Katalunia

Katalunian amnistia eta autodeterminazioa lortzeko lantaldea hilaren 30ean osatuko dute

Lantaldea Juntsek, ERCk eta CUPek iragan udazkenean sinatutako akordioaren barruan sortua da. Datorren irailera arteko prozesu bat abiatuko dute.

jarraia210968.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko martxoaren 17a
19:24
Entzun

Asmorik bazela jakina izan arren, bi asteren buruan izanen da errealitate, azkenik. ERCk, CUPek eta Juntsek adostutako autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko gizarte itunean jaso gisan, helburu horretara bideratutako lantalde berezitu bat sortuko dute aurki Katalunian. Akordioan bildutakoei eutsiz, autodeterminazioari eta amnistiari begirako akordio sozial, zibil eta bateratu bat sustatzea izanen du xede lantalde horrek. Halaber, dagoeneko jakinarazi dute nor izanen diren sustapen taldeko kide: David Fernandez, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Marina Geli, Ozgur Günes Öztürk eta Marina Llansana.

Martxoaren 30ean eratuko dute taldea ofizialki, eta, hori horrela, biharamunean, apirilaren lehenean ekinen diote zereginari. Prozesu bat abiatuko dute, eta, zehazki, irailaren bukaerarako zehaztu dute bide horren bukaera, urriaren 1arekin bat egiteko. Erreferendumaren bosgarren urteurrenarekin, hain zuzen ere.

Hala, lantalde berriko kideek dagoeneko zehaztuak dituzte datozen hiletarako asmoak, egutegiak eta bide orriak. Apirilaren 1ean aletuko dituzte publikoki, Kataluniako Kazetari Elkargoaren egoitzan eginen duten prentsaurreko agerraldian, Bartzelonan. Hala eta guztiz ere, aurreratu dute apirilaren hondarrean bilera batera deituko dituzte zenbait eragile sozial, ekonomiko, kultural eta politiko, auziaz mintzatzea xede.

Jendearen eskeei erantzuteko

Berriki argitaratutako oharrean oroitarazi dutenez, lantalde horren sorrera ez da hutsetik sortua; asmoak lehendik ziren bizirik, eta, are, lehenbiziko pausoak iragan udazkenean hasi ziren ematen, azaro partean. Hala, azaldu dutenaren arabera, partaideen arteko elkarrizketa eta bilerak «modu diskretuan eta pazientziaz» egin dira azken hilabeteotan, eta, azkenik, erdietsi dute lanari lotzeko proposamen bat ontzea. Lantaldearen sustatzaile nagusi izan diren ERCk, Juntsek eta CUPek konpromiso argi bat azaldu dute organo horretan gailendu beharko denaren gainean: hitzeman dute hiru alderdien arteko ika-mikek ez dutela eraginik izanen.

Halaber, azaldu dutenez, helburu beraren alde lan egiteko prest den ahalik eta jende gehien bildu nahi du lantaldeak: «Sinetsita gaude gizartearen gehiengoak bat egiten duela eskatzen ditugunekin. Gehiengoak dagoeneko egin izan ditu eske horiek, sendo eta etengabe. Oraindik ere ari dira horiek galdegiten, eta berdin eginen dute aurrerantzean ere, errepresioak segitu bitartean». Hain zuzen ere, oharrean gogora ekarri dute zortziehun auzibide zabalik direla oraindik ere, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.