Gernikako Estatutua

Gizarte Segurantzaren transferentzia egingarria dela uste du Jaurlaritzak

Erkorekaren arabera, ate bat zabaldu du gutxieneko diru sarreraren eskumena jaso izanak. Nafarroako Gobernuak ere «aurki» izango du. Jaurlaritzak 187 milioi aurreztu ahal izango ditu bere aurrekontuetan.

Isabl Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroa eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea elkar agurtzen, asteazken honetan. VICTOR CASADO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 16a
17:42
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «tabu» bat hautsi da bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentziarekin —IMV, gaztelerazko laburduran—: Espainiako Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra deiturikoa ukiezina dela dioen ideiarena. «Egiaztatu dugu negoziatu eta adostu daitekeela, eta urrats eraikigarriak egin daitezkeela, ezer hautsi gabe, tabua izan den gai batean: Gizarte Segurantzan».

Hitz horiekin mintzatu da Josu Erkoreka lehendakariordea, asteazken honetan Madrilen eginiko ekitaldian. 2020ko ekainetik dago indarrean bizitzeko gutxieneko diru sarrera, eta ordutik negoziatzen aritu dira bi gobernuak; gaur ofizialdu da akordioa. Gernikako Estatutuan jasota dago Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa, baina Madrilgo gobernuak beti ukatu du transferentzia hori. Jaurlaritzak uste du bizitzeko gutxieneko diru sarrerarenak ate bat zabal dezakeela.

Gaurko ekitaldian, Espainiako Gobernuak ez du aukera hori aipatu, baina «konpromisoa» agertu du estatutua «ahalik eta gehien» garatzeko. «Sanchez presidente denetik, 11 transferentzia eskualdatu ditugu. Aurreko gobernuak, zero», azpimarratu zuen Isabel Rodriguezek, Lurralde Politikako ministroak. Gaineratu zuen Jaurlaritzak bezala Nafarroako Gobernuak ere «aurki» izango duela bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskumena.

Gernikako Estatutuan jasota dauden hogei bat eskumen falta dira oraindik eskualdatzeko. Jaurlaritzaren arabera, orain proposamen zehatzak daude Espaniako Gobernuaren mahaiaren gainean: trenbide garraioarena, itsasertzaren kudeaketarena edo portuena, meteorologiaren eta zinematografia babesteko funtsarena. Elkarrizketak «motel» doazela aitortu du Erkorekak, eta «azeleragailua sakatu» behar dela azpimarratu du.

DSBEarekin osagarria

Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentziarekin, Jaurlaritzak diru laguntza horren espedienteak tramitatuko eta ordainduko ditu, eta kontzertuaren bidez finantzatuko da: Gasteizko gobernuak bere aurrekontuen kargura ordainduko ditu laguntzari dagozkion zenbatekoak, eta diru hori deskontatuko du Madrili urtero ordaintzen dion kupotik: aurten 187 milioi euro izan daitezkeela kalkulatu dute, baina gehiago ala gutxiago izan daiteke, eskubide subjektiboa delako eta baldintzak betetzen dituzten guztiek jaso ahal dutelako.

Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 29.359 pertsonak jasotzen zuten gutxieneko diru sarrera abenduaren hasieran. Hilean 470 eurokoa da bakarrik bizi den heldu batentzat, eta, gehienez, 1.034 eurokoa bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago dituen familia batentzat. DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin osagarria: Madrilen kontura joango da bizitzeko gutxieneko diru sarrerari dagokiona, eta Lanbideren kontura DSBEan osatzeko gelditzen den zatia. Hortaz, Jaurlaritzak DSBEaren zati bat aurreztuko du horrela.

Iritsi berri direnentzat diru laguntza bakarra izan ohi da gutxieneko diru sarrera: Espainian legez bizi izandako urte bakarra egiaztatuz eska daiteke; DSBEa jasotzeko, berriz, hiru urteko errolda behar da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Hala, gerta daiteke herritar batzuek soilik bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzea. Dena den, gehienek —hamarretik zortzik— biak jasotzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.