Zelenskik esan du Ukrainak onartu egin behar duela NATOn ez dela sartuko

Ukrainako hiriburuan 35 orduko etxeratze agindua jarriko dute. Poloniako, Eslovakiako eta Txekiako lehen ministroak Zelenskirekin batzartuko dira, Kieven. Gerrak hiru milioi errefuxiatu eragin ditu jada, IOMren arabera. 

jarraia210844.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 15a
12:54
Entzun

«Argi geratu da Ukraina ez dela NATOko [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] kide. Ulertzen dugu. Jende ulerkorra gara. Urteetan entzun dugu ateak ustez irekita geneuzkala, baina ikusi dugu ezin garela sartu». Adierazpen horiek egin ditu Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bideokonferentzia bidez aliantza militarreko agintariekin egindako bileran. «Hori horrela da, eta onartu beharra daukat», esan du Zelenskik, bere herrialdeari erreferentzia eginez.

Presidenteak bere herrikideei eskatu die eurengan konfiantza izateko. Aldi berean, laguntza militarra areagotzeko galdegin die NATOko kide diren herrialdeei, bereziki aireko flotari dagokionez, Ukrinform agentziak jakinarazi duenez. Nolanahi ere, Zelenskik adierazi du Ukrainako aireko espazioak NATOko herrialdeen aireko espazioen «modu berean» babestuta egon behar duela, eta kritikatu aliantza militarraren barruan «Hirugarren Mundu Gerra» baten aurrean egongo litzatekeen «hipnosia».

Gainera, Ukrainako agintariak azpimarratu duenez, «elkarreraginerako formatu berriak eta segurtasunerako bermeak» behar dira; izan ere, Zelenskik gogorarazi du Errusiak Lviv eskualdeari misilekin eraso ziola iragan asteburuan, NATOren mugetatik 20 kilometrora. «Hori gutxi ez, eta Errusiako droneak erori dira aliantza militarraren lurraldean», salatu du.

Kiev, jopuntuan

Errusiak azken orduetan erasoak gogortu ditu Ukrainako hainbat hiri garrantzitsuren aurka. Errusiako indar armatuek Kherson oblasta osoaren kontrola hartu dute, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera. Kiev hiriburuan, berriz, bi etxebizitza eraikin bonbardatu eta gutxienez lau pertsona hil dituzte, eta beste zazpi lagun Kharkiv oblastan, Ukrainako larrialdietako zerbitzuek salatu dutenez. Errusiako tropak herrialdeko hiriburua gero eta estuago hartzen ari direla eta, Kieveko alkate Vitali Klitstxkok iragarri du 35 orduko etxeratze agindua jarriko dutela: gaur 20:00etatik martxoaren 17ko 07:00ak arte.

Ukrainako Parlamentuak, bestalde, gerra legea beste 30 egunez luzatzea onartu du. Ukrainako prentsak jaso duenez, araudia martxoaren 26tik aurrera luzatuko da, egun horretan amaitzen baitzen legea. Apirilaren 25era arte egongo da indarrean. Aldi berean, Zelenskik lege berri bat berretsi du, UNIAN Ukrainako agentziaren arabera; zehazki, lege horrek 15 urterainoko kartzela zigorrak aurreikusten ditu Errusiako agintariekin edota militarrekin lankidetzan aritzeagatik. Hain justu, Ukrainako Parlamentuko presidenteorde Alexander Kornienkok jakinarazi duenez, lege hori Errusiaren inbasioa hasi zenetik herrialdetik ihes egin duten 20 parlamentariren aurka aplika daiteke.

Testuinguru horretan, Poloniako, Eslovakiako eta Txekiako lehen ministroek Kievera joatea erabaki dute, Zelenskirekin batzartzeko. Poloniako Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, EB Europako Batasunaren izenean joango dira, «Ukraina burujabetzaren eta independentziaren alde egiten ari den borrokarengatik babes sendoa berresteko».

