47 urteko espetxe zigorra ezarri diote 2018an Gasteizen bi andrazko hiltzeaz akusaturiko gizonari

Arabako Probintzia Auzitegiko epaileak ebatzi duenez, gizonak bere emaztea eta amaginarreba hil zituen «ankerkeria» erabilita. Genero eta senidetasun astungarriak ezarri dizkio.

Emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako protesta Gasteizko epaitegi parean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 15a
12:31
Entzun

Herri epaimahaiak joan den astean jakinarazi zuen 2018an Gasteizen bere emaztea eta amaginarreba hiltzeaz akusatutako gizonaren kontrako epaia. Hilketa egotzi zioten, ankerkeria eta maltzurkeria larrigarriekin. Gaur, Elena Cabero Arabako Probintzia Auzitegiko epaileak 47 urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonari bi hilketengatik. Epaileak ebatzi du emaztea eta amaginarreba «ankerkeria» erabilita hil zituela, eta generoa eta senidetasuna astungarri gisa hartu ditu. Hala, emaztea hiltzeagatik 24 urteko espetxe zigorra ezarri dio, eta amaginarreba hiltzeagatik, 23 urtekoa. Bien kasuan «ankerkeria fisikoa» erabili zuela adierazi du epaileak sententzian, eta generoa eta senidetasuna astungarri gisa hartu ditu. Amaginarrebaren kasuan, gainera, «ankerkeria morala» ere erabili zuela ebatzi du.

Joan den astean epaimahaiak kaleratutako ebazpenean ez zuen aintzat hartu defentsaren eskaria, zeinak eskatzen baitzuen epaian kontuan har zedila gizonak buru nahasmendua zuela. Ez zuten halakorik ondorioztatu. Epaimahaiak ebatzi zuen «genero arrazoiengatik» hil zituela gizonak bi emakumeak, eta, bi andrazkoetako baten kasuan, bere emaztearenean, senidetasuna ere aintzat hartu dutela.

Ikusi gehiago:Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen aizto batekin bikotekide ohiari mehatxu egiteagatik

Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, ahaidetasun, genero eta ankerkeria astungarriekin egindako bi hilketengatik. Biktimen familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak, berriz, 55 urte eskatu zituen, eta Clara Campoamor elkarteak, herri akusazio gisa, 60 urte.

Akusatuak epaiketan adierazi zuen «burua galdu» zuela, eta horren argudiotzat jarri zuen «egoera depresiboa» pairatzen ari zela. Herenegun, barkamena eskatu zien bere bi semeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.