Industria

Emakumeek industriako lanpostuen %18,2 bakarrik betetzen dituzte

Bizkaiko Aldundiaren ikerketa baten arabera, emakume horien %12,2k bakarrik lan egiten dute ekoizpen zuzenean. Metalgintzaren salerosketa da emakume gehien kontratatzen dituen sektorea (%36).

Emakume bat papertegi batean lanean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 17a
12:21
Entzun

Industria sektore maskulinizatua zela gauza jakina zen, baina Bizkaiko Aldundiak kopurua jarri dio gizonek eta emakumeek betetzen dituzten lanpostuen desorekari. Bizkaiko industrian diharduten langileen %18,2 bakarrik dira emakumeak. Sakonago aztertuta, jardunean ere bada desoreka, emakume gehienek administrazioan egiten dutelako lan (%31), eta %12,2k bakarrik dihardute ekoizpen zuzenean.

Aldundiak lagin handia aztertu du, guztira 20.000 langile dituzten 311 enpresari luzatu baitie inkesta. FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak antolaturiko Emakumeak eta industria jardunaldien laugarren ekitaldian eman du ondorioen berri. Azpisektorekako entresaka eginez gero, metalgintzako zerbitzu eta salerosketa da emakume gehien kontratatzen dituena (%36), material elektrikoaren eta elektronikoaren ekoizpenaren aurretik (%20,9). Beste muturrean dago trokelgintzaren sektorea: %3,6.

Ardurei dagokienez, desoreka ere agerikoa da. Industria sektorean lan egiten duten emakumeen %30,8k bulegotan, administrazioan eta eskulan ez zuzenean dihardute. Bigarren lanposturik ohikoena erdi mailako ardura postuena da (%25,9). Aldiz, ekoizpen zuzenean dihardutenak %12,2 baino ez dira. Bi datu orokorrak uztartuz gero, datu deigarria azaleratzen da: Bizkaiko industrian diharduten emakumeen %2,2k bakarrik lan egiten dute tailerretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.