Hezkuntza ituna

Otxandianok esan du murgiltze ereduak ezarri beharko direla, ituna bete dadin

EH Bilduk uste du «hizkuntza ereduen paradigma gainditu» dela, nahiz eta nabarmendu duen hezkuntza itunaren akordioan jasotakoa bete dadin ebaluazio jarraitua beharko dela. Bildarratzek gezurtatu egin du hizkuntzarena adostasunerako korapilo nagusia izan dela.

Legebiltzarkideak bilduta, atzo, hezkuntza lege berriaren oinarria adosten. EDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 19a
17:50
Entzun

Negoziazio luzeen ostean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berrirako akordioa erdietsi zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EB-IUk, atzo iluntzean. Besteak beste, adostu dute eskolaratzea bukatzean ikasle denek euskararen B2 maila izan beharko dutela, eta, hori lortzeko, ikastetxeek planak egin beharko dituztela. Bada, gaur, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendariak adierazi du helburu horretara iristeko «ezinbestekoa» izango dela «ikastetxe proiektuetan euskara ardatz duen murgiltze ereduak ezartzea». Halaber, nabarmendu du ikastetxe bakoitzeko «egoera soziolinguistikoa» kontuan hartu beharko dela: «Hau da, etxetik euskara gutxi dakarrenari baliabide gehiago jarri beharko zaizkio. B2 mailara heltzeko, ezinbestekoa izango da planteamendu horri heltzea».

Otxandianok aitortu du akordioan «murgiltze eredua» ez dela geratu jasota eta irakaskuntza prozesuan beste hizkuntzak ere erabiliko direla. Hala ere, «hizkuntza ereduen paradigma gainditu» egin dela esan du, eta «oso garrantzitsutzat» jo du B2 maila lortu beharra akordioan egotea. Gainera, azaldu du EH Bilduk egindako zuzenketa bati zor zaiola.

Hizkuntzaren gaian eta gainerakoetan «ikastetxeetan gauzak ondo egiten direla» ziurtatzeko, «ebaluazio eta autoebaluazio mekanismoak» jarri beharko direla ere gogorarazi du Otxandianok, eta Hezkuntza Sailak jarraipena egin beharko duela. «Ikastetxeak deszentralizatuta egongo dira, baina administrazioak rol garrantzitsua izango du», adierazi du. EH Bilduren Mahai Politikoak adostutakoari buruzko balorazioa egingo du astelehenean, eta ituna oinarriek berretsi beharko dute, gaur zortzi.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere aritu da akordioaz, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Hark, ordea, garrantzia kendu dio hizkuntzaren gaiari. Atzoko negoziazioetan korapilo nagusietako bat izan zela zabaldu bazen ere, sailburuak ukatu egin du hala izan zela. Eztabaida nagusia «2034ra arteko ekintza zehatzetan» egon zen, haren esanetan. Hizkuntzaren auzia «oso argi eta nahiko itxita» dagoela nabarmendu du, eta azaldu du «ikastetxeak gaituko eta ahaldunduko» direla, betiere, ikaslea «ardatza» izanik. Hala, esan du zentro bakoitzak bere proiektu linguistikoa zehazteko ahalmena izango duela, eta, edozein kasutan, ikasleari itunean jasotako euskara maila ziurtatu beharko zaiola ikasketak amaitzean.

Klase segregazioa erauzteko hartutako neurrien gainean ere aritu da sailburua: «Euskadiko zentro guztiek, funts publikoekin funtzionatu ahal izateko, erantzukizun berberak hartu beharko dituzte beren gain». Zehaztu du administrazio publikoak portzentaje bat ezarriko duela, ikastetxe bakoitzak «zaurgarritasun desberdinei» tokia egin diezaien. Hezkuntza sistemaren oinarria eskola publikoa dela gaineratu du, baina, betiere, «itunpeko ikastetxeak osagarri» izanik.

Epe motza eta luzea

Bildarratzen arabera, bi zati ditu bezperan sinatutako akordioak. Batetik, «oinarri eta lerro oso orokorrak» zehaztu zituztela azaldu du, eta, bestetik, datozen urteetarako hainbat «aspektu eta elementu» definitu zituztela, eta, are, 2034ra arteko egutegia ere egin zutela. Hain zuzen, garrantzia eman dio talde parlamentarioek «ikuspegi eta etorkizunerako konpromiso hori» partekatu izanari. Epe hurbilagoei ere erreparatu die, eta adierazi du hezkuntza lege berria 2023ko udaberrirako martxan izatea espero duela.

Bildarratzek esan du sinatu duten lau indar politikoena dela akordioa, eta bereziki nabarmendu du EH Bilduk eta EP-IUk egindako «ahalegin handia», oposizioko indarrak izanik. Esan du «paisaia politikoan ezohikoa» dela parlamentarien %90,6 itunera atxiki izana, eta horrek «zer pentsatua» eman behar lukeela. ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek heldu den ostiralerako deitua duten grebari erreferentzia egin die, hala. Deialdia berriz aztertzeko eskatu die sindikatuei. Akordioak parlamentuaren gehiengo handi baten babesa izanik, «kontraesan handia» litzateke greba, sailburuaren esanetan.

PSE-EEko legebiltzarkide Alfonso Alonso eta EP-IUko Isabel Gonzalez ere pozik agertu dira adostutakoarekin, eta biek ere hezkuntza publikoak itunean duen lekua nabarmendu dute. Alonsoren esanetan, eskola publikoa izango da «ardatza», eta, aldi berean, ez da elikatuko «zentro pribatuekin dagoen gatazka». Ikastetxe publikoak «eremu guztietan indartuko» dira itunaren ondorioz, Gonzalezen ustez.

Sindikatuak, neurritsu

Indar politikoek baino lehenago lortu zuten adostasuna sindikatuek, hala ere, eta grebara deitua dute hurrengo ostiralerako. Eusko Legebiltzarrean adostutako zirriborroarekin bat ez datozela nabarmendu zuten deialdian ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk, ezta ituna egiteko erabilitako prozedurarekin ere. Hezkuntza legea zedarrituko duen akordioa aztertzeko prest agertu dira, dena den.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Irati Tobar LABeko irakaskuntzako arduradunak onartu du testuingurua «berria» dela, eta, ondorioz, egoera baloratu eta erabakiak hartu beharko direla. Sindikatuen arteko batasuna nabarmendu du, halaber: «Akordio batzuk erdietsi ditugu oso desberdinak garen sindikatuen artean». Nagore Iturriotz Steilaseko kideak azpimarratu du ondo aztertu beharko dela akordioak zer jasotzen duen, balitekeelako «kontraesanak» izatea, edo «eduki berdinentzat neurri osagarriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.