Txile

Tiro egin dute airera Txileko gobernu berriaren Barne ministroak Wallmapura egin duen bisitan

Izkia Sichesek maputxeen komunitate batean hartu du babesa. Camilo Catrillanca, Txileko Poliziak tiroz hil zuen gaztearen aita, berarekin zegoen tiro egin dutenean.

Izkia Siches eskuinean, maputxe talde batekin. TXILEKO BARNE MINISTERIOA
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 15a
15:39
Entzun

Txileko Gobernuak ez du itxaron nahi izan maputxeek euren lurraldean duten gatazkari heltzeko, eta Izkia Siches Barne eta Segurtasun ministro izendatu berria Wallmapura joan da aste honetan bisitan. Gaur arratsaldean, ordea, Temucuicuiko maputxeen komunitatera zihoala, ezezagun batzuek tiro egin dute airera, eta bertan behera utzi behar izan du bere agenda. Komunitate horretan bertan hartu du babes.

Temucuicuin Marcelo Catrillancarekin zen biltzekoa Siches. Camilo Catrillancaren aita da hori. Txileko Poliziak hil zuen Camilo, 2018ko martxoan. Azken urteetan areagotu egin da maputxeen eta Txileko Poliziaren arteko gatazka, eta Boricen gobernuaren zeregin nagusien artean dago gatazka hori bideratzea.

Tiroak entzun direnean, Catrillanca Sichesekin zegoen. Zenbait hedabidek esan dutenez, hainbat bide ere itxi dituzte. Gertatutakoaren ondoren, Catrillancak esan du bisita inprobisatu egin dutela, eta gertatutakoa komunitateko kideen artean hitz egin beharreko zerbait dela. «Ministroa agurtu nahi dut, gobernuak asmo onak dituela uste dudalako, eta horri balioa ematen diogula», adierazi du, baina ondoren gaineratu du maputxeak ez direla Txileko gobernuetaz fidatzen.

Camila Vallejo Txileko Gobernuko bozeramaileak gertatutakoaren berri izan ondoren esan du badakitela Wallmapuko komunitateekin ez dela erraza izango elkarrizketaren bidea, baina bide zuzena hori dela gaineratu du.

Elkarrizketa prozesu bat hasi du Gabriel Boricen gobernuak Wallmapun, urteetako gatazkari konponbidea jartzeko asmoz. Siches da gobernuak izendatu duen taldearen buru, eta berarekin dira talde horretan Maya Fernandez Allende Defentsa ministroa, Juan Carlos Garcia Lan Publikoetakoa, Jeanette Vega Gizarte Garapenekoa, Marco Antonio Avila Hezkuntzakoa eta Maria Begoña Yarza Osasun ministroa. Wallmapura egin duen bidaian Sichesekin da Ricardo Yañez Txileko Poliziaren zuzendari nagusia.

Europarrak euren lurretara iritsi zitzaizkienetik izan dira baztertuak maputxeak, eta 1990eko hamarkadan, Pinocheten diktaduraren ostean, euren ikurrak, hizkuntza eta identitatea berreskuratzeko antolatu ziren. Azken urteetako gatazkak, baina, 1996. urtean du abiapuntu. Urte horretan, Lafkentxe Lurralde Koordinakundea sortu zuten maputxeek, eta euren eskakizunak lortzeko legearen gainetik jardutea erabaki zuten. 1997ko urtarrilaren 1ean hiru kamioi erre zituzten.

Euren lurrak itzultzea eta autonomia eskatzen dute, eta estatuaren kontrako borrokan protesta baketsuak, okupazioak eta sua eragiteko bonbak erabili dituzte, jabetza pribatuen, publikoen eta Eliza katolikoaren ondasunen kontra. Txileko Polizia bortizki jazarri zaie (Sebastian Piñerak 2018an Kolonbian terrorismoaren kontra borrokan ikasitako poliziak bidali zituen Wallmapura), eta azken urteetan talde paramilitarrak ere sortu dira maputxeei jazartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.