Arrazakeria

Poliziari eraso egitea egotzi diote 2020ko itxialdian San Frantzisko kalean semea babestera joan zen emakumeari

Babesa adierazi diote hainbat herritarrek Bilboko epaitegien aurrean.

Goizean Bizkaiko SOS Arrazakeriak deitu duen kontzentrazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko martxoaren 16a
12:35
Entzun

Azkar zabaldu zen bideoa sare sozialetan. 2020ko martxoaren 29an, Bilboko San Frantzisko kalea erakusten zuten irudiek, itxialdi betean. Kalean zebilen gazte bati kontu eske joan zitzaizkion Ertzaintzako hainbat kide, eta hura babestera jo zuen haren amak, bere semea zela esanez eta buruko gaitz bat zuela abisu emanez. Polizietako bat haren aurka oldartu zen, ordea, eta borrarekin jo zuen. Ertzainek lesio arinak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dizkiote emakumeari, eta gaur hasi da haren aurkako epaiketa, Bilbon. Hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute emakumeari babesa adierazteko eta sakonean arrazismo kasu bat dela salatzeko.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak deitu du elkarretaratzera, eta Kokoteraino gaude polizia arrazakeriaz. Inpunitaterik ez zioen pankartaren atzean bildu da jendea. Emakumeak ere salaketa jarria du ertzainaren aurka, eta datu hori hartu du gogoan Alba Garcia Martin SOS Arrazakeriako kideak. «Berriro ere salatzen dugu Poliziak duen patroia. Salaketa daukaten bakoitzean kontrasalaketa bat egiten dute», adierazi du. «Gainera, are mingarriagoa da atxiloketaren bideoa grabatuta dagoenean».

Lesio delitu arin bat eta legez kanpoko atxiloketa egotzi dizkio emakumeak poliziari, zehazki. Baina, arrazakeriaren aurkako elkarteak jakinarazi duenez, oso gutxitan lortzen dute poliziak epaiketa batean akusatuta egotea. Eta horrek ere kasua esanguratsu egiten duela diote.

SOS Arrazakeriako Karen Brunel ere izan da kontzentrazioan. Polizia inpunitatea salatu du hark ere. Epaiketa justua izatea nahi lukeela dio, baina ez litzatekeela harrituko emakumearen kontrako epaia irtenez gero. Elkarteko kidearen hitzetan, izan dituzten antzeko kasuetan orain arte ez baitute inoiz lortu epaileak polizia zigortzerik. Itxaropena dauka oraindik: «Aldeko epai batek adieraziko luke justizia benetan dagoela egiaren alde, eta biktima nor den aintzat hartzearen alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.