Futbola

Mikel Oiartzabalek agur esan dio denboraldiari

Ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta gutxienez sei hilabete eman beharko ditu jokatuko gabe.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 17a
18:53
Entzun

Albiste txarrak Realean. Talde txuri-urdinak jakitera eman duenez, Mikel Oiartzabal kapitainak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta gutxienez sei hilabete eman beharko ditu jokatu gabe. Klubak ezagutarazi duenez, datozen asteetan egingo diote ebakuntza. Goizeko entrenamenduan hartu du min, nahigabeko jokaldi batean.

Jokalariak berak sare sozialetan mezu bat zabaldu du. "Futbolari batek nahi ez duen momentua iritsi zait. Zaila da barneratzen. Baina une honetatik helburu bakarra dut: indartsuago itzultzea. Mila esker babesarengatik". Realak ere babes mezua zabaldu du kapitainarentzat: "Gutako bat. Gure hamarra. Duela urtebete zerua ukitu genuen zure golarekin. Hau harri bat baino ez da zure ibilbidean. Indartsuago itzuliko zara, eta zure ondoan egongo gara". Oiartzabalek penaltiz sartutako gol batek eman zion Realari Espainiako Kopako titulua iazko apirilaren 3an, Athleticen aurka, Sevillan.

Talde txuri-urdina Europarako borrokan ari da bete betean, eta kolpe gogorra da, kapitaina izateaz gain, funtsezko jokalaria izaten ari baitzen, eta ezingo du jokatu liga amaitzeko falta diren 10 jardunaldietan. Taldeari kostatzen ari zaio denboraldi honetan golak egitea, eta hura zen taldeko golegile nagusia. Artean 33 partida zituen jokatuak sasoi honetan, eta hamabost gol sartu. Jokalariak 279 partida daramatza jokatuta Realarekin, 79 gol sartu ditu eta 49 asistentzia banatu.

Igandean, Alavesen aurkako partidan, Imanol Alguacilek ez zuen hasieratik jarri, min hartuta egon baitzen aste osoan zehar. Bigarren zatian atera zuen. Aste honetan normal ari zen entrenatzen, nahigabeko jokaldia iritsi den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.