Gaztetxeak

Ez dira kartzelara joango Arrotxapeko Gaztetxearen hustea dela eta epaitutakoak

Akusazioarekin akordio bat egin dute gazteek, eta haietako bosti bederatzi hilabeteko zigorra ezarriko diete. Besteak zigor ekonomikoak onartu ditu. Gaztetxearen arabera, identifikatu zituzten lagun gehiagori ere isunak iristen ari zaizkie.

Akusatuei basa erakusteko kontzentrazioa egin dute gaur goizean Nafarroako Justizia jauregiaren parean, Arrotxapeako Gaztetxeak eta Errakik deituta. ARROTXAPEAKO GAZTETXEA
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 15a
13:44
Entzun

Ez dira kartzelara joango Arrotxapeko Gaztetxea (Iruñea) hustu zuteneko istiluetan parte hartzeagatik akusatutako sei gazteak. Akordio bat egin dute fiskaltzarekin, eta haietako bosti bederatzi hilabeteko zigorra ezarriko diete; akusazioak hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen zuen. «Agintearen kontra egitea» egotzi diete, baina larrigarririk gabe. Isunak ere ordaindu beharko dituzte haietako bik, «lesioak eragiteagatik». Beste akusatu batentzat, berriz, bi urtekoa zen zigor eskaria, eta hark zigor ekonomikoak onartu ditu: 1.080 euroko bat «erresistentziagatik», eta 2.020 euroko bat kalte ordainetan.

Arrotxapeko Gaztetxeak eta Erraki Langile Babes Sareak deituta, hainbat lagunek kontzentrazioa egin dute gaur goizean Nafarroako Justizia Jauregiaren parean, Espazioen defentsari epaiketarik ez! lelopean. Gaztetxeko ordezkariek jakinarazi dutenez, gainera, isunak iristen ari zaizkie eraikinetik aterarazi zituzten egunean identifikatutako pertsona gehiagori.

150 identifikatu

Iruñeko Lehen Instantziako 4. epaitegiak Arrotxapeko gaztetxea hartzen zuen eraikina husteko agindua eman zuen 2021eko abuztuko lehen egunetan, eta, luzamendutan ibili gabe, irailaren 2an burutu zuen prozesua Espainiako Poliziak, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren laguntzarekin. Espazioa hustu zuten, eta protesta egiten ari zirenen aurka oldartu ziren. Sei atxilotu, dozenaka zauritu eta 150 identifikatu inguru izan ziren operazioan. Atxilotutakoak aske utzi zituzten hurrengo egunean, kautelazko neurririk gabe. Kausa judiziala irekia zuten, ordea, gaur arte.

Gaztetxeko kideek emandako informazioaren arabera, aurretik, La Caixak, Iruñeko Udalak eta Juslaberri enpresak gaztetxearen aurkako salaketa jarri zuten, eta, epaiketa hiru aldiz atzeratu ondoren, iazko urtarrilean egin zuten. Salatu zutenez, «40.000 eurorainoko kostu judizialak» erreklamatzen zizkien akusazioak. Azkenean, akordio bat lortu zuten, kopuru hori murrizteko.

Iruñeko Udalak ohar bat bidali zuen hustearen hurrengo egunean, eta adierazi zuen eraikina hustu eta eraitsi ostean udalak «eremuaren urbanizazioa burutu» ahalko duela. Zehazki, etxebizitzak eraiki nahi dituzte, gaztetxearen eraikinean eta aldamenekoetan. Abandonatutako lantegi eta tailerrak dira gehienak, eta udala bera da horietako baten jabea.

Oharrean, baina, udalak aitortzen zuen hirigintza plan hori 2007an onartu zutela, duela hamalau urte. Azken hamarkadetan hutsik egon dira eraikin horiek, 2016ko irailean gazteak sartu ziren arte. Alegia, udalak hamarkada oso batez geldirik egondako plana berreskuratzeko asmoa du. «Jabedunek espazioa objektu soil bilakatu nahi dute kapitala metatzen jarraitzeko helburuarekin», salatu zuten gaztetxeko kideek irailaren 10ean egin zuten manifestazio jendetsuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.