Energia

Espainiako Gobernuak martxoaren 29rako agindu ditu argindarra, erregaia eta gasa merkatzeko neurriak

Ez du azaldu zehazki zer egingo duten, baina «estatu laguntzak, zerga jaitsierak eta gehienezko prezioak» aipatu ditu.

Gasolina ia bi euroan, Madrilgo gasolindegi batean. EMILIO NARANJO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 16a
13:11
Entzun

Gutxienez beste bi aste itxaron beharko dute Hego Euskal Herriko biztanleek energia garestiaren aurkako neurri sakonak ikusteko. Espainiako Gobernuak martxoaren 29ko ministroen kontseiluan hartuko ditu zenbait neurri, Felix Bolaños Lehendakaritza ministroak oposizioko alderdiekin bildu ondoren azaldu duenez.

Ez du askorik zehaztu, soilik «estatu laguntzak, zerga jaitsierak eta gehienezko prezioak finkatzea» izango direla. Zehaztapenik ezaren arrazoietako bat da neurri horietako batzuek Europako Batasunaren onespena behar dutela, eta hark oraindik ez dituela irizpideak argitu. Datorren astean Europar Kontseiluan bilduko dira EBko gobernuburuak, eta horretan eztabaidatuko dituzte.

Neurrien artean izango da gasak ez baldintzatzea argindarraren prezioa. Europa iparraldean jarraitzaile asko ditu oraingo sistemak, argindar konpainiei pizgarria ematen dielako energia berriztagarrietan inberti dezaten. Baina hegoaldeko hainbat gobernu presio egiten ari dira gasak pisu txikiagoa izan dezan azken prezioan.

Europako Batasunaren adostasuna iritsi gabe erregaien prezioa jaisteko zenbait erabaki hartu dituzte jada estatu kide batzuek, haien artean Frantzia. Horrela, Jean Castex lehen ministroak iragarri du apirilaren 1etik aurrera ezantza eta gasolioa hamabost zentimo merkatuko dituela. Ordaintzerakoan egingo da deskontua, gasolindegiko kutxan edota erregai hornigailuan, eta, beraz, erosleak ez du ikusiko hasieran. Bezeroei deskontatutako dirua banatzaileei gero emango die estatuak.

Madrilek, berriz, erregaiek ordaintzen duten zerga jaistea du aukeren artean. Gasolinari dagokionez, 473 euro zergapetzen ditu 1.000 gasolina litroko (0,47 euro litro bakoitzeko); Europako zuzentarauak 359 euroan jartzen du gutxieneko tasa. Gasolioan tarte txikiagoa dago: 379 euroan dago, eta Europako minimoa 307 eurokoa da.

BEZa murriztea zailagoa litzateke, Madrilek Bruselaren baimena behar baitu horretarako. Izan ere, gasolina, orain arte behintzat, gehienezko tasan zergapetu behar diren ondasunetan sartzera behartzen du Europak, eta Espainiako Estatuan %21ekoa da. Gogoratu behar da, gainera, BEZaren zergaren zati bat Europako Batasuna finantzatzeko erabiltzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.