizazioekin «eragitea» dute helburu, ardatz horiek oinarrien zirriborroan txerta daitezen. Jakitun dira prozesua oraindik luzea izango dela eta, ondoren, zirriborro horretan oin hartuta lege egitasmoa egin eta eztabaidatzeko garaia iritsiko dela; prozesu horretan aldaketarik egongo ez balitz berriro ere mobilizazioei ekiteko prest azaldu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.