Ukrainak baztertu egin du Errusiaren eskea: oraingoz ez du Mariupol entregatuko

Ordu txikietan amaitu da Moskuk Kievi bidalitako ultimatuma: galdegin dio hiritik atera dezala armada, baldin eta bertako zibilak ebakuatu nahi baditu. Turkiak esan du bi aldeak «akordio batetik gertu» daudela gerra eteteko.

Mariupol hiria, goitik ikusita. MAXAR TECHNOLOGIES HANDOUT, EFE
Uxue Rey Gorraiz - Ander Perez Zala
2022ko martxoaren 21a
10:18
Entzun

«Atzeranzko urratsez betetako dokumentua da, erokeria bat». Ukrainako Gobernuak ez du begi onez ikusi berriki Errusiak helarazitako ultimatuma, eta, argitu dutenez, inolako asmorik ez dute hari baiezkoarekin erantzuteko. Hain zuzen ere, Moskuk Ukrainari eskatu dio Mariupoldik atera ditzala indar armatuak, kanporatu ditzala tropak, eta Errusiaren esku utz dezala hiria, guztiz. Zortzi orrialdeko dokumentu batean bildu du eske hori Errusiak, eta, zehaztu dutenez, hori eginez gero baizik ez dute bermatuko korridore humanitarioen irekiera. Kievek esan du hori «manipulazioan» oinarritutako eskea dela, eta uko egin dio baldintza hori betetzeari; gaurko ordu txikietan amaitu da Moskuk finkaturiko epemuga.

Ukrainako Gobernuko lehen ministrorde Irina Verextxuken esanetan, Moskuk mezu bera bidali die NBE Nazio Batzuen Erakundeari eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari. Lehen ministrordearen iritziz, Moskuk lortu nahi du nazioarteko erakundeek Ukrainari presio egitea, Mariupolen gaineko guztizko kontrola lortzeko horrela –Errusiako armadak bi aste baino gehiago daramatza Mariupol setiatzen–. Verextxukek ohartarazpena egin du, baina: «Halakorik ez da gertatuko».

Ikusi gehiago: Errusiak bere helburu nagusietako bat lortu du: Azoveko itsasoaren kontrola

Hala, Kievek beste eske batekin erantzun dio Moskuri. Exijitu du «berehala» ireki daitezela korridore humanitarioak Mariupolen, Zaporizhiarako bidea egiteko, «armak utzi beharra eskatzen duen inolako baldintzarik jarri gabe». Verextxukek gerora jakinarazi du zortzi bide irekitzeko akordioa egin dutela Errusiako armadarekin, baina horietan ez dago Ukraina hegoaldeko hiri hori.

Eta badirudi Errusiako armadak oraindik denbora asko beharko duela Mariupolen kontrola bereganatzeko. Hala aitortu du Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikako buruak ere; hark, behintzat, ez du uste hain azkar lortuko dutenik: «Bi egunen, hiruren edo astebeteren buruan konponduko dela auzia... Ni ez naiz hain baikorra. Tamalez, ez da horrela izango. Hiri handi bat da».

Kiev hiriburuan, berriz, hango alkate Vitali Klitstxkok iragarri du beste etxeratze agindu bat jarriko dutela indarrean, eta neurri horrek 35 ordu iraungo duela; zehazki, gaurko 19:00etatik etziko 06:00ak arte —Euskal Herriko orduak dira horiek—.

Fronte politikoan, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk atzo jakinarazi zuen Ukrainako eta Errusiako gobernuen ordezkariak aurrerapausoak ematen ari direla gerra eteteko negoziazioetan, eta bi aldeak «akordio batetik gertu» daudela Antalyan (Turkia) izaten ari diren elkarrizketetan.

«Noski, ez da erraza ados jartzea gerrak iraun bitartean, zibilak hiltzen dituzten bitartean, baina gustatuko litzaiguke esatea momentum-a irabazita dagoela», esan zuen Cavusogluk elkarrizketez.

Hurriyet egunkariari emandako elkarrizketa batean, berriz, Ibrahim Kalin presidentetzako bozeramaileak xehetasun gehiago eman ditu negoziazioez. Zehazki, azaldu du Mosku eta Kiev sei punturen inguruan ari direla hizketan: Ukrainaren neutraltasunaz, armagabetzeaz eta segurtasun bermeez, «desnazifikazioaz», Ukrainan errusieraren erabilerak dituen oztopoak kentzeaz, Donbassen estatusaz eta Krimearen egoeraz.

Turkiako Gobernuaren arabera, Ukrainaren eta Errusiaren ordezkariek azken bi puntu horietan dituzte zailtasun handienak ados jartzeko. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esana du ez duela Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortuko, ezta Krimea Errusiaren parte dela ere.

Ukrainako estatuburuaren arabera, gerra eteteko negoziazioek arrakasta izateko modurik egokiena hura Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartzea da, baina Kremlinek gaur adierazi du oraindik ez dituztela «nahikoa aurrerapauso» eman Antalyako elkarrizketetan.

Biden, Poloniara

Joe Biden Europara joatekoa da datozen egunotan, hango agintariekin biltzeko. Ostegunean NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileran parte hartuko du, baita egun horretan eta ostiralean egingo duten Europar Kontseiluan ere. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, ostiralean Polonian ere izango da, hango estatuburu Andrzej Dudarekin batzartzeko.

Zehazki, bi agintariek eztabaidatuko dute bi herrialdeak nola ari diren erantzuten Errusiaren Ukrainako inbasioak eragindako «giza eskubideen krisiari», baita «krisi humanitarioari» ere; Ukrainatik atera diren errefuxiatuen erdiak baino gehiago Poloniara joan dira, Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera.

Bilera sorta horren aurretik, Washingtonek azaldu du Biden Frantziako presidente Emmanuel Macronekin, Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin, Italiako lehen ministro Mario Draghirekin eta Erresuma Batuko gobernuburu Boris Johnsonekin mintzatuko dela, gaur.

Macron eta Sanchez ere Eliseoan biltzekoak dira gaur arratsaldean, horiek ere Ukrainako aferaz aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.