Bitartean, Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzak gaur hasi dira berriro negoziatzen. Bi aldeek «etenaldi tekniko bat» egin zuten atzo, azpitaldeetan modu osagarrian lan egiteko eta banakako jarrerak argitzeko. Kievek bakea, su etena, Errusiako tropak erretiratzea eta segurtasun bermeak ezartzea galdegin dio Moskuri. Hain zuzen, Errusiaren erasoa hasi zenez geroztik hogei egun pasatu diren honetan, Ukrainako presidentetzaren aholkulari Oleksii Arestovitxeken esanetan, gerra beranduenez maiatzean amaitzea espero du. «Agian, askoz lehenago bukatuko da, ikusiko dugu. Baliteke aste batzuk barru lortzea bake akordioa Errusiarekin», zehaztu du, Segodnya egunkari ukrainarrak jaso duenez.

Gerra hotsen erdian, Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek jakinarazi duenez, bederatzi korridore humanitario irekiko dituzte. Horietako bat Sumi probintzian zabaldu dute —Errusiako mugatik 30 kilometrora—, azken egunetan zibilak ebakuatzeko planak huts egin ondoren. Verextxukek iragarri du atzo 4.000 herritarrek arrisku handia dagoen hirietatik irtetea lortu zutela. Mariupoleko agintariek (Ukrainako hego-ekialdea) iragarri dute 2.000 auto atera direla gaur hiritik, eta beste 2.000 ibilgailu prest daudela horretarako. Atzo, 300 bat lagunek ihes egin zuten Errusiako tropak setiatutako hiritik, eta Zaporizhiara iritsi ziren, Mariupoletik 200 kilometro ipar-mendebaldera.

Errusiako Defentsa Nazionaleko buru Mikhail Mizintsevek iragarri duenez, berriz, Ukrainako gune arriskutsuetatik eta Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliketatik 11.300 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte azken egunean; besteak beste, 1.900 haur. Guztira, «operazio militar berezia» hasi zenetik, 258.791 pertsona atera dituzte, horietatik 56.180 haurrak, TASS agentziak jasotakoaren arabera.

Bitartean, iheslarien kopurua handitu eta handitu ari da nabarmen, eta gerrak jada hiru milioi errefuxiatu eragin ditu, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera. Halaber, horietatik 157.000 baino gehiago beste herrialde batzuetakoak dira. Errefuxiatuen %90 emakumeak eta haurrak dira, Paul Dillon IOMko bozeramaileak zehaztu duenez. Hain zuzen, herritar horiek Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetara joan dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, Poloniak 1,7 milioi pertsona baino gehiago hartu ditu; Hungariak, 255.000; Eslovakiak, 204.000; Rusiak, 131.000; Moldaviak, 106.000; Errumaniak, 84.000; eta Bielorrusiak, 1.200.

Lavrov: «Zigorrek ez gaituzte geldiaraziko»

EBk atzo Errusiaren eta Bielorrusiaren aurka ezarritako laugarren zigor sortaren harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa ez da kikildu: «Zigorrek ez gaituzte geldiaraziko». Ildo beretik, AEB Amerikako Estatu Batuak politikan «huts egiten» ari direla esan du, eta gaineratu Errusiako bankuen, oligarken eta haien esportazioen aurka ireki dituzten erasoek helburu bakarra dutela: «Errusiaren ekonomia suntsitzea». Horren aurrean, erantzun argia eman du: «Elkarlanean jarraituko dugu». Hain justu, Lavrovek Irango haren homologo Hossein Amirabdollahianekin Moskun bildu ostean egin ditu adierazpen horiek.

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskov, berriz, «atsekabetuta» azaldu da kazetarien aurrean, EBko eta AEBetako agintariek eta politikariek ez dutelako ezer esan Ukrainako armadak atzo Donetskeko Herri Errepublikan misilekin egindako erasoaren inguruan; 23 zibil hil zituzten, TASS Errusiako berri agentziaren arabera.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak, bestalde, bihar 16:00etan emango du Ukrainak abiarazitako prozesuari buruzko epaia, zeinak Hagako Auzitegiari eskatu baitzion Errusiari agintzea bere herrialdearen inbasioa eteteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.