Gerraren aurkako protestak Errusiako telebistan

Telebista publikoko editore batek protesta egin du albistegiko kameren aurrean, zuzenean. Horrez gain, aurkezle batek dimisioa eman du, eta Errusiatik atera da.

Marina Ovsiannikova gerraren aurkako kartela erakusten Errusiako telebista publikoko atzoko albistegian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 15a
13:03
Entzun

Atzo arratsaldean, ezohiko irudia ikusi zuten Errusiako Lehen Kanala telebista publikoko ikusleek. Emakume bat albistegiaren aurkezlearen atzean jarri zen, eta gerraren aurkako kartel bat erakutsi zuen. Gerrarik ez. Gelditu gerra, ez sinetsi propaganda, gezurra esaten dizute hemen, irakur zitekeen eskuz idatzitako kartelean. Telebista zuzeneko emanaldia eten zuen, eta aurretik grabaturiko irudiak ematen hasi zen.

Geroago jakin zen protestatzailea ez zela kanpotik sarturiko ekintzaile bat, baizik eta Marina Ovsiannikova saioaren editoreetako bat. Poliziak atxilotu egin zuen protestaren ondoren. Kazetariak bideo bat grabatu zuen ekintzaren aurretik, horren arrazoiak azaltzeko.

Ukrainan gertatzen ari dena «krimen» bat dela adierazi du horretan, eta erantzukizuna Vladimir Putin Errusiako presidentearena dela gaineratu du. «Nire aita ukrainarra da, eta nire ama errusiarra, eta ez dira inoiz etsaiak izan». Ovsiannikovak gaineratu du «lotsatuta» dagoela azken urtean katean lana egiteagatik, Kremlinen propaganda zabaldu duelako. «Lotsatuta nago gezurrak esateagatik telebistan, eta Errusiako herria zonbi bihurtzeagatik». Deitoratu du kazetariak Errusiak Krimea 2014. urtean okupatu zuenean ezer esan ez izana, edo Kremlinek Aleksei Navalni oposizioko politikaria «pozoitu zuenean».

Kazetariaren ekintza «bandalokeria» dela esan du gaur Dmitri Peskov Kremlinen eledunak. «Telebista kateak eta horren buruak ari dira gaia aztertzen. Ez dago geure agendan».

Kazetariak zigor gogorra jaso dezake, martxoaren 4an Errusiako Parlamentuak «albiste faltsuen» aurkako lege bat onartu zuelako. Horretan 15 urteko kartzela zigorra jaso dezake kazetari batek ez badu Kremlinaren lerroa jarraitzen Ukrainako inbasioaren inguruan. Esaterako, ezin dute gerra edo inbasioa hitzak erabili, Moskuk operazio berezi gisa definitzen duena izendatzeko.

Legeak Mendebaldeko hedabideen ihesa eragin zuen. Besteak beste, CNN (AEB), ARD eta ZDF Alemaniako kate publikoak Errusiatik atera ziren, France Info Frantziako irrati publikoa, Efe Espainiako berri agentzia publikoa, RTVE Espainiako irrati-telebista publikoa, TV3 eta Catalunya Radio Kataluniako irrati-telebista publikoak.

Aurkezle baten dimisioa

Inbasioarekin bat ez datorren beste kazetari bat albiste da une honetan. NTV telebistako gaueko albistegietako aurkezle Lilia Gildeievak dimisioa aurkeztu du, eta Errusiatik atera da. Ihes egin ondoren iragarri du dimisioa, beldur zelako ez ziotelako bestela alde egiten utziko, azaldu duenez.

NTV telebista Gazprom konpainiarena da, eta Putinen aldekoa. Gainera, Gildeievak berak Putinen sari bat jasotakoa da. Iaz, hedabideak garatzen zerbitzu handia egin duten kazetarien zerrendan sartu zuen presidenteak, eta 2008an eskerrak eman zizkion eginiko lanarengatik.

Kazetariak protagonista izaten jarraitzen dute Ukrainako gerran.

Asteburuan Brent Renaud dokumentalgilea hil zuten tiroz Irpinen, Kieveko aldirietan. Ukrainako Armadaren arabera, errusiarrek egin zioten tiro estatubatuarrari. Juan Arredondo kazetaria zauritu zuten eraso berean.

Horrez gain, Benjamin Hall kazetaria zauritu zuten atzo, Kievetik gertu.

Martxoaren 1ean, Yevhenii Sakun kameraria hil zuen Kieven Errusiako Armadak hiriburuko telebista antena baten aurka botatako misil batek.

Euskal Herriko kazetariak ere izan dira biktima Ukrainako gatazkan. Otsailaren 28tik preso eta inkomunikaturik dago Pablo Gonzalez kazetaria Polonian. Errusiaren alde «espioitza» egitea leporatu diote, hainbat iturriren arabera, baina Europako Batasuneko eta NATOko kide den herrialdeak oraindik ez du salaketa ofizialki aurkeztu. Oraindik ez diote utzi bere abokatuarekin eta senitartekoekin hitz egiten.

Europako Batasunak, bestalde, Russia Today eta Sputnik Errusiako hedabideak blokeatu zituen inbasioaren hasieran, eta Bruselako diplomaziaburu Josep Borrellek «hedabide kaltegarriak» zigortzeko tresna bat martxan jarriko dutela iragarri zuen joan zen astean. Russia Today eta Sputnik «inbasioaren parte» direla esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.